Amets Bide, aro berri bati atea irekiz
Orain lau urte desagertzeko zorian egon zen Jakintza Dantza taldea, baina krisi horretatik indarberrituta atera ondoren, Amets Bide kultur elkartea izatera pasa da tarte horretan. Ez dira nonbait borondatezko lanerako garairik onenak. Konpromiso asko eta astialdiari denborarik ezin eskaini. Duela lau urte Jakintza Dantza Taldea desagertzeko zorian egon baldin bazen, lau urte beranduago erabat indarberrituta eta izena aldatuta etorri da Ordiziako dantza talde berria, orain 40 urtetik gora herrian egon zen dantza taldearen izena hartuz: Amets Bide. Hori bai, dantzara ez ezik, bestelako kultur adierazpenetara irekita daudenez, kultur elkarte izaera eman diote taldeari. Konpromiso eta ez etsitzearen adibide dira Izaro Insausti eta Edurne Saez, Amets Bide Kultur Elkarteko zuzendaritzako kideak. Insaustik urteak daramatza dantza munduan, eta azken urteetan herriko txikienen dantza erakuslea izan da. Saez, berriz, lehen aroko Amets Bide ezagututakoa da. «Orain lau urte desegitekotan egon zen taldea. Artean zeuden irakasleak unibertsitatera joan ziren, jarraitzeko asmorik ez zuten, eta lau lagun geratu ginen, biok, nire ama eta Edurneren alaba, ama-alabak. Bi alabek hartu genituen talde guztiak», gogoratu du Insaustik. Haien buruei esan zieten «poliki-poliki» joan behar zutela, baina «oinarri onak» finkatuz. Insaustiren esanetan, taldearen helburua «umeak heztea» izan da beti, gero, adin batera iristen direnean, haiek egin ditzaten irakasle [...]

Amets Bide elkarteko eta Burrunbazale txarangako kideak, Euskal Jaietan egindako emanaldiaren ondoren. Arg.: Txapis Otegi
Orain lau urte desagertzeko zorian egon zen Jakintza Dantza taldea, baina krisi horretatik indarberrituta atera ondoren, Amets Bide kultur elkartea izatera pasa da tarte horretan.
Ez dira nonbait borondatezko lanerako garairik onenak. Konpromiso asko eta astialdiari denborarik ezin eskaini. Duela lau urte Jakintza Dantza Taldea desagertzeko zorian egon baldin bazen, lau urte beranduago erabat indarberrituta eta izena aldatuta etorri da Ordiziako dantza talde berria, orain 40 urtetik gora herrian egon zen dantza taldearen izena hartuz: Amets Bide. Hori bai, dantzara ez ezik, bestelako kultur adierazpenetara irekita daudenez, kultur elkarte izaera eman diote taldeari.
Konpromiso eta ez etsitzearen adibide dira Izaro Insausti eta Edurne Saez, Amets Bide Kultur Elkarteko zuzendaritzako kideak. Insaustik urteak daramatza dantza munduan, eta azken urteetan herriko txikienen dantza erakuslea izan da. Saez, berriz, lehen aroko Amets Bide ezagututakoa da. «Orain lau urte desegitekotan egon zen taldea. Artean zeuden irakasleak unibertsitatera joan ziren, jarraitzeko asmorik ez zuten, eta lau lagun geratu ginen, biok, nire ama eta Edurneren alaba, ama-alabak. Bi alabek hartu genituen talde guztiak», gogoratu du Insaustik.
Haien buruei esan zieten «poliki-poliki» joan behar zutela, baina «oinarri onak» finkatuz. Insaustiren esanetan, taldearen helburua «umeak heztea» izan da beti, gero, adin batera iristen direnean, haiek egin ditzaten irakasle lanak eta zikloari segida eman diezaioten. «Uste dut hori datorren urtean lortuko dugula». Aurten 120 umek eman dute izena dantza taldean, eta Santa Ana jaietako haurren aurreskuan ere ume askok hartu dute parte.
Helduen ikastaroak pizgarri
Baina taldearen egituran ezina sumatzen bazen, kaleko dantza giroan are nabarmenagoa zen gabezia hori. San Pedro bezperako erromeria zen horren erakusgarri. «Patxi Perez etortzen zen garai hartan dantzak girotzera, eta ikusten genuen oso tristea zela: hamar ume dantzan, Aurtzakatik etorritako batzuk… plazako giroa galduta zegoen».
Egoera horren aurrean zerbait egin beharra zegoela ikusita, helduentzako dantza ikastaroa antolatzea erabaki zuten orain bi urte eta erdi. «Lehen ikastaro hori Milagrosan egin genuen, eta uste baino erantzun hobea izan zuen, eta jendea ere oso gustura ibili zen. Hasieran talde bakarrarekin hastea zen asmoa, baina izena eman zuen jende kopurua ikusita, bi taldetan banatu ginen», adierazi du Saezek. Hark ere ikastaro horiek baliatu ditu galduak zituen dantza pausoak berreskuratu ahal izateko.
