Ez eguzki ez euri; gorrin-eguraldia
Lierni Elortza • Ordiziako azokako berriemalea
Agerikoa da barazki eta fruitu guztiek ez dutela eguzki eta euri behar bera. Izan ere aire libreko kuiatxo edota luzoker edo pepinoak ederki hazten ari dira egunetik egunera. Aldiz, tomateak ale polita izan arren ezin gorritu, «eta deskuidatuz gero laster gorrina harrapatuko dute tratatu ezean», zioten aho batez ekoizleek. Aire libreko bakarrak ez ziren aipatutakoak, izan ere, leka borobilak eta gorriak ere hasi baitira eta baita eskarola kizkurrak ere.
Fruituei dagokienez ahabiak aipatu behar, Zurutuza ahizpen postuan, beltzak basak salgai gozo askoak 12 euroan kiloa. Gorriak ere aurki daitezke hemen Euskal Herrian. Ahabia sendabelartzat askotan erabili izan da. Alde batetik, landare honen baiak gordinik edo lehortuta janez gero beherakoa eta disenteria sendatzeko erremedio bikaina dela diote, baia horiek dituzten taninoei esker. Zientifiko batzuk diotenez, baia horien substantzia bati esker, bakterioen hazkundea galarazten da. Fruitu horiek, jateko onak izateaz, gain konfitura egiteko ere preziatuak dira.
San Joan sagar asko ikusi zen atzo. Horien saskikadak saltzera hasi dira berriz ere feriara etortzen Gabiriako Oñatibi txikiko Miren Agirrezabala eta Errezilgo Joxe Antonio Aizpuru. Mirenek aitortzen zigunez, «ez da gerezirik batere izan eta arana ere gutxi, aldiz sagarra badago; ea horrekin suerterik izaten dugun».
Bestalde, gibelurdin eta onddo askorik ez, baina zeudenak ederrak. Lasaren postuaren faltan kopuruak ere nabarmen behera egiten du. Horien oporrak pasata, datorren astean plaza sarrerak bere ohiko itxura hartuko du.














