Sasietak irailean irekiko du Ordizian Goierriko hirugarren garbigunea
Aurreko agintaldian egin zen Hondakinen Plan Integralak jasotzen zuen 20.000 biztanleko garbigune bat egin beharra zegoela Gipuzkoan –Goierrin 70.000 biztanle daude, eta beraz hiru garbigune izatea da egokiena– hondakin bilketa sistemaren osagarri modura. Sasietak Urretxun, Deskargara bidean, egin zuen aurrenekoa –Urretxu, Zumarraga eta Legazpiri ematen dio zerbitzua–, 2008an zabaldu zuen Beasaingoa, Salbatoren, eta datorren irailean Goierriko hirugarren eta azken garbigunea zabalduko du Sasietak Ordizian, Oianguren bidean, suhiltzaileen parkearen eta Goierri Eskolaren artean. Ordiziakoa Goierriko hiru garbiguneen artean handiena izango da, eta Ordizia, Zaldibia, Legorreta, Itsasondo, Arama, Altzaga eta Gaintzako herritarrei emango die zerbitzua, nahiz eta beste herrietako biztanleek ere erabili ahalko duten. Iñaki Erauskin Sasietako teknikariaren esanetan, «kokapena zoragarria da», nahiz eta leku egokia bilatzea dezente kostatu zitzaien. «Txarrena izan da lur-mugimendu handia egin behar izan dugula, baina beno, behin hori eginda, bizi guztirako da. Lekua primerakoa da, N-1 errepidearen ondoan dago, eta inori ez dio enbarazurik egingo. Azken garbigunea da, eta handia eta erosoa egin dugu, perspektibarekin jokatuz». Garbigunearen goiko aldean Ordiziako Udalarentzako biltegi moduko bat egiteko baliatu dute obra, eta Oiangura bidean espaloia egiten ari dira. Garbigunearen ezaugarriak Garbigunearen lanak 900.000 euro inguruan esleitu zituen Sasietak, eta Iturriotz eraikuntza enpresa aritu da lan horiek egiten, iazko irailean hasita. [...]
Aurreko agintaldian egin zen Hondakinen Plan Integralak jasotzen zuen 20.000 biztanleko garbigune bat egin beharra zegoela Gipuzkoan –Goierrin 70.000 biztanle daude, eta beraz hiru garbigune izatea da egokiena– hondakin bilketa sistemaren osagarri modura. Sasietak Urretxun, Deskargara bidean, egin zuen aurrenekoa –Urretxu, Zumarraga eta Legazpiri ematen dio zerbitzua–, 2008an zabaldu zuen Beasaingoa, Salbatoren, eta datorren irailean Goierriko hirugarren eta azken garbigunea zabalduko du Sasietak Ordizian, Oianguren bidean, suhiltzaileen parkearen eta Goierri Eskolaren artean.
Ordiziakoa Goierriko hiru garbiguneen artean handiena izango da, eta Ordizia, Zaldibia, Legorreta, Itsasondo, Arama, Altzaga eta Gaintzako herritarrei emango die zerbitzua, nahiz eta beste herrietako biztanleek ere erabili ahalko duten. Iñaki Erauskin Sasietako teknikariaren esanetan, «kokapena zoragarria da», nahiz eta leku egokia bilatzea dezente kostatu zitzaien. «Txarrena izan da lur-mugimendu handia egin behar izan dugula, baina beno, behin hori eginda, bizi guztirako da. Lekua primerakoa da, N-1 errepidearen ondoan dago, eta inori ez dio enbarazurik egingo. Azken garbigunea da, eta handia eta erosoa egin dugu, perspektibarekin jokatuz». Garbigunearen goiko aldean Ordiziako Udalarentzako biltegi moduko bat egiteko baliatu dute obra, eta Oiangura bidean espaloia egiten ari dira.
Garbigunearen ezaugarriak
Garbigunearen lanak 900.000 euro inguruan esleitu zituen Sasietak, eta Iturriotz eraikuntza enpresa aritu da lan horiek egiten, iazko irailean hasita. Obra zibila bukatuta dago dagoeneko, eta edukiontziak erostea, telefonia eta argindar zerbitzuak martxan jartzea eta bestelako xehetasun txiki batzuk lotzea besterik ez da falta. Garbigunea irekitzeko egun zehatzik ez dago oraindik, baina Sasietako teknikarien asmoa irailaren bigarren hamabostaldian irekitzea da. «Lehen hamabostaldian sentsibilizazio kanpaina egiteko asmoa dugu».
Ordiziako garbiguneak, aurreko biek bezalaxe, hormigoizko bi plataforma ditu, bata beste baino pare bat hiru metro altuago. Beheko plataforman ahalmen handiko edukiontzi metalikoak daude, eta erabiltzaileek goikotik botatzen dituzte hondakinak ontzi horietara. Edukointziak betetzen direnean, kamioi handi batek eramaten ditu hondakin horiek zabortegira edo birziklatzera. «Beasaingoak, esaterako, hamar edukiontzi ditu, baina Ordizian 14 jartzeko aukera izan dugu. Sei eta sei, eta beste bi etxetresna elektrikoak uzteko», zehaztu du.
Txatarra, papera eta kartoia, egur garbia, obra-hondakinak, plastiko birziklagarriak, etxeko traste zaharrak (koltxoiak, altzariak…), aparailu elektriko eta elektronikoak eraman daitezke garbigunera, baita arropa, beira eta toner kartutxoak ere, besteak beste. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziak, pintura potoak, fluoreszenteak eta antzeko materialak ere jasotzen dituzte. Garbigunea astelehenetik ostiralera (09:00-12:30 eta 16:00-19:00) egongo da irekita, eta baita larunbat goizetan ere, 09:00etatik 13:00era. Langile batek egingo du lan.
Berrerabilgunearen aukera
Beste zerbitzu bat martxan jartzeko asmoa ere badu Sasietak Ordizian: Berrerabilgunea. «Kontzeptu berria da. Askotan gertatzen da telebista berria erosi eta zaharra botatzea, oraindik badabilena. Tresna horrek bati ez dio balioko, baina beste bati bai. Gune batean jarriko ditugu tresna horiek, eta astebeteko epean doan hartu ahalko dira». Tresna horiek Internet bidez ikusi ahal izateko sistema aztertzen ari dira.