Mikologia asteburua berreskuratuko dute Legazpin hamabi urte eta gero
Mikologia asteburua antolatuko dute Legazpin urriaren 13an eta 14an. Orain dela hamarkada bat pasatxo utzi zitzaion ekimen hau egiteari herrian. Orain, gazte perretxiko zale batzuk elkartu, eta ordukoa berreskuratzea erabaki dute. Aspalditik ideia bur...
Mikologia asteburua antolatuko dute Legazpin urriaren 13an eta 14an. Orain dela hamarkada bat pasatxo utzi zitzaion ekimen hau egiteari herrian. Orain, gazte perretxiko zale batzuk elkartu, eta ordukoa berreskuratzea erabaki dute.
Aspalditik ideia buruan
Aspaldidanik zuten ideia buruan baina saltoa ematea kosta egin zaiela aitortu dute. Aurten, kideetako bat Lekanazpi elkartekoekin harremanetan jarri zen eta hor hasi zen guztia. Elkartekoak hasieratik laguntzeko prest agertu direla eta udalaren babesa ere izan dutela esan dute. Hasteko, lehenengo lana Aranzadi Zientzia elkartekoekin harremanetan jartzea izan da, beraiek egiten baitute bildutako perretxikoen sailkapena. Hala, Mikologia Asteburua urriaren 12tik 14ra egitea zehaztu dute.
Daten aldetik «oso estu» dabiltzala aitortu dute antolatzaileek eta ondorioz, esku artean dituzten hainbat ideia datorren urterako utzi beharko dituzte. Urriaren 12an eta 13an jasoko dituzte perretxikoak Lekanazpin, «norberak bere kontura jaso ditzake, baina 10:00ak eta 14:00ak bitartean Lekanazpira elkartean jasoko ditugu guztiak». Urriaren 13an arratsaldez sailkapenari ekingo diote Aranzadikoen laguntzarekin, eta hurrengo egunean jasotako ale guztien erakusketa antolatuko dute Nafarroa kalean. «Ahal dela perretxiko dastaketa ere eskaini nahi dugu», zehaztu dute.
Gehientsuena lotuta duten arren, herritarrei eta zaletuei antolaketan laguntzeko deia egin diete, bihar 19:00etan Lekanazpin egingo den bilerara gonbidatuz.