Hurrengo urtean berriz antolatu zuten helduentzako ikastaroa, eta «harrera beroa» izan zuen deialdiak, eta baita aurten ere. Oinarrizko ikastaroan 40 lagunek eman dute izena –jubilatu talde batek tartean–, eta jarraipenekoan hogeik. «Ikastaroaren hasierako asmoa erromeria berreskuratzea zen, baina ikusita jendea motibatzen ari zela, gauza gehiago egitea erabaki dugu. Eta sumatu dugu jendeari gauzak eskainiz gero, jendea parte hartzeko prest dagoela», esan du Insaustik.
Iazko Euskal Jaietan Ordiziako Dantzariak izenarekin egin zuen emanaldia ikastarotik sortu den helduen taldeak; aurten, Dantzari Txiki Eguna Dantzari Eguna izatera pasa da, eta helduen taldeak ere dantza egin du; eta aurtengo Euskal Jaietan, dantza emanaldi alaia egin dute herriguneko kale eta plazetan, Burrunbazale txarangak girotuta.
Ilusioa berrituta
«Ilusionatuta gaude. Giro oso ona sortu da taldean, eta hori ere inportantea da. Ni neuk erreparo pixka bat banuen kalean dantzan hasteko, baina gustura nabil», nabarmendu du Saezek. Helduen taldea ere sortu dute aurten, eta erabaki dute ostiralero elkartzea, dantza garaikideak ikasi eta beste herri batzuekin trukeak egin ahal izateko. Herriko beste ekimen batzuetan parte hartzeaz gain, garai batean Oiangun egiten zen erromeria berreskuratzea ere ez dute baztertzen.
Euskal dantzak ernetu zituen lagun taldea
Orain 45 urte inguru Ordizian sortu zen Amets Bide dantza taldea aitzindaria izan zen bere garaian. Ez zuen urte askoan jardun izen horrekin, 1971. urtean Jakintza Ikastolako umeen taldeari heldu baitzioten garaiko arduradunek, taldearen jarraipena ziurtatuz.
Amets Bide dantza taldearen sorrera ez dago egun zehatz bati lotuta, eta haren amaiera ere ez. 1967. urtean sortu zutela dute gogoan garaiko bultzatzaileek, eta lau urte beranduago Jakintza Ikastola sortu berriaren umeen taldea gidatzera pasa zirela. Hala kontatu zioten Nikolas Lasak eta Fernando Garatek Aitor Calvillo ordiziar kazetariari, Santa Ana 2000 liburukian argitaratutako Amets Bidetik Jakintzara artikuluan.
«Gure iritziz, ziur-ziur ez bagaude ere, dantza taldea 1967. urte inguruan sortu zen. Kale Berrian zegoen garai haietan Amets Bide Zentroa eta han elkartzen ginen kuadrillakoak. Gure artean bazegoen horrelako zerbait sortzeko gogoa, eta hala sortu zen». Lasaren eta Garateren esanetan, aurrez nesken dantza taldea egon zen, eta neska horiek gehi inguruko herrietako jendea batuta, lehen entseguekin hasi ziren.
Santa Ana ikastetxea izan zuten lehen entsegu lekua, Alegiako Tomas Iraola erakusle zutela. Goierri kalera pasa ziren ondoren, eta Zigor dantzalekua egon zen garajera gero, Donostiako Herrera auzoko Ramon Garmendia irakasle hartuta. Garateren arabera, irakasleek musutruk egiten zuten lan orduan, eta sor zitezkeen gastuak norberak estaltzen zituen, garai hartan ez baitzuten diru laguntzarik jasotzen.
Jendaurreko lehen emanaldia, berriz, Ordiziako Etxezarreta aretoan egin zuten, 1969ko martxoaren 23an. Jendez gainezka egon zen aretoa, eta bai dantzari eta baita ikusleak ere gustura atera ziren bertatik. Gerora hainbat herritan egin zituzten emanaldiak, jaietan-eta batez ere, eta Tolosako dantza txapelketan ere bitxikeriaren bat bizi izan zuten.
Jakintzako umeen taldea
Urte «ederrak» izan ziren hiruzpalau urte horiek, baina taldeko gizonezkoek soldadutzara joan behar zutela eta, taldea eskasten hasi zen, eta tartean, Jakintza Ikastola ere sortu zen. Nikolas Lasak heldu zion Jakintzako umeen taldeari 1971n, eta modu natural batean izan bazen ere, desagertu egin zen lehen aroko Amets Bide.













