Koldo Zubeldia poetak naturari idatzi dio bere seigarren liburuan
Seigarrena sei jarri dio izenburu Koldo Zubeldia poeta zaldibiarrak bere azkeneko liburuari. Autoedizioaren bidetik, argitaratu duen seigarren lana du. Inprimategitik gaur-biharretan da jasotzekoa ehun aleko sorta. Gatazka liburu-dendaren bidez banatuk...
Seigarrena sei jarri dio izenburu Koldo Zubeldia poeta zaldibiarrak bere azkeneko liburuari. Autoedizioaren bidetik, argitaratu duen seigarren lana du. Inprimategitik gaur-biharretan da jasotzekoa ehun aleko sorta. Gatazka liburu-dendaren bidez banatuko dizkiote aleak Euskal Herriko hiriburuetan. Goierrin, Beasaingo Mirentxun egongo da erosteko aukera, 15 euroan.
«Naturan inspiratutako bizipenak» islatu ditu olerki bilduman, 54 poemarekin osatutakoa. «Bizitzak gozotik bakarrik ez duenez, malkoen mikatzari ere eskaini diot olerki bat», dio Zubeldiak.
Aurkezpena, Zumarragan
Izenburuari dagokionez, Gabriel Korta idazle errenteriarraren Bosgarrena bost liburuaren tituluko ideiatik edan du bere liburuarena jartzeko. Zumarragako Idazle Eskolan irakurriak ditu dagoeneko poemak, eta «gustatu» zitzaizkie entzuleei.
Aurkezpena egiteko, hain zuzen, Zumarraga aukeratu du Zubeldiak. Zelai Arizti kultur etxean, bihar 19:00etan, emango du egileak Seigarrena sei-ren berri.
Aurretik kaleratuak dituen beste bost liburuen salmentarekin «pozik» dago, orokorrean, zaldibiarra. «Lehenengo biak hobeto saldu ziren». Azken proiektutik kanpo hamasei olerki gehiago geratu zaizkio, inprimatu gabe. «Hurrengo liburu baterako».












