Boluntarioen eguna eta Beasain Elkarlanean jaia egingo dituzte larunbatean
Elkartasunak mila aurpegi izan ditzake, eta horren erakusgarri dira elkartasun proiektuetan diharduten Beasaingo elkarteak. Aste osoan zehar hainbat ekitaldi egin dituzte, baina larunbata izango da, egitarau aldetik, egunik beteena. Beasaingo elkarteek Boluntarioen eguna ospatuko dute batetik; baina egun berean, elkarte horietako batek, Herriak Elkarlanean GBEak, Beasain Elkarlanean eguna ere egingo du. Boluntario astea, herriko gizarte arloko herriko elkarteek urtean zehar egiten duten lan isila ezagutarazteko sortu zen, duela hamaika urte. Gisa horretako hemezortzi elkarte daude Beasainen, eta aste horren barruan, beraien lana kalera ateratzen dute. Horixe egingo dute bihar goizean, Gernika pasealekuan jarriko dituzten postuetan. Besteak beste, umeentzako jolasak, trikitilariak eta Gurea abesbatzaren saioa izango dira. Baita elkarteen arteko patata tortilla lehiaketa ere. Epaimahaikide moduan, Rubiorena, Urbieta, Dolarea eta Xerbera jatetxeetako sukaldariak ariko dira. Aurretik ordea, 12:00etan, eskarmentu gehien duen elkarteari urtero eskaintzen dioten omenaldia egingo dute. Aurten, Alkoholiko Anonimoen elkartea izango da omendua. Elkarte horrek 30 urtetik gora daramatza Beasainen lanean, 1980. urtean hasi baitziren alkoholarekin arazoak dituzten Goierriko biztanleei laguntza eta aholkularitza ematen. Irabazi asmorik gabeko Beasaingo elkarterik beteranoena da. Urbialde plazan duten egoitzan biltzen dira, astearte eta larunbatetan, 19:00etan. Beasain Elkarlanean eguna Boluntarioen Egunarekin batera, Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako festa izango da bihar, arratsalde partean hasita. 16:30ean, zeramika tailerra egingo dute, [...]
Elkartasunak mila aurpegi izan ditzake, eta horren erakusgarri dira elkartasun proiektuetan diharduten Beasaingo elkarteak. Aste osoan zehar hainbat ekitaldi egin dituzte, baina larunbata izango da, egitarau aldetik, egunik beteena. Beasaingo elkarteek Boluntarioen eguna ospatuko dute batetik; baina egun berean, elkarte horietako batek, Herriak Elkarlanean GBEak, Beasain Elkarlanean eguna ere egingo du.
Boluntario astea, herriko gizarte arloko herriko elkarteek urtean zehar egiten duten lan isila ezagutarazteko sortu zen, duela hamaika urte. Gisa horretako hemezortzi elkarte daude Beasainen, eta aste horren barruan, beraien lana kalera ateratzen dute. Horixe egingo dute bihar goizean, Gernika pasealekuan jarriko dituzten postuetan. Besteak beste, umeentzako jolasak, trikitilariak eta Gurea abesbatzaren saioa izango dira. Baita elkarteen arteko patata tortilla lehiaketa ere. Epaimahaikide moduan, Rubiorena, Urbieta, Dolarea eta Xerbera jatetxeetako sukaldariak ariko dira.
Aurretik ordea, 12:00etan, eskarmentu gehien duen elkarteari urtero eskaintzen dioten omenaldia egingo dute. Aurten, Alkoholiko Anonimoen elkartea izango da omendua. Elkarte horrek 30 urtetik gora daramatza Beasainen lanean, 1980. urtean hasi baitziren alkoholarekin arazoak dituzten Goierriko biztanleei laguntza eta aholkularitza ematen. Irabazi asmorik gabeko Beasaingo elkarterik beteranoena da. Urbialde plazan duten egoitzan biltzen dira, astearte eta larunbatetan, 19:00etan.
Beasain Elkarlanean eguna
Boluntarioen Egunarekin batera, Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako festa izango da bihar, arratsalde partean hasita. 16:30ean, zeramika tailerra egingo dute, Raku teknika erabiliz. 18:30ean, buruhandiak aterako dira kalera, musika eskolako trikitilariek lagunduta. 19:00etan berriz, dantzariek egingo dute saioa. Ekitaldi guztiak, plazapean izango dira.
Eguna bukatzeko, Beninen aldeko elkartasun afaria egingo dute, 21:00etan. Herriko elkarte gastronomikoek eta Pulpaliak, galiziar erako afaria prestatuko dute. Afalondoan, umorezko bakarrizketak, keimada eta kantu saioa egingo dituzte, Aitor Furdundarena soinu jolearekin. Afarira joan nahi dutenek, aurrez erosi behar dituzte txartelak. Plazape tabernan eta Bidezko merkataritza dendan daude salgai, 25 euroan.
Larunbateko jaiaren aurretik, ordea, gaur iluntzerako ere antolatu dituzte ekitaldiak. 18:00etan umeentzako tailerra izango da Zubimuzun, Txilibutxof taldearekin. 19:30ean, umeentzako entzierro txikia egingo dute kale nagusian. Eta 20:30ean, Julen eta Nahia dantza akademiakoek erakustaldia egingo dute.














