Gaurtik igandera bitartean Gabiriako Alegia auzoan Madalena jaiak ospatuko dituzte. 19:30ean hasiko da festa gaur iluntzean, sagardo dastaketa eta pintxo janarekin. 21:00etan Dantzaki taldearen dantza erakustaldia egongo da salsa, pasodoble, tango eta gainerako dantza estiloekin. Ondoren afari herrikoia egingo dute, oilaskoa afaduaz eta gauean Gabezin taldearen dantzaldia izango da. Bihar egunean zehar ezer egongo ez bada ere, gauean herri afari handia egongo da. 28 euro kostako da, eta izena ohiko lekuetan eman beharko da. Behin hau amaitzen denean, jada tradizio ere bihurtu den Joselu Anaieken dantzaldia izango dute. Baina egun handia, Madalena eguna, igandean izango da. 11:00etan hasiko dute eguna meza nagusiarekin eta hau bukatutakoan Ezkio-Itsasoko abesbatza izango dute. Jarraian Goruntz dantza taldearen emanaldia izango dute eta hau amaitzean, hamaiketakoa egingo dute. Arratsaldeko 16:30ean ume jolasak egingo dituzte eta 19:00etan herriko bi talde froga ezberdinetan lehiatuko dira herri apostuan. Sokatiran, behia jeizten, astoa lera gainean eramaten, asto karreran, trontzan, bolak saltatzen, korrikan, eta oskol biltzen aritu beharko dute bi taldeek.
Gipuzkoako kimu eta gazte mailako taldekako erlojupeko txapelketarik ez du antolatuko aurten Ordiziako Txirrindulari Elkarteak. Proba hori Marotias Memoriala izenpean jokatzen zen. Gipuzkoako Txirrindulari Elkargoak hartutako erabaki baten ondorioz dator memoriala ez antolatzea, Ordiziako klubaren ohar batek jasotzen duenez. «Aparteko bilera batean hartu da erabakia. Ez da gure gustukoa, baina ez dago atzera bueltarik». Ordiziako Txirrindulari Elkarteak dioenez, Aztiriako probara zortzi txirrindulari eramatera «behartu» zuen kluba Gipuzkoako Elkagoak. «Gure babesleetako batek, Inverse arropa etxeak, egun berean Katalunian gazte mailako proba bat antolatu zuen, eta zortzi txirrindulari horiekin joateko eskatu zigun. Hori dela eta, Aztiriara beste 12 txirrindulari eramango genituela esan genion elkargoari, baina ez zuen onartu gure erabakia». Babesleei kalterik ez egiteko Ordizia klubari ez zaio «logikoa» iruditzen Gipuzkoako Elkargoaren erabakia. «Taldeko beste ziklistekin parte hartzen ez uztea ez da logikoa. Itsusia izango litzateke oso zortzi txirrindulari horiek irten, eta lehen kilometroan erretiratzea». Memoriala ez antolatzeko erabakia «babesleei kalterik ez egiteko» hartu du klubak.
Euskararen berezko bigarren pertsona singularra galbidean da. Hika geroz eta gutxiago entzuten da, denbora askoan arlotekeriaren, baserritartasunaren eta errespetu faltaren hobenekin lotu izan delako. Zu formak hartu zion lekua, jantziagoa zelakoan. Baina, toka edo noka aritzearen adierazkortasuna, gertutasuna eta hizlarien arteko lotura ikusezina galdu dira bidean. Ezin esan Goierrik hikari bizkar eman dionik. Erabiltzen da gaur egun oraindik, nahiz eta esparru askotatik desagertu den: emakumezkoen artetik, adibidez, mutilek neskei egiterakoan. Kasualitatez ala ez, Ritxi Lizartza eta Eneko Haritza irakasleek antolatu duten lehenbiziko hitano barnetegia Goierrin ari dira gauzatzen. Lizarrustiko parketxean dago talde bat, aste osorako. Astelehenean hasi eta larunbat eguerdira bitarte, hikako hizkera ikasten edo lantzen ari da euskaldun taldetxo bat. «Sei egunetan eman nahi diagu normalean bi hilabete eta erdian, 30-40 orduko ikastaroetean ematen dugun programazioa. Lehenengo aldia duk barnetegi batean hain trinko ematen duguna. Gustatuko litzaigukek aurrera begira jarraipena izatea», esan du Eneko Haritzak, hika inoiz utzi gabe. Ritxi Lizartzaren esperientziatik abiatu zen orain Lizarrustira iritsi den egitasmoa. «Lizartzak Euskal Telebistan zuzenketak egiten ditik, Goenkale-ko gidoiekin-eta. Hutsune batzuk topatu zitian. Euskaltzaindiak aditzak-eta arautu zitian, baina beste gauza batzuk arautu gabe gelditu zituan. Gidoilari desberdinak daudenez, egun batetik bestera halako kontraesan batzuk sortzen hituan. Horri begira, tradizioan oinarrituta proposamen [...]
