Zine eta kultur eskaintza betea udazkenerako
Udazkeneko kultur eskaintza ondo beteta dator aurten. Izan ere, urteroko Udazken kulturalaren egitarauari, Usurbe antzokiko eskaintza berritua gehitu zaio. Udal ordezkariek azaldu dutenez, datozen hilabeteetako egitaraua osatzerako garaian, «kultur adierazpide eta diziplina guztiak» izan dituzte kontuan. Herriko hainbat elkarteren laguntzari esker, denen artean «egitarau zabala» osatu dutela uste dute. Udazken kulturalaren barruan, urteroko ekitaldiek izango dute tokia; baina «urtez urte ekitaldi berriak ate joka» etortzen direla azaldu du Aitor Larburu zinegotziak. Tartean, 36ko gerrako memoria historikoa berreskuratzeko taldeak antolatu duen hitzaldia eta omenaldia aipatu zituen. Beasainen fusilatutakoak azaroaren 10ean omenduko dituzte; aurretik, ordea, azaroaren 7an, Pako Etxeberria Aranzadiko kideak eta Iñaki Egaña historialariak gau beltz hartan gertatutakoa izango dute hizpide. Baina kultur molde eta gustu ezberdinak ez ezik, adin guztietako jendearentzako moduko ekitaldiak egiten saiatu dira. Gazteei dagokionean, Jazpana Fest jaialdia azpimarratu zuen Larburuk; «urtez urte arrakasta handia izaten ari da, eta aurten gainera, lehen aldiz, JazpanArt arte erakusketa ere egingo dute». Azkenik, urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran, udazken garaiko urteroko ekitaldiak izango dira; hala nola, Beasaingo paperak liburuaren aurkezpena, odolki kofradiak antolatzen duen eguna edota errezil sagar nahiz barazkien lehiaketak. Zinea, eskaintza berrituta Udazken kulturalarekin batera datorren berrikuntza nagusietako bat, ordea, Usurbe antzokiko eskaintza berria izango da. Koldo Agirre alkatearen hitzetan, «normalizazio baten [...]
Udazkeneko kultur eskaintza ondo beteta dator aurten. Izan ere, urteroko Udazken kulturalaren egitarauari, Usurbe antzokiko eskaintza berritua gehitu zaio. Udal ordezkariek azaldu dutenez, datozen hilabeteetako egitaraua osatzerako garaian, «kultur adierazpide eta diziplina guztiak» izan dituzte kontuan. Herriko hainbat elkarteren laguntzari esker, denen artean «egitarau zabala» osatu dutela uste dute.
Udazken kulturalaren barruan, urteroko ekitaldiek izango dute tokia; baina «urtez urte ekitaldi berriak ate joka» etortzen direla azaldu du Aitor Larburu zinegotziak. Tartean, 36ko gerrako memoria historikoa berreskuratzeko taldeak antolatu duen hitzaldia eta omenaldia aipatu zituen. Beasainen fusilatutakoak azaroaren 10ean omenduko dituzte; aurretik, ordea, azaroaren 7an, Pako Etxeberria Aranzadiko kideak eta Iñaki Egaña historialariak gau beltz hartan gertatutakoa izango dute hizpide.
Baina kultur molde eta gustu ezberdinak ez ezik, adin guztietako jendearentzako moduko ekitaldiak egiten saiatu dira. Gazteei dagokionean, Jazpana Fest jaialdia azpimarratu zuen Larburuk; «urtez urte arrakasta handia izaten ari da, eta aurten gainera, lehen aldiz, JazpanArt arte erakusketa ere egingo dute».
Azkenik, urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran, udazken garaiko urteroko ekitaldiak izango dira; hala nola, Beasaingo paperak liburuaren aurkezpena, odolki kofradiak antolatzen duen eguna edota errezil sagar nahiz barazkien lehiaketak.
Zinea, eskaintza berrituta
Udazken kulturalarekin batera datorren berrikuntza nagusietako bat, ordea, Usurbe antzokiko eskaintza berria izango da. Koldo Agirre alkatearen hitzetan, «normalizazio baten beharra» ikusten zen. Hala, HiruTek enpresak hartu du zinemaren kudeaketa bere gain, baina lan horretan, Goieniz zineklubarekin eta udaleko kultur sailarekin batera ariko dira elkarlanean.
Rikardo Intxausti HiruTek enpresako kideak azaldu duenez, «Tolosako antzokiko eredua» ekarri nahi dute Usurbera. Horretarako, hilabeteko zine programazioa osatuko dute, ordutegi eta prezioekin, «jendeak aurrez jakin dezan zein pelikula ikusi ahal izango diren herrian». Hori izango da, hilabeteko bonuekin batera, ikusleentzako berrikuntza nagusia. Izan ere, hilabeteko bonua aterako dute, Goieniz zineklubeko filmeak ez ezik, asteburuko helduen filmak ikusteko ere balioko duena. «Urriko bonuarekin, esaterako, 7 film ikusi ahal izango dira, 12 euroren truke».
Eskaintza hori osatzeko, «ahalegin handia» egin dutela azaldu du Intxaustik. «Guk zinean sinisten dugu, eta badakigu zineak jarraitu behar duela. Horregatik espero duguna da jendea bueltatzea berriro zinera, pena merezi duelako». Lehendik zine aretoek zituzten zailtasunei, orain BEZaren igoera gehitu zaiela azaldu du Intxaustik, baina «hor ere ahalegin bat egin dugu eta sarrerei ez diegu igoera hori aplikatuko».
Udalarekin eta Goieniz zineklubarekin «oso harreman ona» dutela dio Intxaustik. Denek ere, filosofia bera dute gainera; zine komertzialaz gain, «Europan egiten den zinearen, eta batez ere euskaraz egiten diren filmeen aldeko apustua» egitea. Zentzu horretan, «euskaraz egiten diren filmeak Beasaina ekartzeko konpromisoa» agertu dute, bai udalak eta baita enpresak ere.