XVIII. Azoka Ekologikoa egingo dute Zerainen igande honetan
Igande honetan, goizeko 09:00etatik hasita, Zeraingo plaza eta inguruak festa giroz jantziko dira. Azoka ekologikoaren XVIII. edizia ospatuko dute bertan eta modu askotariko jarduerak egongo dira goiz osoan zehar. Atzo Zeraingo kultur etxean egin zuten aurkezpenean azaldu zuten azokaren eta Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren V. Hamabostaldian egongo diren ikastaroen berri. Bertara Zerain Dezagun fundazioko Juan Mari Iztueta eta Jagoba Errekondo, Adrian Sanchez Biolur elkartzeko koordinatzailea eta Goierriko Baratzako Txisku Masid izan ziren. Azoka baino gehiago Igandean Zerainen 42 postu inguru izango dira produktu ekologikoz beteta: barazkiak, fruta, ogia, hiru motatako gaztak, sagardoa, ardoa, olioa, txerrikiak, gozoak, germinatuak, kosmetika naturala, tinte naturalak… Postu horietako 16 gipuzkoarrak izango dira, gainera. Produktu ekologikoekin, era berean, pintxoak ere banatuko dituzte. Biolurreko Adrian Sanchezek atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, «topagune garrantzitsua da Zeraingoa produktuak saldu eta erosteko, eta batez ere erosle eta saltzaileen arteko harremanak sortzeko edota indartzeko. Izan ere, produktu mota hauek non eros daitezkeen jakitetik hasi behar da». Plazan egongo diren postuez gain, zer gozaturik ez da faltako goiz osoan zehar. Albaolakoek bi untzi ekarriko dituzte bertaratuek ikus ditzaten eta horien ezaugarriak ezagutu ditzaten: arrantzontzi bat eta produktuen garraiorako erabiltzen zen bat. Gainera, barnealdearekin itsasoak eta itsasoak sortzen zituen beharrek zer erlazio zuten [...]
Atzo Zeraingo kultur etxean egin zuten aurkezpenean azaldu zuten azokaren eta Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren V. Hamabostaldian egongo diren ikastaroen berri. Bertara Zerain Dezagun fundazioko Juan Mari Iztueta eta Jagoba Errekondo, Adrian Sanchez Biolur elkartzeko koordinatzailea eta Goierriko Baratzako Txisku Masid izan ziren.
Azoka baino gehiago
Igandean Zerainen 42 postu inguru izango dira produktu ekologikoz beteta: barazkiak, fruta, ogia, hiru motatako gaztak, sagardoa, ardoa, olioa, txerrikiak, gozoak, germinatuak, kosmetika naturala, tinte naturalak… Postu horietako 16 gipuzkoarrak izango dira, gainera. Produktu ekologikoekin, era berean, pintxoak ere banatuko dituzte.
Biolurreko Adrian Sanchezek atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, «topagune garrantzitsua da Zeraingoa produktuak saldu eta erosteko, eta batez ere erosle eta saltzaileen arteko harremanak sortzeko edota indartzeko. Izan ere, produktu mota hauek non eros daitezkeen jakitetik hasi behar da».
Plazan egongo diren postuez gain, zer gozaturik ez da faltako goiz osoan zehar. Albaolakoek bi untzi ekarriko dituzte bertaratuek ikus ditzaten eta horien ezaugarriak ezagutu ditzaten: arrantzontzi bat eta produktuen garraiorako erabiltzen zen bat. Gainera, barnealdearekin itsasoak eta itsasoak sortzen zituen beharrek zer erlazio zuten ezagutzeko aukera ere izango da Zerainen. Azoka honetan urtero aldatzen den berezitasunetariko bat izango da hau.
Umeentzako zein helduentzako tailerrak ere egongo dira: gailetak egin eta bertako labean berotuko dituzte, sendabelarrekin ukenduak egiten ikasteko tailerra egingo dute, gozogintza tailerra ere egongo da…
Bestelako ikuskizunak ere izango dira goizean zehar: mota ezberdinetako artisauak egongo dira herrian zehar, lixibagileak lixiba egiten ikusteko aukera egongo da, tolarea jarriko dute eta antzinako eran sagar muztioa atera eta hura dastatzeko aukera egongo da, pintxo ekologikoak ere egongo dira, egurra nola tailatzen den ikusi eta ikasteko aukera egongo da eta egun osoan zehar Xapre trikitilaria arituko da. Goizeko jendetzak alde egin ostean, arratsalde partean herri kirolak egongo dira.
Hamabostaldi betea
Azoka antolatzen 68 herritar ari direla ere azpimarratu zuen atzoko prentsaurrekoan Jagoba Errekondok: «Zeraindarren lau lagunetik batek azoka antolatzen lagundu duela esan nahi du horrek». Era berean azpimarratu zuen, Zerainen duela 18 urte nekazaritza ekologikoaren alde egin zen apostu honek jarraipen garbia duela ikusi dela. «Geroz eta errotuago» dagoela azaldu zuen pentsamendu hau eta «lehen sektorearen aldeko apostu oso garrantzitsua» egiten dela horrelako ekimenekin.
Zerainen egiten den azoka ekologikoaz haratago, ekologiari eta elikadura osasuntsuari lotutako ekintza gehiago egiteko asmoz, duela bost urte Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostadia egiten hasi ziren, eta aurten ere ekintza sorta ederra antolatu dute, Goierriko herri ezberdinetan epe motz zein luzeko ikastaroak antolatuta.
Bi ikastaro nagusi antolatu dituzte aurten. Urriko larunbatetan zehar Garbiñe Etxanizek makrobiotika eta, batez ere, egoki elikatzearen inguruko ikastaroa eskainiko du Ataunen. Atzo azaldu zutenez, jateko ohiturak berrikasteko oinarrizko ikastaroa izango da hau, osasuna, elikadura orekatua eta giza garapena lotuz.
Bestea, berriz, ogigintza ikastaroa izango da. Ogi ekologikoa egiten ikasteko kurtsoa izango da, eta Ezkio-Itsasoko Haristizabal baserrian izango da. Atzo azaldu zutenez, dagoeneko ia-ia beteta dago gehienezko ikasleen kopurua, baina udaberrian ikastaro bera egiteko asmoa azaldu zuten. Goierriko Baratzako Masidek azaldu zuenez, «ahalik eta preziorik zuzenena jartzen» saiatu dira ikastaro hauetarako, eta ikastaro bakoitzak, bere osotasunean,180 euro balioko du. Ikastaro horietan izena emateko Ordizian dagoen Goierriko Baratza dendara joan behar da, edo 943 08 74 98 zenbakira deitu.
Ikastaroez gain, hitzaldi ugari
Ikastaroez gain, hitzaldi ugari antolatu dituzte hamabostaldi honetarako. Lehena Zerainen izango da, datorren asteartean, etxeko frutarbolak nola zaindu ikasteko.
Ostegunean, berriz, Ordiziako D’elikatuzen sulfitorik gabeko lehenengo ardo ekologikoaren aurkezpena eta dastaketa egingo dute. Irailaren 25ean haur nutrizioari buruz hitz egingo dute Ataungo udaletxean. Energia aurreztuz etxe eraginkorragoak lortzen ikasteko, berriz, irailaren 27an Ordiziako Barrenan izango da aukera. Hitzaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.














