Marian Bidegain: «Maizpide desagertzeko sortu zen berez, baina euskaldundu eta gero»
Maizpide euskaltegiaren bilakaerari estu lotuta dago Marian Bidegain gabiriarraren (Mutiloa, 1959) ibilbidea. Aurretik, Goierriko Euskal Eskola aitzindarian ibili zen, euskara eskolak ematen, 1978az geroztik. Eraikin berrian barnetegia sortu zutenetik, 1988tik, zuzendaritzako hiru kideetako bat izan zen —idazkari akademiko—, lehen hiru zuzendariekin: Dionisio Amundarain, Pello Joxe Aranburu eta Lurdes Amundarain. 1997an ardura gorena hartu zuen, zuzendariarena. Abuztu azkenean utziko du kargua, 15 urte eta gero. Zuzendaritza uzteko erabakia hartu duzu. Arrazoirik bada? Errelebo beharra. Pertsonak sentitzen duena. Nekatu? Ez dakit. Erabat nekatzerako utzi nahi izan dut. Ondorengoa izendatu duzue. Bai, Jon Urdangarin izango da zuzendari, irailetik. Orain ari gara gauza batzuk egiten, eta gero ere, lehenengo hilabeteetan-edo, beharko da nire laguntza. Baina, hemen egongo naizenez, ez da arazoa izango. Garbi utziko dugu, badaezpada, ez zoazela erretiroa hartzera. Ez, ez, ez. Oraindik urte batzuk baditut. Maizpiden jarraituko dut, irakasle. Soldadu arrunt. Beraz, berriz ere hasierara… Bai, hori da. Beno, nik erabat-erabat ez diot utzi klaseak emateari. Nahi baino gutxiago ematen ditut orain, baina denbora guztian klaseak ematen aritu naiz. Adibidez, azkeneko bi urteotan Ampon eman ditut klaseak, goizean zortzietatik bederatzietara, astean bi egunetan. Ordutegia banatzen hasi eta osatzeko orduak falta baldin baziren, bada, gustura. Kontaktu hori estimatu duzu? Bai, bai. Ikasleekin harremana [...]
Maizpide euskaltegiaren bilakaerari estu lotuta dago Marian Bidegain gabiriarraren (Mutiloa, 1959) ibilbidea. Aurretik, Goierriko Euskal Eskola aitzindarian ibili zen, euskara eskolak ematen, 1978az geroztik.
Eraikin berrian barnetegia sortu zutenetik, 1988tik, zuzendaritzako hiru kideetako bat izan zen —idazkari akademiko—, lehen hiru zuzendariekin: Dionisio Amundarain, Pello Joxe Aranburu eta Lurdes Amundarain. 1997an ardura gorena hartu zuen, zuzendariarena. Abuztu azkenean utziko du kargua, 15 urte eta gero.
Zuzendaritza uzteko erabakia hartu duzu. Arrazoirik bada?
Errelebo beharra. Pertsonak sentitzen duena. Nekatu? Ez dakit. Erabat nekatzerako utzi nahi izan dut.
Ondorengoa izendatu duzue.
Bai, Jon Urdangarin izango da zuzendari, irailetik. Orain ari gara gauza batzuk egiten, eta gero ere, lehenengo hilabeteetan-edo, beharko da nire laguntza. Baina, hemen egongo naizenez, ez da arazoa izango.
Garbi utziko dugu, badaezpada, ez zoazela erretiroa hartzera.
Ez, ez, ez. Oraindik urte batzuk baditut. Maizpiden jarraituko dut, irakasle. Soldadu arrunt.
Beraz, berriz ere hasierara…
Bai, hori da. Beno, nik erabat-erabat ez diot utzi klaseak emateari. Nahi baino gutxiago ematen ditut orain, baina denbora guztian klaseak ematen aritu naiz. Adibidez, azkeneko bi urteotan Ampon eman ditut klaseak, goizean zortzietatik bederatzietara, astean bi egunetan. Ordutegia banatzen hasi eta osatzeko orduak falta baldin baziren, bada, gustura.
Kontaktu hori estimatu duzu?
Bai, bai. Ikasleekin harremana erabatekoa daukat. Gazteagoak ginela, klaseak bukatu eta parrandara edo poteatzera ikasleekin joaten ginen. Han asko ikasten zuten, eta guk ondo pasatzen genuen. Ez dakit oso kontziente ginen orduan erakusten ari ginela. Orain, parrandarako ez, baina ikasle-irakasleekin kontaktua, bai. Klasez kanpoko harremanak bideratu nahian, azkeneko urteetan ibili naiz astean bi egunetan ikasleekin paseoak emanez, bazkal ondorenetan. Niri ondo etortzen zitzaidan ibiltzea, eta ikasleak ere hemendik apuntatzen ziren eta ibiltzen ziren.
Maizpide ez baita euskara ikasteko klaseak ematea bakarrik.
Zabaltasun osoan. Euskaraz bizitzeko tokia da, ez ikasteko bakarrik. Euskaraz bizi. Adibidez, gaur ez daukagu problemarik ikasle guztiak hemen lo egiten geratzeko, baina familia batzuk dauzkagu —nahi baino gutxiago— eta ikasleak animatzen ditugu gauean hara joan afaltzera, eta haiekin bizitzeko. Ez da toki arazoa daukagulako, baizik kontaktua eta familia batekin benetako bizitza erreala euskaraz egiteko.
Euskaltegi bat gidatzeko lanak zer esparru hartzen du?
