Irailean aurkeztuko dute terrazetako ordenantzaren behin behineko testua
Tabernetako terrazen ordenantza lantzeko parte hartze prozesuak bukatu du aurreneko fasea. Bi bilera egin dituzte orain arte: aurrenekoa, gaiaren inguruko arazoak identifikatzeko; eta bigarrena, ideiak bildu eta arazo horiei konponbideak emateko. Orain, udal arduradunek jasotako ideia guztiei forma eman eta ordenantzaren behin behineko testua prestatuko dute. Irailean egingo duten azken bileran, testu hori aztertu eta ekarpenak egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. Beasaingo Udalak aurten martxan jarri dituen parte hartze prozesuetako bat da terrazen ingurukoa. Prozesu horren bigarren bilera egin zuten atzo, Igartza jauregian, eta hamabost bat lagun elkartu ziren; tartean, udal ordezkariak, udaltzain burua, udal arkitektoa, Bareak merkatari elkarteko ordezkari bat eta zortzi tabernari –aurreneko bileran hamahiru tabernari etorri ziren–. Emun aholkularitza etxeak gidatuta ari dira bilerak egiten. Denis Elortzak saioaren aurretik azaldu zuenez, parte hartzaileei «gogoeta egiteko» eskatu zien, eta orri batean, aurreko bileran ateratako zenbait galderei erantzunak eta proposamenak idazteko. Ondoren, bi taldetan banatu eta gai horien inguruko eztabaida egin zuten. Elortzaren ustez, horrelako parte hartze dinamikak «beharrezkoak» dira eta udalen ardura da herritarren parte hartzea bultzatzea. Saio hauek «emankorrak» direla uste du, jendeari hasieran iritzia ematea kosta egiten bazaio ere, azkenean ideia eta proposamen onak ateratzen direlako. Terrazek eragindako arazoak Parte hartze prozesu horretako aurreneko bileran, tabernetako terrazek [...]
Tabernetako terrazen ordenantza lantzeko parte hartze prozesuak bukatu du aurreneko fasea. Bi bilera egin dituzte orain arte: aurrenekoa, gaiaren inguruko arazoak identifikatzeko; eta bigarrena, ideiak bildu eta arazo horiei konponbideak emateko. Orain, udal arduradunek jasotako ideia guztiei forma eman eta ordenantzaren behin behineko testua prestatuko dute. Irailean egingo duten azken bileran, testu hori aztertu eta ekarpenak egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.
Beasaingo Udalak aurten martxan jarri dituen parte hartze prozesuetako bat da terrazen ingurukoa. Prozesu horren bigarren bilera egin zuten atzo, Igartza jauregian, eta hamabost bat lagun elkartu ziren; tartean, udal ordezkariak, udaltzain burua, udal arkitektoa, Bareak merkatari elkarteko ordezkari bat eta zortzi tabernari –aurreneko bileran hamahiru tabernari etorri ziren–.
Emun aholkularitza etxeak gidatuta ari dira bilerak egiten. Denis Elortzak saioaren aurretik azaldu zuenez, parte hartzaileei «gogoeta egiteko» eskatu zien, eta orri batean, aurreko bileran ateratako zenbait galderei erantzunak eta proposamenak idazteko. Ondoren, bi taldetan banatu eta gai horien inguruko eztabaida egin zuten. Elortzaren ustez, horrelako parte hartze dinamikak «beharrezkoak» dira eta udalen ardura da herritarren parte hartzea bultzatzea. Saio hauek «emankorrak» direla uste du, jendeari hasieran iritzia ematea kosta egiten bazaio ere, azkenean ideia eta proposamen onak ateratzen direlako.
Terrazek eragindako arazoak
Parte hartze prozesu horretako aurreneko bileran, tabernetako terrazek sor ditzaketen arazoak identifikatzen saiatu ziren. Elortzak azaldu duenez, hutsune bat izan zuen lehen bilera hark, «ez baitzen kaltetutako merkatarien edota bizilagunen ordezkaririk etorri». Hala ere, arazo horiek identifikatzeko garaian, «tabernariek arazo horiek ikusteko ahalegina» egin zutela azaldu du.
Lehen bilera hartan identifikatutako arazoen artean daude terrazek okupatzen duten espazio kopurua, toldoen estetika eta bete beharreko arauak, kale garbiketarekin sortzen diren arazoak, kea eta zarata, edota tasak eta ordutegiak egokitzeko beharra.
Beste bi prozesu, laster
Beasaingo Udalak hainbat parte hartze prozesu jarri ditu martxan; tartean legealdiko planarena, terrazena edota Igartza multzoaren erabilerari dagokiona. Datozen hilabeteetan, ordea, gutxienez beste bi prozesu abiarazteko asmoa dute. Horietako bat, Antzizar kiroldegiaren atzealdeko musika lokalen ingurukoa izango da; bestea berriz, EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren ingurukoa. Parte hartze prozesu horiek denak martxan jartzeko, foru aldundiak helburu horrekin emandako dirulaguntzak erabiliko dira.