Mikel Otegi epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1995ean bi ertzain hiltzea leporatuta
Mikel Otegi itsasondoarraren aurka epaiketa ari dira egiten egunotan Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 1995eko abenduaren 10ean bi ertzain hiltzea leporatuta, kasuagatik egiten zaion bigarren epaiketa da. 1997an errugabe jo zuen Gipuzkoako Auz...
Mikel Otegi itsasondoarraren aurka epaiketa ari dira egiten egunotan Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 1995eko abenduaren 10ean bi ertzain hiltzea leporatuta, kasuagatik egiten zaion bigarren epaiketa da. 1997an errugabe jo zuen Gipuzkoako Auzitegiak, eta absolbitu. Hala ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epaiketa errepikatzeko agindu zuen 2004an, absoluzio epaia indargabetuz. Auzitegi Nazionalak 2007an erabaki zuen Otegi atzera prozesatzea, tartean Frantzian zazpi urteko kartzela zigorra bete zuenez “gaizkile taldeko kide izateagatik” —ETAko kide izatea leporatu zioten— epaitegi horri dagokiolako auzia.
Albiste agentziek nabarmendu dutenez, gaurko auzi saioan Otegik aitortu du “hiru familia hautsi” zituela 1995eko gertakari harekin: Jose Luis Gonzalez eta Iñaki Mendizule —zumarragarra zen— ertzainenak, eta berea. Horregatik, “kartzelara joan beharra” zeukala gehitu du, beti ere agentzien arabera.
Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 70 urteko kartzela zigor eskaera egin du Otegiren aurka, 30 urte atentatu terrorista delitu batengatik, 30 urte hilketa delitu batengatik, eta 10 urte talde armatuko kide izateagatik. Horrez gain, hildako bi ertzainei familiei 500.000na euroko kalte-ordaina emateko eskatu dio.