Gaintzako eta Zaldibiako udalek mailegu bana eskatu dute UFFFrako
Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko udalak diruz laguntzeko duen UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren iazko deskalabrua konpontzeko neurri desberdinak hartzen ari dira Goierriko udalak. Batzuek, altxortegia hustu dute, edo inbertsioei zegozkien d...
Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko udalak diruz laguntzeko duen UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren iazko deskalabrua konpontzeko neurri desberdinak hartzen ari dira Goierriko udalak. Batzuek, altxortegia hustu dute, edo inbertsioei zegozkien diru-sailetatik izendatu dute dirua, atzera Diputazioari ordaintzeko. Beste batzuek, maileguak eskatu dituzte kostuari aurre egiteko.
Gaintzako eta Zaldibiako udalek hil honetan erabaki dute banaketxeetara jo eta diru ekarpena lortzea. Zaldibiako Udalak 51.600 euroko mailegu-eragiketa hitzartu zuen aldundiarekin. Bi urte eta laurdenean amortizatzeko baldintzarekin eta Euribor indizea gehi %4ko interes tasarekin.
Gaintzako Udalak, bere aldetik, 9.600 euroko balioko mailegua eskatzea onartu du, Zaldibiakoaren baldintza beretan: Euribor gehi %4ko interesa eta bi urte eta erdian amortizatzeko konpromisoa. Bi erakundeen kasuan, hiruhilabetekako ordainketak egingo lituzkete mailegua kitatzeko.
2011ko UFFFren likidazio saldoaren %50 itzultzeko erabiliko dute maileguko dirua, bai Gaintzak, bai Zaldibiak.
Laugarren urtez itzultzera
Gipuzkoako udal guztiek laugarren urtea dute jarraian, Aldundiak emandako diruaren zati bat itzuli behar izan dutena. Goierriko 22 udalek 2011n lau ordainketatan jaso zuten dirutzaren %12,64 gutxiago zegokiela ebatzi zuen kontuaren likidazioak aurtengo otsailean.
Udalek lau pusketa berdinetan itzuliko dute kopurua (denera 4,96 milioi euro dira bailaran), aurten. Aldundiak, zorra arintzeko ipini zuen ekarpen osagarriaren ondoren, 4,8 milioian geratu zen goierritarren itzulketa.