Parte hartze marka guztiak hautsiko ditu aurtengo Ehunmiliak ultratrail probak
Aurten inoizko parte hartzaile kopururik handiena izango dute Ehunmiliak eta Goierriko 2 Handiak mendi lasterketek. Izan ere, 500 laguneko mugara iristea lortu dute, bi probetan parte hartuko duten korrikalariak kontuan izanda. Aurreko urteetan ez bezala, aurten gehienek G2H probaren aldeko aukera egin dute, seguruenera, 84 kilometroko ibilbideak ere nahikoa zailtasun baduelako. Proba handian berriz, 166 kilometrokoan, 197 lagunek parte hartuko dute, eta Goierriko Bi Handietan, 300 lagunek. Azken hori izan da aurten igoera nabarmena izan duena. Aurten hirugarren urtea beteko du mendi lasterketa horrek, eta antolatzaileen ustez, «proba egonkortzen» ari da. Parte hartzaile kopurua da horren adibiderik garbiena. Mikel Valdibielso antolaketa taldeko buruaren ustez, «pixkanaka ari gara parte hartzaile kopurua igotzen. Aurten 500 korrikalari inguru izango ditugu, eta guretzako kopuru polita da». Kopurua ez ezik, lasterketaren maila mantentzea eta kanpoko jendea erakartzea dira beste helburuetako batzuk. «Jendeari entzunda, oso gustura daude probarekin, eta lortu behar duguna da, hemengo jendeaz gain, atzerriko jendea ere pixka bat inguratzea». Aurten esaterako, 30 bat atzerritarrek parte hartuko dute bi probetan. Horrek, «Euskal Herritik kanpora ere iristen asmatu dugula esan nahi du» Valbielsoren ustetan. Faboritoen arteko lehia Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten inoiz baino borroka handiagoa izango da lasterketaren aurrealdeko postuetan. «Badago talde bana, bai motzean eta bai proba luzean, gogor [...]
Aurten inoizko parte hartzaile kopururik handiena izango dute Ehunmiliak eta Goierriko 2 Handiak mendi lasterketek. Izan ere, 500 laguneko mugara iristea lortu dute, bi probetan parte hartuko duten korrikalariak kontuan izanda. Aurreko urteetan ez bezala, aurten gehienek G2H probaren aldeko aukera egin dute, seguruenera, 84 kilometroko ibilbideak ere nahikoa zailtasun baduelako. Proba handian berriz, 166 kilometrokoan, 197 lagunek parte hartuko dute, eta Goierriko Bi Handietan, 300 lagunek. Azken hori izan da aurten igoera nabarmena izan duena.
Aurten hirugarren urtea beteko du mendi lasterketa horrek, eta antolatzaileen ustez, «proba egonkortzen» ari da. Parte hartzaile kopurua da horren adibiderik garbiena. Mikel Valdibielso antolaketa taldeko buruaren ustez, «pixkanaka ari gara parte hartzaile kopurua igotzen. Aurten 500 korrikalari inguru izango ditugu, eta guretzako kopuru polita da». Kopurua ez ezik, lasterketaren maila mantentzea eta kanpoko jendea erakartzea dira beste helburuetako batzuk. «Jendeari entzunda, oso gustura daude probarekin, eta lortu behar duguna da, hemengo jendeaz gain, atzerriko jendea ere pixka bat inguratzea». Aurten esaterako, 30 bat atzerritarrek parte hartuko dute bi probetan. Horrek, «Euskal Herritik kanpora ere iristen asmatu dugula esan nahi du» Valbielsoren ustetan.
Faboritoen arteko lehia
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten inoiz baino borroka handiagoa izango da lasterketaren aurrealdeko postuetan. «Badago talde bana, bai motzean eta bai proba luzean, gogor jokatuko dutenak, eta estrategiak ere garrantzia izango du; korrikalariek elkar zaindu beharko dute aurrealde horretan».
Proba nagusiari dagokionean, kanpotik datozen hainbat izen aipatu dituzte. Horien artean Yanis Poveda venezuelarra, aurten Tenerifeko 160 kilometroko proba irabazi duena, edota Wolfgang Zingl austriarra, Mont Blanc-en laugarren egindakoa. Hong
Kongetik datorren Huyn Chang Chung eta Erresuma Batuko John Vernon ere aurreko postuetan ibiltzeko hautagaien artean daude. Bertakoetan berriz, Aleson eta Albisuri aipatu dituzte.
Ibilbide motzari dagokionean, «iazko podiumeko hiru korrikalariak» hor izango direla gogorarazi du Valdibielsok, baina baita Javi Dominguez ere, iaz Ehunmiliak proba irabazi zuena. Zurutuza eta Lasa ere hor izango dira, biak ere podiumeko postuak lortutakoak.
Emakumeen artean berriz, Jaione Sasieta ezkiotarraren lana goraipatu du Valdibielsok. «aurreneko bi edizioetan parte hartu du eta honetan ere ateratzekoa» baita. Aurten ere, «sorpresarik ezean», aurreneko hiruen artean ibiliko dela uste du. Emakumeei dagokionean, parte hartzeak gora egin duela nabarmendu dute antolatzaileek, eta horrenbestez, baita mailak ere.
Mendi lasterketak, indartzen
Ehunmiliak probaren aurkezpen ekitaldian izan zen Antton Burcio, Euskal Mendizaleen Federazioko mendi lasterketen arduraduna. Aurten hirugarren urtez proba antolatu dutelako «pozez zoratzen» dagoela azaldu zuen, eta federazioan, ez direla «horrelako probak babesteaz sekula nekatuko». Azken aldian, mendi lasterketak eta ultratrail probak «asko zabaltzen» ari direla esan zuen, eta bide horretan, EMFk «epe motzean mendi lasterketen inguruko raudi zehazt bat» osatzeko asmoa duela iragarri zuen. Horrekin batera, Euskal Herri mailako mendi lasterketen liga edo txapelketa bat osatzea litekeena dela esan zuen.