Samielak, sugarraren festa
Kristautasunaren aurreko garaien oihartzuna dira San Migel festak. Udazken hasierako ospakizun paganoen bilakaeran, asteburuan ospatuko dituzte Goierriko bost tokitan jaiak. Gaintzan eta Altzagan herriko festa nagusiak dira, baita Idiazabalgo Urtsuaran auzoan ere. Horiez gain, Lazkaon eta Ormaiztegin ere asteburu ederra izango da.
«Mendia zen sineste zaharretako katedral eta santutegia. Ez, hala ere, edozein mendi. Zerutik gertu zegoen mendi aukeratuak, Amaren sabelera doan bide antzera, kobazulo edo leizeren bat behar zuen goiko aita indarrak lurraren ama sabela ernaltzeko. Horrela sortu zen mundu guztiko mendi santuen mitoa. Bizia ematen duen sugaar edo suge harra. Herensugea, alegia», idatzi zuen Jose Mari Satrustegi (Arruazu, 1930 – Iruñea, 2003) etnografoak.
Ez da, horrenbestez, kasualitatea Elizak San Mikel, euskaldunen Garikoitz gudaria, su garrekin lotu izana. «Udaberrian ikusten da garra dariola kanpora ateratzen, eta udazkenean itzultzen da berriro lurpean dagoen neguko gelara».
Sugarraren izaera bikoitza
Herensugea, berez, «biziaren aita» da euskal sinesmen zaharrean. «Baina, gero, bere umeen irensle bihurtzen da, ekaitz, tximista, lurrikara, uholde, lehorte eta ezbehar guztien figuran, eta gizonak hil egiten du. Bide berean egurasten da Mari, lurraren emankortasunaren irudia», Satrustegiren esanetan.
Mendi horien inguruan egiten ziren erlijio paganoen ospakizun nagusiak, eta Eliza indartzen joan zen eran mendietako kultua kristautzen ahalegindu zen. «Aralarko elizaren oinarrian erromaniko eta arabiar kutsuko aztarnak baino lehenagokoak aurkitu dira», gogorarazi zuen etnografo nafarrak, frogagiri gisa.
«Europan zehar, emankortasunaren ildoko mendi santu horiek, done Mikelen izenean bataiatu zituen Elizak, hala nola Farfa Frantzian, Gargano Italian, edota Aralarkoa Nafarroan. Horregatik sartu zituen liturgian Mikel goiaingeruaren bi festa: udaberrikoa maiatzaren 8an eta udazkenekoa irailaren 29an, aurrekoen festaburu zaharretan».
Udazkeneko festaburu paganoa, beraz, biziberrituko da Altzagan, Gaintzan, Ormaiztegin, Urtsuaranen eta Lazkaon. Beste behin, urtaroen mugarekin bat ospatzen diren jaieretako bat dira samielak.
• Ikusi egitarauak goierrikofestak.hitza.eus webgunean














