Jubilatuek piztu dute jaietako sua
Dena batera egokitu zen atzo. Alde batetik, asteazkeneroko azoka asteartera aurreratzea erabaki zuen udalak, eta plaza ingurua bete-bete eginda egon zen goizean goizetik. Hamabiak pasatxo zirela –soinuarekin zegoen arazo batek eragin zuen atzerapena– piztu zuen Santa Ana jaiei hasiera eman zien suziria Alberto Brizek , jubilatuen elkarteko lehendakariak. Aurten 25 urte bete ditu elkarte horrek, eta errekonozimendu modura erabaki zuen jai batzordeak ohore hori jubilatuen esku uztea. Jose Luis Merino eta Raquel Bravo zuzendaritzakideak izan zituen ondoan. Igor Eguren alkateak ondo pasatzeko deia egin zien herritar guztiei, eta eguraldi eguzkitsuari ere aipamena egin zion. Izan ere, ordiziar guztiek ondo gogoan dute iazko giro goibela. Aurten egueraldiaren aitzakiarik behintzat ez da izango aurreneko bi-hiru egunetan. Eta txupinazoa bota eta beherala Burrunbazale txaranga Ordiziarrak gera! jotzen hasi zenean, festak goia jo zuen. Plaza inguruan bildutako herritar guztiek kanta eta dantza aritu ziren, harik eta buruhandiak korrika atera ziren arte. Kale Nagusian bildutako jende gehiena Urdaneta kalerantz abiatu zen orduan, erraldoien, txistularien eta trikitilarien segizioari jarraituz. Bero zegoen giroa, 30 graduren bueltan, eta buruhandia zeramaten mutilek nahikoa lan zuten haien zeregina betetzen, izerdi patsetan bukatu baitzuten. 13:30ak alderako amaitua zegoen eguerdiko festa. Bazkaria txosna gunean Txupinazo garaian ere ikusi ziren euskal presoak Euskal [...]
Igor Eguren alkateak ondo pasatzeko deia egin zien herritar guztiei, eta eguraldi eguzkitsuari ere aipamena egin zion. Izan ere, ordiziar guztiek ondo gogoan dute iazko giro goibela. Aurten egueraldiaren aitzakiarik behintzat ez da izango aurreneko bi-hiru egunetan. Eta txupinazoa bota eta beherala Burrunbazale txaranga Ordiziarrak gera! jotzen hasi zenean, festak goia jo zuen. Plaza inguruan bildutako herritar guztiek kanta eta dantza aritu ziren, harik eta buruhandiak korrika atera ziren arte.
Kale Nagusian bildutako jende gehiena Urdaneta kalerantz abiatu zen orduan, erraldoien, txistularien eta trikitilarien segizioari jarraituz. Bero zegoen giroa, 30 graduren bueltan, eta buruhandia zeramaten mutilek nahikoa lan zuten haien zeregina betetzen, izerdi patsetan bukatu baitzuten. 13:30ak alderako amaitua zegoen eguerdiko festa.
Bazkaria txosna gunean
Txupinazo garaian ere ikusi ziren euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzen zuten oihalak. Atzoko eguna, izan ere, Herrira Eguna bezala bataiatu zuten txosna batzordeak eta gaztetxeak. Eguerdian ehundik gora lagunek herri bazkaria egin zuten txosna gunean, eta festetan falta diren herritarrak gogoratu zituzten oholtza gainean mahai huts bat, eta seina platera eta edalontzi huts jarriaz.
Preso eta iheslarien aldeko topa egin ondoren, Aitor Furundarena musikariarekin kantuan aritu ziren bazkarian bildu zirenak. Arratsaldean, berriz, Euskal preso eta iheslariak etxera, eskubide guztien jabe lemapean manifestazioa egin zuten. Atzokoa izan zen txosnek eta gaztetxeak Santa Ana jaiei begira antolatutako azken ekitaldi aipagarriena.
Bigantxa-futbola
Eta arratsalde erdian San Bartolome auzoan egon zen festa. El Albero zezenzale taldeak antolatutako VIII. Bigantxa-Fubtol Txapelketa jokatu zen. Txapelketa hori orain urte batzuk hil zen Johan Usabiaga ordiziar gaztea gogoratzeko ere baliatzen dute. Giro jatorrean aritu ziren –hori bai, bero galantarekin–, eta ipurdiko bat edo beste egonagatik, giro ederra egon zen bai hondar artean eta baita harmailetan ere.
Arratsaldean berriz egin zuten kalejira buruhandi eta erraldoiek, eta 19:00etan kontzertua egin zuen Starblues taldeak Garagartza plazan. Egunari bukaera emateko helduen danborrada egin zen gauean. Ordiziako Martxa joz borobildu zuten eguna.
Gaur, egun bete-betea
Laguntasuna Errondailak esnatuko du gaur herria, 07:30ean goizeresia egingo baitute, eta kontzertua ere bai 13:00ean. Goizean zehar, hala ere, Ordiziako 89. Klasikak bereganatuko du herritar askoren arreta. 18:00etan hiru ekitaldi hasiko dira: errekortarien erakustaldia, pala motzeko finalak eta haurren dantzaldia. Eta Mariatxiek alaituko dute arratsalde-gaua, aurrena kalejirarekin eta gero kontzertuarekin.
Lau goierritar lehiatuko dira gaur Ordiziako 89. Klasikan
Euskaltel-Euskadi taldeko Gorka eta Jon Izagirre anaia ormaiztegiarrak, Caja Ruraleko Garikoitz Bravo lazkaotarra eta Gios taldeko Aitor Perez Arrieta zegamarra izango dira gaur jokatuko den Ordiziako 89. Klasikan parte hartuko duten lau goierritarrak. Hamahiru taldetako 130 txirrindulari ariko dira gaur lehian, eta proba irabazteko hautagaien artean daude Izagirre anaiak, Movistar taldeko Jose Ivan Gutierrez eta Pablo Lastras –azken bi ekitaldietan hirugarren izan da–, eta Garikoitz Bravok ere etxe inguruan zerbait erakusteko asmoa badu. Julien Simon iazko irabazlea ez da Ordizian izango.
Gorka Izagirrek orain bi urteko garaipena errepikatu nahi du gaur Ordizian. Ormaiztegikoa ondo aritu da Frantziako Tourrean –herenegun iritsi zen etxera–, eta sasoi puntu hori baliatu nahi du berriz txapel gorria janzteko. Androni taldeko Miguel AngelRubiano eta Emanuele Sella, eta orain hiru urteko irabazlea ere, Jaume Rovira, aipatzeko moduko txirrindulariak dira.
Joxemiel Barandiaran plazan elkartuko dira txirrindulariak 09:00etan, eta taldeko argazkiak atera eta kontrol-sinadurak egin ondoren, 10:00etan abiatuko da lasterketa. 165,7 kilometroko jarduna dute aurretik, eta ibilbidea ohikoa da: bost aldiz igaroko dira Abaltzisketatik (10:29, 11:15, 11:57, 12:47 eta 13:36) eta bi aldiz Altzo gainetik (12:33 eta 13:22). Ordubiak aldera iritsiko dira lehen sailkatuak helmugara.
Mendiburu omenduko dute
Proba hasi aurretik, eta Txapel Gorri elkarte antolatzaileak urtero egin duten moduan, txirrindulari ohi bat omenduko dute. Aurten Antonio Mendiburu donostiarra izango da omendua. 1951n Ordiziako Klasika irabazi zuen Mendiburuk.















