Hitano barnetegia egiten ari dira Lizarrustiko parketxean
Euskararen berezko bigarren pertsona singularra galbidean da. Hika geroz eta gutxiago entzuten da, denbora askoan arlotekeriaren, baserritartasunaren eta errespetu faltaren hobenekin lotu izan delako. Zu formak hartu zion lekua, jantziagoa zelakoan. Baina, toka edo noka aritzearen adierazkortasuna, gertutasuna eta hizlarien arteko lotura ikusezina galdu dira bidean. Ezin esan Goierrik hikari bizkar eman dionik. Erabiltzen da gaur egun oraindik, nahiz eta esparru askotatik desagertu den: emakumezkoen artetik, adibidez, mutilek neskei egiterakoan. Kasualitatez ala ez, Ritxi Lizartza eta Eneko Haritza irakasleek antolatu duten lehenbiziko hitano barnetegia Goierrin ari dira gauzatzen. Lizarrustiko parketxean dago talde bat, aste osorako. Astelehenean hasi eta larunbat eguerdira bitarte, hikako hizkera ikasten edo lantzen ari da euskaldun taldetxo bat. «Sei egunetan eman nahi diagu normalean bi hilabete eta erdian, 30-40 orduko ikastaroetean ematen dugun programazioa. Lehenengo aldia duk barnetegi batean hain trinko ematen duguna. Gustatuko litzaigukek aurrera begira jarraipena izatea», esan du Eneko Haritzak, hika inoiz utzi gabe. Ritxi Lizartzaren esperientziatik abiatu zen orain Lizarrustira iritsi den egitasmoa. «Lizartzak Euskal Telebistan zuzenketak egiten ditik, Goenkale-ko gidoiekin-eta. Hutsune batzuk topatu zitian. Euskaltzaindiak aditzak-eta arautu zitian, baina beste gauza batzuk arautu gabe gelditu zituan. Gidoilari desberdinak daudenez, egun batetik bestera halako kontraesan batzuk sortzen hituan. Horri begira, tradizioan oinarrituta proposamen [...]
Euskararen berezko bigarren pertsona singularra galbidean da. Hika geroz eta gutxiago entzuten da, denbora askoan arlotekeriaren, baserritartasunaren eta errespetu faltaren hobenekin lotu izan delako. Zu formak hartu zion lekua, jantziagoa zelakoan. Baina, toka edo noka aritzearen adierazkortasuna, gertutasuna eta hizlarien arteko lotura ikusezina galdu dira bidean.
Ezin esan Goierrik hikari bizkar eman dionik. Erabiltzen da gaur egun oraindik, nahiz eta esparru askotatik desagertu den: emakumezkoen artetik, adibidez, mutilek neskei egiterakoan. Kasualitatez ala ez, Ritxi Lizartza eta Eneko Haritza irakasleek antolatu duten lehenbiziko hitano barnetegia Goierrin ari dira gauzatzen. Lizarrustiko parketxean dago talde bat, aste osorako.

Hitano barnetegiaren eskola, atzo, Lizarrustiko parketxean. Arg.: Aimar Maiz
Astelehenean hasi eta larunbat eguerdira bitarte, hikako hizkera ikasten edo lantzen ari da euskaldun taldetxo bat. «Sei egunetan eman nahi diagu normalean bi hilabete eta erdian, 30-40 orduko ikastaroetean ematen dugun programazioa. Lehenengo aldia duk barnetegi batean hain trinko ematen duguna. Gustatuko litzaigukek aurrera begira jarraipena izatea», esan du Eneko Haritzak, hika inoiz utzi gabe.
Ritxi Lizartzaren esperientziatik abiatu zen orain Lizarrustira iritsi den egitasmoa. «Lizartzak Euskal Telebistan zuzenketak egiten ditik, Goenkale-ko gidoiekin-eta. Hutsune batzuk topatu zitian. Euskaltzaindiak aditzak-eta arautu zitian, baina beste gauza batzuk arautu gabe gelditu zituan. Gidoilari desberdinak daudenez, egun batetik bestera halako kontraesan batzuk sortzen hituan. Horri begira, tradizioan oinarrituta proposamen bat landu dik, aurrera begira hitano batu bat egiteko, euskalkiak eta bakoitzaren ezaugarriak baztertu gabe. Telebistarako, gidoietarako edo irakaskuntzarako hutsuneak bete nahi ditik», dio Haritzak.
Egun osoko jarduna
Lizarrustin dauden ikasleak euskaldunak dira, eta gutxi-asko denek zeukaten hitanoaren zantzu bat. Goizetan bost orduz aritzen dira, ikasgelan. Hala ari ziren atzo, Hitanoa, mintza hadi lagun liburuarekin. Kazetariari ere hika zuzendu zaizkio denak, trebe batzuk, toka eta noka nahastuz bestetzuk.
Xabier Etxaniz donostiarrak «hutsunea» sumatzen zuelako jo du barnetegira. «Donostiarra nauk, eta Donostian ez diagu egiten. Badago hor hutsune bat, bete behar duguna. Teoria banekian, baina praktika falta zitzaidaan. Batzuetan erotu egiten gaituk noka eta toka, neskei modu batera, mutilei beste batera, egitearekin. Kafkiano samarra duk egoera batzuetan», dio.