Santiago bideko erromesentzat Igartzan zabaldu zuten aterpetxeak urtea bete du dagoeneko. Hilabeteotan, dozenaka erromes eta ibiltariren babesleku izan da, baina baita Gipuzkoa barrualdeko bidea indartzeko pieza garrantzitsuetako bat ere. Aterpe hori mantentzeko, ordea, ezinbestekoa da hainbat lagunek beraien borondatez egiten duten lana, bidean atsedena hartu nahi duten ibiltariei behar duten laguntza guztia emateko. Antonio Jarit Beasainen bizi den urretxuarra da horietako bat. Urteak daramatza Santiago Bidearen inguruan lanean, eta bera arduratzen da Igartzako aterpearen koordinazio lanaz. Aurten, gainera, Santiago Bidearen Lagunen Elkarteak sari bat eman dio, «bidearen alde eta erromesen ibilbidea errazteko egiten duen lana» eskertzeko. Beasaingo aterpetxea martxan jarri zenetik, «barruko bidetik pasatzen den erromes kopurua igo» egin dela dio Antonio Jaritek, eta lehen urtearen «balantze positiboa» egin du. Izan ere, gero eta jende gehiagok ezagutzen du Beasaingo aterpetxea; «Interneten ere bagaude, eta jende askok horren bidez izaten du toki honen berri; ahoz ahokoak ere asko funtzionatzen du». Aurten, urtarriletik hona, 87 ibiltari pasa dira Beasaingo aterpetxetik, baina kopuru hori, urtea bukatzerako bikoiztu egin liteke. Jaritek azaldu duenez, Beasainen gelditzen diren ibiltarien artean, «portzentaia handi bat atzerritarrak dira; Euskal Herriko eta Estatuko jendeaz gain, Hego Afrika, Belgika, Islandia, Brasil, Korea, Suitza, Alemania, Hungaria… oso jatorri ezberdinetako jendea izan dugu». Oraindik Gipuzkoa barrualdeko ibilbideak, «beste bideek [...]
Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroan gaur goizean egin den prentsaurrekoan Idiazabalen eskaintza turistikoa hobetu eta zabaltzeko egin dituzten ekintzak azaldu dituzte. Horien artean daude marka turistiko berria, herriko mapa turistiko berria, ibilbideak, bisita turistikoak, webgune berria eta Idiazabal Gaztaren interpretazio zentroan ere berritu dute. www.idiazabalturismo.com webgune berriaren bitartez, Idiazabal bisitatzea pentsatzen ari direnei informazio gehiago ematea da helburua, izan ere, geroz eta jende gehiagok antolatzen baititu bere oporrak Interneten aurkitzen duen informazioaren arabera. Bestalde, Niko Osinalde Goierri Turismoko zuzendariak datu ofizialak iraileko lehen astean ematea espero badu ere, «mezu positiboa» helarazi nahi izan du Goierriko turisten balantzeari dagokionean, iazko udako datuak baino datu hobeak izaten ari direlako momentuz behintzat, bai alojamendu eta baita bisita aldetik ere. Gainera, hiru-lau egunetarako baino egun gehiagotarako gelditzen dira. Jatetxeei dagokienez, aurten lau jatetxe bakarrik egongo dira itxita abuztuan, eta hori ere positibotzat jo du Osinaldek.
Antolatzaileek parte-hartzea «astelehena izanda ere» inoiz baino zabalagoa izan dela azpimarratu dute
Gorka Izagirre Alexander Vinokourovekin batera helmugaratu zen atzo, Tourreko 16. etapan. Hirugarren egin zuen ormaiztegiarrak Pirinioetako lehen etapan. Amaieran, etapa “ikusgarria” izan zela adierazi zuen: “afizioari, lagunei eta je...
Hurrengo osteguna, hilak 26, Santa Ana eguna dela eta, hileroko osoko bilkura astebete aurreratu dute Ordizian, eta gaur egingo da abuztuko oporren aurreko azken osoko bilkura, 19:00etan. Bilduk laikotasunaren alde aurkeztutako mozio bat, eta EA-IUk II...