EAJren eta H1!-en ustez, udalak «ezbaian» jarri du hezitzaileen lana
Beasaingo EAJ eta Hamaikabat alderdietako ordezkariek «harridura» agertu dute, udal gobernu taldeak azken osoko bilkuran hartutako hainbat erabakiren aurrean. Horren aurrean, beraien iritzia emateko agerraldia egin zuten, joan den ostegunean. Gizarte hezitzaileen lan hitzarmena, enplegua bultzatzeko proposamenak eta Olarango etxebizitzen afera izan zituzten hizpide. Joxi Intxausti H1!-eko zinegotziak azaldu zuenez, bi alderdiok kezkatuta daude Beasainen «familia interbentzioko eta kale hezitzaileen hezkuntza ereduaren jarraipenaren inguruan». Izan ere, bi programa horien jarraipena «kinka larrian» dagoela uste dute, batez ere, «Bilduko ordezkariek programa horiek aurrera eramaten dituzten elkarteari jarri dizkien traba administratiboak» direla eta. Bi alderdiek azaldutakoaren arabera, «bi programa horiek kudeatzen dituen elkarteak, kontratuan azaltzen zen kopurua aldatzeko eskaera luzatu zion udalari, euren langileei gizarteko parte-hartzearen lan hitzarmen probintziala ezarri ahal izateko». Bilduren udal gobernu taldeak, ordea, «eskaerari uko egin zion, txosten tekniko batean oinarrituz, kontratuaren aldaketa ematen zela eta lehiaketa publikora atera behar litzatekeela esanez». Egoera horren aurrean, EAJk eta H1!-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabili duen formula bera erabiltzeko eskatu diote udalari, «horrela langileen eskakizunei erantzunez». Beasaingo Bilduk kontrako jarrera erakutsi duela ikusita, «txundituta» gelditu dira bi alderdiok. «Beasaingo udalak onartutako neurriak ezbaian jartzen du hezkuntza proiektu honen jarraipena; halaber, programa hauek kudeatzen dituzten langileen lan eskubideak ez ditu kontuan hartzen». Hori guztia ikusita, Bilduk «euren politika estrategia [...]
Beasaingo EAJ eta Hamaikabat alderdietako ordezkariek «harridura» agertu dute, udal gobernu taldeak azken osoko bilkuran hartutako hainbat erabakiren aurrean. Horren aurrean, beraien iritzia emateko agerraldia egin zuten, joan den ostegunean. Gizarte hezitzaileen lan hitzarmena, enplegua bultzatzeko proposamenak eta Olarango etxebizitzen afera izan zituzten hizpide.
Joxi Intxausti H1!-eko zinegotziak azaldu zuenez, bi alderdiok kezkatuta daude Beasainen «familia interbentzioko eta kale hezitzaileen hezkuntza ereduaren jarraipenaren inguruan». Izan ere, bi programa horien jarraipena «kinka larrian» dagoela uste dute, batez ere, «Bilduko ordezkariek programa horiek aurrera eramaten dituzten elkarteari jarri dizkien traba administratiboak» direla eta.
Bi alderdiek azaldutakoaren arabera, «bi programa horiek kudeatzen dituen elkarteak, kontratuan azaltzen zen kopurua aldatzeko eskaera luzatu zion udalari, euren langileei gizarteko parte-hartzearen lan hitzarmen probintziala ezarri ahal izateko». Bilduren udal gobernu taldeak, ordea, «eskaerari uko egin zion, txosten tekniko batean oinarrituz, kontratuaren aldaketa ematen zela eta lehiaketa publikora atera behar litzatekeela esanez».
Egoera horren aurrean, EAJk eta H1!-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabili duen formula bera erabiltzeko eskatu diote udalari, «horrela langileen eskakizunei erantzunez». Beasaingo Bilduk kontrako jarrera erakutsi duela ikusita, «txundituta» gelditu dira bi alderdiok. «Beasaingo udalak onartutako neurriak ezbaian jartzen du hezkuntza proiektu honen jarraipena; halaber, programa hauek kudeatzen dituzten langileen lan eskubideak ez ditu kontuan hartzen». Hori guztia ikusita, Bilduk «euren politika estrategia praktiko bezala aitortzen duen langileen defentsa» non gelditu den galdetu zuten.
Intxaustiren arabera, bi programa horiek 2000. urtean sortu ziren, eta 2011n, «arrisku egoeran zeuden 40 adingaberi kasu egin zieten». Kale hezitzaileek berriz, jarrera arazoak zituzten 417 gazterekin aritu ziren lanean. Urte hauetan egindako lana dela eta, «beasaindarrek oso ondo baloratzen dituzten zerbitzuak» direla azaldu dute.
Enplegu politikak
EAJ eta H1! alderdiek, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako enplegu planaren inguruan ere hitz egin zuten. Aitor Aldasorok azaldu zuenez, «mozioa aurkeztu genuen azken osoko bilkuran, Beasaingo Udalak ere aipatutako planean parte har zezan eskatuz». Udalak, plan hori Goieki garapen agentziaren bidez aurrera eramatea onartu zuen, eta EAJk, mozioa erretiratu zuen.
Baina EAJren ustez, Besaingo langabetu kopurua –850 lagun– «kezkatzekoa» da, eta horren aurrean, «udalak ezin ditu begiak itxi». Hala, aurrekontuak negoziatzerako garaian egin zuten eskaera bera luzatu diote berriz udal gobernuari, alegia, Lanbiderekin eta Goierriko Lanbide Eskolarekin elkarlanean, bi ikastaro martxan jarri ditzala. Bata, goi mailako ikasketa profesionalak dituzten langabetuei zuzendutakoa izango litzateke; bestea, ikasketa berezirik ez dutenei bideratutakoa. Bi saio horien kostua 145.000 eurokoa izango litzateke, eta kopuru hori, udalaren altxortegiko soberakinetik atera litekeela uste dute EAJk eta H1!-ek.
Olarango etxebizitzak
Bi alderdiek egindako agerraldi bateratuan landu zuten hirugarren eta azken gaia, Olarango etxebizitzen inguruan sortutako arazoari dagokiona da. Promotoreen eskariz, etxebizitzen altuera handitzeko, eta langileen etxea deritzan orubean plaza berri bat sortzeko, hirigintza arauak aldatu egin ziren. Horrek, ordea, aldameneko etxeko bizilagun bati kaltea eragin dio, bere etxeko leiho bat itxi egin beharko bailuke.
Kalte hori egon badagoela «udal talde guztiek» aitortzen badute ere, kalte ordainik eman behar zaion edo ez erabakitzeko garaian hasten dira zalantzak. Udalak txosten tekniko bat eskatu zuen, eta horren arabera, kaltetuari ez dagokio kalte ordainik. EAJ eta H1! alderdiek, ordea, kalteordainik eman ezean, pertsona hori «babesik gabe» dagoela, eta gelditzen zaion bide bakarra, «epaibidean bere kontura hastea» dela azaldu dute. Hori dela eta, pertsona horri kalte ordain bat emateko eskatu diote udalari, berriz ere.