Iruñeko Mikel Goñi irakasleak lankideei entzundako hikako jarduna berak egin nahi du. «Baina saltoa egitea kostatu zaidak, orain arte behintzat. batez ere natural-natural ateratzen ez zaidalako. Arauak-eta ezagutzen nitian gainetik, baina elkarrizketa normalean ez duk denborarik pentsatzeko. Arintasun hori behar duk, eta hona etorrita espero diagu lortzea», dio Goñik, oporren zati bat hitanoari zergatik eskaini dion azaltzerakoan.
Hizkeraren genero desberdintasuna praktikatzeko, gizonezkoak eta emakumezkoak, denetik daude taldean. Elizondoko Itziar Erasun, adibidez, «ongi ikasteko» etorri da Lizarrustira. «Berez, nahi niana huan ongi ikastea, ezen eta solastea nahi eran edo edozein modutara. Orduan, etorri nauk horretara. Ongi solasteko, eta bidenabar neure buruarengan ongi egoteko, solasten ari nauken bizkitartean.Ea barnetegi gehiago egiten diren, jende gehiago animatzen duken».
Arratsaldeetan mintzapraktikari begira irtenaldiak egiten dituzte, hika hitz eginez beti. Inguruko mendietara txangoak, Lareoko kobazuloetara… Gaur Arbizura (Nafarroa) joango dira, iluntzean. Hango udaleko euskara teknikariak bultzatuta, hika jarduteko talde bat bada eratuta, eta ikasleekin haiekin mintzatzeko modua izango dute.

Ikasleak ariketak egiten, Eneko Haritza irakaslea begira dutela. Arg.: A. Maiz
ELKARRIZKETA
Eneko Haritza (hitano irakaslea): «Hika hitz egiteak hurbiltasuna adierazten dik, eta ez errespetu falta»
Urtebete inguru darama Eneko Haritza euskara irakasleak hitano ikastaroak ematen. Ritxi Lizartza eta biak ari dira Lizarrustiko barnetegian ikasleak hika trebatzen. Elkarrizketa, naturalki, hika egin da, eta hala ekarri dugu hona ere, irakurle guztiekin begirune osoa mantenduta, jakina.
Egunkarian hika aritu gaitezkek?
Berez hizkera kolokialaren esparrua duk hikarena, lagunartean, hurbileko jendearen edo familiakoen artean. Baina jende askorekin hika hasteko ez diat arazorik ikusten. Jarraitu izan bagenitu orain arte tradizionalki hika egiteko arau zorrotzak-edo izan direnak, gaur egun seguraski orain dagoena baino dezente galduago egongo hukeen. Adibidez, adinaren kontua, edo ezezagunekin eta ezagunekin; horrelako kontuak zorrotz beteko bagenitu, gero eta murritzagoa izango hukek hitanoaren esparrua. Nik uste, arau horiek nolabait zabaldu egin behar direla.
Maila baxukotzat hartua, gaizki ikusia izan delako ere murriztu duk, agian?
Bai. Garai batean, gure aurreko belaunaldian, izan dik halako gurutze bat, errespetu faltarena edo. Batez ere neskei egiterakoan; mutilen artean gehiago mantendu duk. Berez ez duk hori, hala izan balitz hitanoa ez zatekean orain arte iritsiko. Jendeak ez dik errespetu faltagatik egiten hika, hurbiltasuna adierazten dik. Gero, errespetua nabarmendu nahi denean, zukara pasatzen gaituk. Baina badik horrelako konplexu bat, eta horrek eragin dik maila handi batean atzera egitea.
Euskara batuan, hitanoari dagokionez hutsune batzuk badirela aipatu duk. Horiek osatzen ari zarete?
Jendeak esaten dik askotan hitanoa hizkera kolokiala dela eta ez dagoela zertan arautu. Baina kasu batzuetarako beharrezkoa duk. Hain zuzen, Euskaltzaindiak horregatik atera zian araudia, beharrezkoa zelako.
Batzuentzat ‘Goenkale’-ko ‘ditiat’ edo ‘ditiagu’ arraro izan zitezkek.
Euskalki batzuetan oso arraroak diren kontuak beste euskalki batzuetan erabat normalak dituk. Gainera, euskalkiez eta hizkera kolokialaz hitz egiten diagu, baina gaur egun jende asko zagok zuzenean euskara batuan ikasi duena, bai ikastolatik, edo helduek ere bai. Horiek ez ditek euskalkirik oinarrian, eta horientzako ere behar duk hizkera kolokial bat. Orain belarrira arrotzak egiten zaizkigunak erabili ahala zabaltzea eta natural egitea duk bidea.
Emakumeen artean, edo gizonezkoek emakumezkoei hika egiten entzutea geroz eta zailagoa duk.
Bai, noka egitea galtzen ari duk. Sakonki aztertu beharreko gaia izango lukek. Muga psikologiko bat zagok hor azpian. Gehiago nabarmendu duk neskei egitea errespetu faltatzat hartu izana. Ez zakiat, emakumea zerbait birjina eta purua bezala mantendu nahi izan bagenu bezala. Nik uste horrek ere baduela zerikusia.