Kiroldegiko kuotan BEZaren igoera aplikatuko dute
Espainiako Gobernuak onartutako BEZaren igoerak eragina izango du Antzizar Kiroldegiko erabiltzaileen artean. Zerga hori %8koa izatetik %21ekoa izatera pasa da, eta kiroldegiko kuotetan ere igoera hori aplikatu dute. Horren aurrean, udalak eta kirold...
Espainiako Gobernuak onartutako BEZaren igoerak eragina izango du Antzizar Kiroldegiko erabiltzaileen artean. Zerga hori %8koa izatetik %21ekoa izatera pasa da, eta kiroldegiko kuotetan ere igoera hori aplikatu dute. Horren aurrean, udalak eta kiroldegia kudeatzen duen enpresak hainbat neurri hartu dituzte, igoerak erabiltzaileei egingo dien «kaltea leuntze aldera».
Beasaingo udal gobernuak gogor salatu du BEZaren igoera hori, «familien poltsikoa nabarmen kaltetzen» duelako. BEZaren igoerak herritarrei «kalte handia» eragingo diela diote; hori dela eta, kalte hori arintzeko bi neurri iragarri dituzte.
Batetik, 18 urte arteko gazteak ez ezik, 20 urtera artekoak sartuko dituzte familiako bonoetan. Bestetik, kuotak hiruhilekoak izan beharrean, hilerokoak izango dira; horrela, «familien ekonomiak gutxiago nabaritu dezan ordainketa».
Hilabeteko kuota 26,70 eurokoa izango da helduentzat, eta 13,35 eurokoa 18 urtez azpikoentzat. 60 urtetik gorakoek edo Gazte Txartela dutenek, 17,36 euro ordaindu beharko dute. Azkenik, familiako bonoak 40,05 euro balioko du. Bazkidetza bertan behera utzi nahi dutenek, urriaren 12ra arteko epea izango dute horretarako.













