Hamaikabatek EAJren aldeko botoa eskatuko du
Urriaren 21eko hauteskundeetan EAJren aldeko botoa eskatuko du Hamaikabat alderdiak. Hala jakinarazi du arratsalden ohar baten bidez: “Autogobernurako, gizarte kohesiorako eta normalizazio politikorako une erabakior baten aurrean gaudela kontuan izanik, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskaldunek datorren urriaren 21ean erabakiko duten horretan Hamaikabatek parte hartu nahi duelako, gure ustez, Iñigo Urkullu buru duena da hiru erronketan aurrera egiteko berme gehien eskaintzen duena”. Hamaikabaten Nazio Batzarrean hartu dute erabakia, gaur.
Hamaikabatetik adierazi dutenez “aberriaren ibilbidea askoz hobeto egingo da abertzaletasun historikoa ordezkatzen dutenen eskuetan badago”, eta bide horretan “laguntzeko” borondatea adierazi dute, “euskal aberriaren etorkizuna hobea izan dadin”. Arazo nazionalen aurrean, “nahiz lurralde mailako estrategien lehentasunetan” erabateko adostasuna dutela adierazi dute, baina beran jarduera-eremua “herri-mailakoa” dela: “Hor gauzatu ahal izango da gure lankidetza gogoa”.