Ehunmilak 2012
Parte hartze markak hautsiz
Aurten inoizko parte hartzaile kopururik handiena izango dute Ehunmiliak eta Goierriko 2 Handiak mendi lasterketek. Izan ere, 500 laguneko mugara iristea lortu dute ia, bi probetan ariko diren korrikalariak kontuan izanda. Aurreko urteetan ez bezala, aurten gehienek G2H probaren aldeko aukera egin dute, seguruenera, 84 kilometroko ibilbideak ere nahikoa zailtasun baduelako. Proba handian, berriz, 166 kilometrokoan, 193 lagunek parte hartuko dute, eta Goierriko Bi Handietan, 302 lagunek. Azken hori izan da aurten igoera nabarmena izan duena.
Irakurri Goierriko Hitzak argitaratutako gehigarri berezia [.pdf]:
• Ehunmilak 2012 gehigarri berezia [2012-07-11]
Aurten hirugarren urtea beteko du mendi lasterketa horrek, eta antolatzaileen ustez, «proba egonkortzen» ari da. Parte hartzaile kopurua da horren adibiderik garbiena. Mikel Valdivielso antolaketa taldeko buruaren ustez, «pixkanaka ari gara parte hartzaile kopurua igotzen. Aurten 500 korrikalari inguru izango ditugu, eta guretzako kopuru polita da». Kopurua ez ezik, lasterketaren maila mantentzea eta kanpoko jendea erakartzea dira beste helburuetako batzuk. «Jendeari entzunda, oso gustura daude probarekin, eta lortu behar duguna da, hemengo jendeaz gain, atzerriko jendea ere pixka bat inguratzea». Aurten, esaterako, 30 bat atzerritarrek parte hartuko dute bi probetan. Horrek, «Euskal Herritik kanpora ere iristen asmatu dugula esan nahi du» Valvielsoren ustetan.
Faboritoen arteko lehia
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten inoiz baino borroka handiagoa izango da lasterketaren aurrealdeko postuetan. «Badago talde bana, bai motzean eta bai proba luzean, gogor jokatuko duena, eta estrategiak ere garrantzia izango du; korrikalariek elkar zaindu beharko dute aurrealde horretan».
Proba nagusiari dagokionean, kanpotik datozen hainbat izen aipatu dituzte. Horien artean Yanis Povea venezuelarra, aurten Tenerifeko 160 kilometroko proba irabazi duena, edota Wolfgang Zingl austriarra, Mont Blanc-en laugarren egindakoa. Hong Kongetik datorren Huyn Chang Chung eta Erresuma Batuko John Vernon ere aurreko postuetan ibiltzeko hautagaien artean daude. Bertakoetan, berriz, Aleson eta Albizuri aipatu dituzte.
• Ehunmilak 2012 gehigarri berezia [2012-07-11]
Ibilbide motzari dagokionean, «iazko podiumeko hiru korrikalariak» hor izango direla gogorarazi du Valdivielsok, baina baita Javi Dominguez ere, iaz Ehunmiliak proba irabazi zuena. Zurutuza eta Lasa ere hor izango dira, biak ere podiumeko postuak lortutakoak.
Emakumeen artean, berriz, Jaione Sasieta ezkiotarraren lana goraipatu du Valdivielsok. «Aurreneko bi edizioetan parte hartu du eta honetan ere ateratzekoa da». Aurten ere, «sorpresarik ezean», aurreneko hiruen artean ibiliko dela uste du. Emakumeei dagokionean, parte hartzeak gora egin duela nabarmendu dute antolatzaileek, eta horrenbestez, baita mailak ere.
Eskuratu ezazu sakelako telefonoetarako Ehunmilak aplikazioa:
• Informazio gehiago: Lasterketak.com
Aplikazio honek, korrikalariak kontrol guneetatik pasatu ahala, txipetatik hartutako denboraren informazioa eskainiko du.
Mendi lasterketak, indartzen
Ehunmiliak probaren aurkezpen ekitaldian izan zen Antton Burcio, Euskal Mendizaleen Federazioko mendi lasterketen arduraduna. Aurten hirugarren urtez proba antolatu dutelako «pozez zoratzen» dagoela azaldu zuen, eta federazioan, ez direla «horrelako probak babesteaz sekula nekatuko». Azken aldian, mendi lasterketak eta ultratrail probak «asko zabaltzen» ari direla esan zuen, eta bide horretan, EMFk «epe motzean mendi lasterketen inguruko araudi zehazt bat» osatzeko asmoa duela iragarri zuen. Horrekin batera, Euskal Herri mailako mendi lasterketen liga edo txapelketa bat osatzea litekeena dela esan zuen.
