Pedro Urretabizkaia: «Lokal bat behar dugu, etorkinen arazo handienetako bat bakardadea baita»
Bategite elkarteak Gipuzkoako Etorkinen Eguna antolatu du iganderako. Bultzatzaile nagusia Pedro Urretabizkaia Pitxu da (Beasain, 1957).
Nolatan otu zaizue festa hau antolatzea?
SOS Arrazakeria elkarteko kideak gara eta festa hau antolatzea bururatu zitzaidan. Gipuzkoan lehenengoz antolatuko da halako egun bat, eta printzipioz, hurrengo edizioak ere Beasainen izango dira.
Nolakoa izango da ekitaldia?
18 herrialdetako ordezkarik 20 postu jarriko dituzte. Arrozaren Festa egingo da, eta zazpi herrialdetako arroza dastatzeko aukera izango da: Pakistan, Portugal, Ekuador, Nikaragua, Dominikar Errepublika, Nepal, Kolonbia eta Senegalgoa.
Folkloreak ere bere tokia izango al du?
Bai, 17:00etan Senegalgo talde batek kalejira egingo du, eta 18:30ean Nepalgo, Maroko eta Latinoamerikako musika entzuteko aukera izango da. Futbol txapelketako finala ere jokatuko dute 12:30ean.
Zuen helburua etorkinei laguntzea da. Zuenaren moduko elkarte asko al daude Gipuzkoan?
Gipuzkoan gurea bezalako 40-50 talde daude.
Zenbat lagun zaudete Bategite elkartean?
30 bat herrialdetako 200lagun inguru.
Zeintzuk dira zuen behar nagusiak?
Lokal bat behar dugu eta udalarekin borrokan ari gara. Izan ere, etorkinen arazo handienetako bat bakardadea da, eta lokal bat izango bagenu jendeak elkar ezagutzeko aukera izango luke. Gainera, hilero 2.000 kilo janari banatzen dugu 200 lagunen artean. Egoitzarik ez dugunez, janaria nire etxean gordetzen dut.
Nolatan hasi zineten janaria banatzen?
Iazko maiatzean etorkinek plazan kanpatzeko asmoa zutela jakin nuen, janaririk ez zutelako. Halakorik ez egiteko eskatu nien. Alkatearengana jo nuen eta honek Bergarako Elikagai Bankuarengana bideratu ninduen.
Zer nolako egoera bizi dute Goierriko etorkinek?
Egoera zaila bizi dute, hemengo txiroenak baitira. Euren artean langabezia tasa oso altua da.
Arrazakeria kasurik ezagutu al duzu?
Hiru ezagutu ditut eta hiruetan administrazioa tartean zen. Behin, auto batek mutiko bat harrapatu zuen Beasainen, eta anbulatorioan ez zioten anbulantziarik eskaini Zumarragara joateko. Lazkaon Nikaraguako emakume bati ez zioten osasun txartela eman nahi. Hemen erroldatua zegoen eta lana zuen. Eta Perutik etorritako emakume bati Lanbiden ez zioten lan kontraturik egin nahi gure artean denbora gutxi zeramalako. Zorionez, hiru arazo horiei irtenbidea ematea lortu genuen.