Tourrean dabiltzan ziklistak Ordizian izan daitezke aurten, aspaldiko partez
Frantziako Tourra bukatu eta berehala Ordiziako Klasikan parte hartzea zen garai bateko txirrindulariek bete behar izaten zuten egutegia –Marino Lejarreta zen horieta bat–, baina azkeneko urteetan ez da halakorik gertatu, Tourraren hasiera atzeratu egin zutelako. Aurten, ordea, hilaren 22an bukatuko da Tourra, eta Ordiziako Klasika Santiago Egunean jokatzen denez, hilaren 25ean, oso litekeena da Frantzian lehiatzen ari diren zenbait txirrindulari Ordizian izatea. Gorka Izagirre ormaiztegiarraren eta Julien Simon iazko irabazlearen kasuak dira aipagarrienak. «Euskaltelekin hitz egin nuenean esan nien ea posible zen Gorka eta Jon Izagirre anaiak Ordizian izatea, batez ere inguruko txirrindulariak direlako. Gorka Tourrean ari da, eta ez dakit nola bukatuko duen, baina printzipioz etortzekoa da. Eta Julien Simon, berriz, erreserban dago. Bere burua ondo ikusten badu, beharbada etorriko da», adierazi du Jose Luis Sanzek, Ordiziako Klasikaren koordinatzaile nagusiak. Hamahiru talde 89. edizioan Simonek eta Izagirrek haien presentzia baieztatzen badute, Ordiziako 89. Klasikak –ingurotako egun bakarreko probarik beteranoenak– azken hiru urteetako irabazleak izango ditu irteera puntuan, 2009ko lasterketa irabazi zuen Jaume Rovira ere Ordizian izatekoa baita. «Inoiz baino irekiagoa ikusten dut aurtengo lasterketa, baina argi dagoena da Gorka [Izagirre] etortzen bada irabazteko hautagai argia dela». Izagirre anaiekin batera, Aitor Perez Arrieta zegamarra eta Garikoitz Bravo lazkaotarra dira Ordizian [...]
Frantziako Tourra bukatu eta berehala Ordiziako Klasikan parte hartzea zen garai bateko txirrindulariek bete behar izaten zuten egutegia –Marino Lejarreta zen horieta bat–, baina azkeneko urteetan ez da halakorik gertatu, Tourraren hasiera atzeratu egin zutelako. Aurten, ordea, hilaren 22an bukatuko da Tourra, eta Ordiziako Klasika Santiago Egunean jokatzen denez, hilaren 25ean, oso litekeena da Frantzian lehiatzen ari diren zenbait txirrindulari Ordizian izatea. Gorka Izagirre ormaiztegiarraren eta Julien Simon iazko irabazlearen kasuak dira aipagarrienak.
«Euskaltelekin hitz egin nuenean esan nien ea posible zen Gorka eta Jon Izagirre anaiak Ordizian izatea, batez ere inguruko txirrindulariak direlako. Gorka Tourrean ari da, eta ez dakit nola bukatuko duen, baina printzipioz etortzekoa da. Eta Julien Simon, berriz, erreserban dago. Bere burua ondo ikusten badu, beharbada etorriko da», adierazi du Jose Luis Sanzek, Ordiziako Klasikaren koordinatzaile nagusiak.
Hamahiru talde 89. edizioan
Simonek eta Izagirrek haien presentzia baieztatzen badute, Ordiziako 89. Klasikak –ingurotako egun bakarreko probarik beteranoenak– azken hiru urteetako irabazleak izango ditu irteera puntuan, 2009ko lasterketa irabazi zuen Jaume Rovira ere Ordizian izatekoa baita. «Inoiz baino irekiagoa ikusten dut aurtengo lasterketa, baina argi dagoena da Gorka [Izagirre] etortzen bada irabazteko hautagai argia dela». Izagirre anaiekin batera, Aitor Perez Arrieta zegamarra eta Garikoitz Bravo lazkaotarra dira Ordizian izango diren beste bi txirrindulari goierritarrak.
Hamahiru taldek parte hartuko dute aurtengo klasikan, 130 txirrindulari denera. Euskaltel eta Movistar dira ProTour mailako bakarrak, eta Caja Rural eta Orbea dira, Euskaltelekin batera, beste bi euskal taldeak. Espainiako Andalucia eta Burgos BH taldeek, Frantziako Saur-Sojasunek, Italiako Andronik, Greziako Giosek, Kolonbiako Colombiak, Hegoafrikako Team Bonitasek, eta Errusiako Rusvelo eta Lokosphinx taldeek osatzen dute hamahirukoa. «Rusvelo Viatxeslav Ekimovek zuzentzen du, eta lasterketa batzuk irabazi dituzte. Kontuan hartzeko beste taldea Androni da, Italiako Giroan bi etapa irabazi baitituzte aurten».
Probaren bazkide izateko deia
Ordiziako Klasikak 112.000 euroko aurrekontua du, eta lasterketa aurrera ateratzeko «lan asko» egin behar izaten dutela dio Saizek. Gogoratu du probari laguntzeko bazkide egiteko aukera dagoela, urtean 31 euro ordainduta.
TALDEAK ETA LIDERRAK
-Saur-Sojasun. Julien Simon (erreserban) eta Cyril Bessy.
-Euskaltel-Euskadi. Gorka Izagirre eta Jon Izagirre.
-Movistar. Beñat Intxausti.
-Andalucia. Jose Luis Roldan.
-Caja Rural. David de la Fuente eta Garikoitz Bravo.
-Androni. Miguel Rubiano.
-Colombia. Fabio Duarte.
-Rusvelo. Ivan Rovny.
-Burgos BH. Manuel Anton.
-Orbea. Aritz Bagues.
-Gios. Jaume Rovira eta Aitor Perez Arrieta.
-Team Bonitas. Ian McLeod.
-Lokosphinx. Alexey Kunshin.