• Informazio gehiago: Lasterketak.com
Aplikazio honek, korrikalariak kontrol guneetatik pasatu ahala, txipetatik hartutako denboraren informazioa eskainiko du.
Gipuzkoako ikuspegirik ederrenak
Goierriko parajerik berezienak eta estimatuenak dira Txindoki eta Aizkorri. Horiek biak, eta Gipuzkoako beste hainbat tontor, zapaltzen dituzte urtero Ehunmiliak probako parte hartzaileek. Aurten ere, hiru eskualde eta zortzi menditan barrena egin beharko dute ibilbidea. Beasainen hasi eta bukatzen den ultratrail proba, Euskal Herri mailan egiten den mendiko probarik gogorrena da. Ibilbideak dituen 168 kilometroetan, 11.000 metroko desnibel positiboa gainditu behar dute korrikalariek. Aurten, hirugarren urtea beteko du proba honek, eta dagoeneko, bere tokia egiten ari dela esan liteke. Ostiral arratsaldeko seiretan hasiko da proba nagusia, Beasaingo irteeratik. Goierriko 2 Handiak proban parte hartzen dutenak, berriz, gauez abiatuko dira, 88 kilometroko ibilbideari aurre egiteko; irteera 23:00etan izango da.
Ehunmiliak probaren ibilbide nagusiari dagokionean, Beasaindik abiatuta, Usurbe mendira igoko dira aurrena; hori da, gainera, ibilbideak aurten izango duen berrikuntza nagusia. Handik aurrera, Mandubia, Izazpi eta Irimoko gainak igo beharko dituzte. Baina hori hasiera besterik ez da. Azpeitia aldera iritsi eta Erlo mendiari ekin beharko diote, Tolosalderako bidea hartu aurretik. Probaren erdibidea pasata, Abaltzisketatik gora igo eta Txindokira abiatuko dira. Etxegarateko eta Otzaurteko gainak atzean utzi ondoren, Aizkorriko bidea hartuko dute. Tontorrera igo ondoren, Andraitzetik behera jaitsiko dira mendiz, Zerainera arte. Lierniko gaina pasata, Ormaiztegi atzean utzi eta 168 kilometro egin eta gero, iritsiko dira Beasaingo helmugara.
Goierriko 2 Handiak probak, ibilbide nagusiaren azken zatia hartzen du oinarri, Txindoki eta Aizkorri lotzen dituen bidea eginez. Probaren berezitasun nagusia, Zaldibiatik Txindokirainoko ibilbidea gauez egiten dutela da.
Goierriko 2 Handiak ibilbidearen bigarren zatia:
Zaleen beharra
Horrelako proba gogor bati aurre egiteko, ezinbestekoa izaten da zaleen animoa eta berotasuna. Aurreko bi edizioetan, herrigune, mendibide eta gailur guztietan bildu izan dira animoak ematera joandako mendizaleak, bai egunez eta baita gauez ere. Horren jakitun, antolakuntzak ibilbideko punturik esanguratsuenetara joateko autobus zerbitzua jarri du, probak iraungo dituen hiru egunetarako. Zenbait tokitan gerta litezkeen auto pilaketak ekidin nahi dituzte horrela. Hala, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek.
Anoa guneak eta ‘Pasta Party’
Ibilbidean zehar, korrikalarientzako zortzi anoa gune egongo dira, zerbait jan, edan eta atsedena hartzeko. Gune horiek Etxegaraten, Oazurtzan, Mutiloan, Zumarragan, Gorlan, Azkaraten, Tolosan, Larraitzen eta Beasainen egongo dira. Bestalde, aurreko urteetan izandako «harrera ona» ikusita, aurten ere Pasta Party ekimena antolatu dute. Iaz bezala, Igartza jauregian elkartuko dira, ostiralean, 13:00etatik 16:00etara bitartean. Arroz entsalada, barazki menestra, pasta eta postrea emango dute. Korrikalarien laguntzaileek ere joan ahal izango dute, 5 euro ordainduta.
Ornitorrinco ekoiztetxeak egin duen dokumentala:
