Handi samarra, baina beti hemendik abiatuta. Hau da, nongoa zaren edo zer zaren ahaztu gabe. Taldea kontuan hartuta. Gu txikiak gara, eta askotan indarrak neurtu beharra tokatu zait. Hemendik kanpo bilera asko daude, eta inplikazio maila ere ezin duzu berdina eman. Beti aritu behar duzu zure esparruan komenigarria eta interesgarria zenbateraino den. Indarrak neurtu, alde horretatik.
Orain dela 24 urteren aldean, euskaltegien arteko harremana, adibidez, oso ona da; Erkidego Autonomoko eta batez ere gu garen moduan euskaltegi pribatu homologatuen artekoa. Bat eginda gaude, eta hori indar metaketa handia da gauza asko eskatzeko, egiteko eta bide beretsutik joateko. Hori inportantea da, uste dut arrakastatsua izan dela gure aldetik. Baina urte dezente kosta zaigu sektorea biltzen: AEK, Hika, Batuz, Elkarlan, Maizpide… Dezente gara. Baina hori lortu da.
Batasuna abantaila izango da administrazioaren edo gizartearen beraren aurrean, ezta?
Dudarik gabe. Gure ustez, kontuan hartzeko sektorea gara.
Maizpide sortu, eta zuzendaritza taldean sartu zinen garaira joanez; zer aldatu da ordundik?
Aldaketak ikaragarriak izan dira, denak; onak eta txarragoak. Ikasle kopuru aldetik askoz ere gehiago geneuzkan orduan, batez ere udan. Udan Maizpide txiki zen orduan, eta eskola publikoa eta ikastola hartzen eta betetzen genituen. Lo egiteko hemen geneukan azpiegitura ederra, baina hemen ere 124 lagun kabitzen dira. Eginda gaude, orain ikasgela direnetan logelak muntatu. Uztail aurreko astebete-edo izerdi batean pasatzen genuen, baina ez kezkarena, izerdi fisikoa, lan gogorra eginda irakasle guztiek.
Ikasle uholde guztia sartzeko.
Denak hartzeko. Hori bai ez dela aldatu gure historian: ez diogu inori ezezkoa esan.
Nahi izan duen guztiak etorri ahal izan du Maizpidera?
Nahi izan duen guztiak, bai. HABE saiatu zen bolada batean mozten. Zigor ekonomikoa geneukan kopuru batetik gora pasatzen baginen. Beti ibili gara diru laguntzen menpe, baina ez genion kasurik egin horri [hunkituta]. Beti esaten genuen: «Galdu egingo dugu dirutan honekin, zigorra ematen digutelako. Baina jendea euskaldunduko da». Bataz beste ez genuela galduko bagenekien.
Eta, gaur egun?
Jende kopuru hori pixkanaka jaitsiz joan da. Tokiz orain Maizpiden moldatzen gara. Hau betetzen zaigunean —azkeneko hamar urteotan ere izan dira kasuak— fraideetan eta mojetan logelak hartu, Gerrikokoei pisuak alokatu eta halakoak egin izan ditugu. Hori ere pasatu da, eta hemen moldatzen gara orain, nahiko ondo.
Ikasleria aldetik, alderik bai?
Ikasle perfilean bataz besteko adina goraka doa seguruenik. Bestela, ikaslearen tipologia ez da hain gogorra, gizarteak berak markatu duena delako. Hobeak, txarragoak edo zer, gizartearen isla da, eta kito. Eta, baliabide material aldetik, hor bai, orain dela 24 urte baino askoz hobeto gaude.
Arantzarik geratu zaizu? Egin nahi bai, baina egin ezinik…
Bai, begira. Kuriosoki, Gasteizko Hikako zuzendaria ere orain doa uztera, eta esaten zuen sentsazio txarrarekin bukatu behar zuela, diru laguntzen egoera eta hizkuntza politika ikusita. Eta, igual, horixe [hunkituta]. PSOEren legealdi honetan ez dugu batere zorterik eduki, politikaz aparte ere ez dugu zorterik eduki HABErekin. Batere ez.
Bestalde, alde batetik diru murrizketak, eta bestetik hizkuntza legearekin ez dakit beraien helburua zein den, baina ez da behintzat euskara sustatzea. Inolaz ere ez da hori helburua. Ez da normala esatea, «diru murrizketa izango duzue datorren ikasturtean, baina ikasle jaitsiera ere izango duzuenez, parean geratuko zarete». Orduan, zuek zer egin behar duzue, zein da helburua?
Euskararen dekretuarekin Hezkuntzan egin dutena, hori kristoren gola izan da. Denok isilik gaude, ematen du gainera erdi beldurrez, baina hor gol handi samarra sartu dute. Ea nola ematen zaion horri buelta orain. Hori faltsua da, eta denok dakigu. Jende batzuek esaten digute: «Zuei eragin ikaragarria egingo dizue, ezta? Nabarituko duzue ikasle kopuruaren jaitsiera…». Hori al da, bada? Hori ez da. Gu, berez, desagertzeko sortu ginen, baina euskaldundu eta gero. Horrela gaude?
Zer eman dizu Maizpidek zuzendari izan zaren urteotan?
Harremanetan asko gozatu dut, hori kudeatzen. Igual ez da errazenetakoa barruko harremanena, ikasle eta irakasleenak. Baina, sufrimendu dena alde batetik, emaitzarekin satisfakzio maila handia da bestetik. Bestalde, ikuspuntu desberdinak onartzeko, entzuteko gaitasuna garatu edo. Jende interesgarria ezagutzeko aukera handia ere bai, arlo askotan, Maizpide barruan eta hemendik kanpo.