Loinatz klasikak afizionatu mailako ziklistarik onenak bilduko ditu 85. ekitaldian
Goierriko eta Euskal Herri mailako txirrindu probarik beteranoenetako batek, Loinatz klasikoak, 85 urte beteko ditu aurten. Igandean egingo dute elite mailako lasterketa, eta berrehun txirrindularik parte hartuko dute, 25 taldetan banatuta. Loinatz txirrindulari elkarteko arduradunen hitzetan, «estatu mailan eliteko rankingean aurreneko 40 postuetan dauden txirrindularietatik 31 hemen izango dira». Hori ikusita, aurreko postuetan «borroka handia» izango dela espero dute. Xabier Aldanondo Loinatz Txirrindulari Elkarteko lehendakariak, klasika aurreneko aldiz 1926. urtean antolatu zela azaldu zuen. «Hasiera hartan txirrindularitza taldea Beasain Kirol Elkartearen barruan zegoen, baina 1963an erabaki zen handik atera eta Loinatz elkartea sortzea». Datorren urtean, 50 urte beteko ditu elkarte horrek. Urte horietan guztietan, «txirrindulari ezagun askok» irabazi dute Loinatz klasika. Horien artean, txirrindulari historiko asko daude, hala nola Monterotarrak, Perurena, Machin, Nazabal, Gorospe, Cabestany eta Olano. Aurten ere, elite mailako tropelean dabiltzan txirrindularirik onenak Beasainen izango dira. Denera hogeita bost talde etorriko dira; 14 Euskal Herrikoak, zortzi Espainiakoak eta bi Herrialde Katalanetakoak. Azken taldea oraindik baieztatu gabe dago; «Galiziako talde bat gonbidatu dugu eta haren baieztapenaren zain gaude. Etorriko ez balira, Txileko selekzioa ekarriko genuke, haiek ere interesa agertu dutelako». Aurten, federazioak ezartzen duen gehienezko talde eta txirrindulari kopurua bete dute, berrehun lagunekoa, alegia. Faboritoei dagokionean, Euskal Herriko eta Espainiako txirrindularirik onentsuenak etorriko direla azaldu dute. «Espainiako Txapelketan lehen hiru [...]
Goierriko eta Euskal Herri mailako txirrindu probarik beteranoenetako batek, Loinatz klasikoak, 85 urte beteko ditu aurten. Igandean egingo dute elite mailako lasterketa, eta berrehun txirrindularik parte hartuko dute, 25 taldetan banatuta. Loinatz txirrindulari elkarteko arduradunen hitzetan, «estatu mailan eliteko rankingean aurreneko 40 postuetan dauden txirrindularietatik 31 hemen izango dira». Hori ikusita, aurreko postuetan «borroka handia» izango dela espero dute.
Xabier Aldanondo Loinatz Txirrindulari Elkarteko lehendakariak, klasika aurreneko aldiz 1926. urtean antolatu zela azaldu zuen. «Hasiera hartan txirrindularitza taldea Beasain Kirol Elkartearen barruan zegoen, baina 1963an erabaki zen handik atera eta Loinatz elkartea sortzea». Datorren urtean, 50 urte beteko ditu elkarte horrek.
Urte horietan guztietan, «txirrindulari ezagun askok» irabazi dute Loinatz klasika. Horien artean, txirrindulari historiko asko daude, hala nola Monterotarrak, Perurena, Machin, Nazabal, Gorospe, Cabestany eta Olano. Aurten ere, elite mailako tropelean dabiltzan txirrindularirik onenak Beasainen izango dira. Denera hogeita bost talde etorriko dira; 14 Euskal Herrikoak, zortzi Espainiakoak eta bi Herrialde Katalanetakoak. Azken taldea oraindik baieztatu gabe dago; «Galiziako talde bat gonbidatu dugu eta haren baieztapenaren zain gaude. Etorriko ez balira, Txileko selekzioa ekarriko genuke, haiek ere interesa agertu dutelako». Aurten, federazioak ezartzen duen gehienezko talde eta txirrindulari kopurua bete dute, berrehun lagunekoa, alegia.
Faboritoei dagokionean, Euskal Herriko eta Espainiako txirrindularirik onentsuenak etorriko direla azaldu dute. «Espainiako Txapelketan lehen hiru postuak lortu zituzten txirrindulariak hemen izango dira, tartean, Eduard Prades, aurten Espainiako Kopa ere irabazi duena». Haiekin batera, Jose Belda, iazko Loinaz probaren irabazlea, edota Arkaitz Duran, profesionaletan ibilitako txirrindularia eta egungo elite mailako Euskadiko txapelduna ere etorriko dira. «Euskal talde guztiak hemen izango dira, eta «estatu mailako talde askok esan digute artilleria guztia bidaliko dutela».
Lasterketa osoa Goierrin
Beasaindik abiatuta, 148 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek. Tartean horretan, lau aldiz pasako dira Beasaingo herrigunetik; hain zuzen ere, Nafarroa etorbidean izango da tarteko helmuga. Aurreneko txirrindulariak helmugara 13:10ak aldera iristea espero da. Mendateei dagokionean, Atagoiti (Legazpi), Urkillaga (Ataun), Gabiria, Liernia (Mutiloa) eta Olaberria izango dira puntu nagusiak. Azken urteetako ibilbide bera mantendu dutela azaldu duVictor Martinezek. «Lasterketa osoa Goierrin zentralizatu nahi izan dugu, horrek ikusleei ere jarraipen bat egiteko aukera ematen dielako; bai Beasainen daudenei, lauzpabost aldiz pasako direlako, eta baita mendate batetik bestera ibili nahi dutenei ere». Ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuta, «lasterketa elegantea» izateko ezaugarri guztiak dituela uste du Martinezek.
Loinatz Txirrindulari Elkartekoek, Jon Lazkano kide eta laguna ere gogoan izan zuten aurkezpenean. Beasaingo proba, haren omenez egiten da iaztik. Ekitaldiaren bukaeran, Beasaingo Udalak eta Loinatz Txirrindulari Elkarteak, urteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten.