“Ilusioz beteta” ekingo dio ligari Ampo Ordiziak
“Egin ditugun aldaketak ilusioz egindakoak izan dira, eta espero dut aldaketak onerako izango direla”. Axio Araña Ampo Ordizia errugbi taldeko entrenatzailearen hitzak dira horiek, gaur eguerdian Olaberriko Castillo Hotelean eginak. Iaz bezalaxe, leku bera erabili du Ordizia Rugby Elkarteak lehen taldearen aurkezpen ofiziala egiteko. Arañarekin batera, Santos Regil kirol zuzendari berria eta Phil Huxford jokalari eta hiru laurdeneko jokalarien entrenatzailea, Ignas Darkintis harroin lituaniar fitxatu berria eta harrobitik lehen taldera igo berri den Mikel Aizpurua 19 urteko gaztea izan dira. Errugbi elkarteko ordezkari modura, Antonio Villafranca Villa prentsaburua izan da ekitaldian. Hainbat babesle ere izan dira gaur Castillon. Afizionatu izatetik amateur izatera Santos Regil izan da hitza hartzen aurrena. Regil jokalari ohia da eta beheko mailako taldeetan eta bigarren taldearen entrenatzaile gisa aritu da orain arte. Gogoratu du Ordizia Rugby Elkarteak orain urte batzuk erabaki zuela etxeko jendea entrenatzaile modura formatzea etorkizunean ardura postuak izateko, eta berari aurten iritsiko zaiola ardura hori betetzeko garaia. “Mentalitate aldaketa egon da azken urteetan klubean. Profesionaltasuna urruti dago, baina afizionatu mailako errugbia egitetik amateur mailako errugbia egitera pasatu nahi dugu. Hori da daukagun ideia”. Axio Araña “ilusionatuta” dago denboraldi berriari begira. Araña jakitun da iaztik hona klubaren egituran egin diren aldaketek zeresan handia eman [...]
“Egin ditugun aldaketak ilusioz egindakoak izan dira, eta espero dut aldaketak onerako izango direla”. Axio Araña Ampo Ordizia errugbi taldeko entrenatzailearen hitzak dira horiek, gaur eguerdian Olaberriko Castillo Hotelean eginak. Iaz bezalaxe, leku bera erabili du Ordizia Rugby Elkarteak lehen taldearen aurkezpen ofiziala egiteko.
Arañarekin batera, Santos Regil kirol zuzendari berria eta Phil Huxford jokalari eta hiru laurdeneko jokalarien entrenatzailea, Ignas Darkintis harroin lituaniar fitxatu berria eta harrobitik lehen taldera igo berri den Mikel Aizpurua 19 urteko gaztea izan dira. Errugbi elkarteko ordezkari modura, Antonio Villafranca Villa prentsaburua izan da ekitaldian. Hainbat babesle ere izan dira gaur Castillon.
Afizionatu izatetik amateur izatera
Santos Regil izan da hitza hartzen aurrena. Regil jokalari ohia da eta beheko mailako taldeetan eta bigarren taldearen entrenatzaile gisa aritu da orain arte. Gogoratu du Ordizia Rugby Elkarteak orain urte batzuk erabaki zuela etxeko jendea entrenatzaile modura formatzea etorkizunean ardura postuak izateko, eta berari aurten iritsiko zaiola ardura hori betetzeko garaia. “Mentalitate aldaketa egon da azken urteetan klubean. Profesionaltasuna urruti dago, baina afizionatu mailako errugbia egitetik amateur mailako errugbia egitera pasatu nahi dugu. Hori da daukagun ideia”.
Axio Araña “ilusionatuta” dago denboraldi berriari begira. Araña jakitun da iaztik hona klubaren egituran egin diren aldaketek zeresan handia eman dutela herrian eta komunikabideetan, baina “aldaketak onerako” izango direla uste du. “Plazera izaten ari da etxeko jendearekin lan egitea. Onartzen dugu maila honetan aritzeko laguntza beharko dugula, baina ziur nago lehen mailan goren-gorenean egongo garela”.
Phil Huxford jokalariak, eta aurten hiru laurdeneko jokalarien entrenatzaile ere izango denak, hitz batzuk ere egin ditu. Haren esanetan, “xehetasun txikiak” zuzentzea izango da bere lana, “oinarri ona jokalari guztiek dutelako”. Halaber, Huxforden arduretako bat izango da iritsi berri diren jokalariei taldean eta herrian integratzen laguntzea.
“Akatsa onartzen dugu”
VRAC Quesos Entrepinaresen aurka Espainiako Superkopako finalean taldea nola ikusi zuten galdetuta, Arañak esan du “lehen partida garrantzitsua galdu” egin zutela. “Presiorik gabe joan behar ginela esan genuen, eta agian hori izan da gure akatsa. Maila gorenean agian ez dago mezu horiek ematerik, eta zentzu horretan, klub bezala, akats hori onartzen dugu”.
Gainontzean, partida hartan taldeak eman zuen itxurarekin “gustura” dagoela esan du Arañak, eta Regilek nabarmendu du jokalari ia guztiak liga hasierarako prest daudela, fitxaketa berriak ondo integratzen ari direla eta ez dagoela inolako aitzakiarik jartzerik igandeko norgehiagokari begira.