Garikoitz Bravo: “Euskaltelera joatea orain arte eman dudan pauso handiena da, urtetako ahaleginaren saria”
Euskaltel txirrindulari taldeak goierritar bat gehiago edukiko du, datorren sasoitik aurrera. Garikoitz Bravo lazkaotarrak bi urterako kontratua sinatu du, Caja Rural kontinentalean hiru denboraldi aritu ondoren. Pozez kabitu ezinik da Garikoitz Bravo txirrindularia (Lazkao, 1989), eta bi astean «emozionatuta» egon da jauziarekin. UCI ProTourren jarraitzea jaistea baino errazagoa ikusten du, eta goren mailan ariko da, Izagirre anaiekin. Itzuli handi bat probatzeko gogoa du. Zuzendariak esandako «edozer» egiteko prest da, baita aukera emandakoan aprobetxatzeko ere. Zer suposatu du zuretzat Euskaltel taldeak fitxatzeak? Eman dudan pauso handiena. Hainbeste urte ahalegina eginez, beti talde txikietan, eta behingoagatik iritsi da saria. Ekipo serioa da, handia, eta maila altuenean dago. Beraz, niretzat gorena da. Zer moduz sentitzen zara? Pare bat astean gorputza arraro eduki nuen. Asumitzen duzu ekipoak zurekin kontatu behar duela, baina ideiara egin gabe. Bizikletan irteten zara, mundu guztiak galdetzen dizu, herrian ere bai… Ni, emozionatuta. Nola izan da fitxaketaren prozesua? Orain dela hilabete eta erdi izan zen. Duela lau urte Fundazioarekin egin nituen proba batzuk, baina ordutik ezer jakin gabe ibili naiz. Zortea izan dut. Caja Ruralekin kontratua eta baldintzak negoziatu beharrean geunden. Antonio Vaqueriza ordezkariarekin hasi nintzen, eta, hari esker, hemen aurkitu dit postua. Dudarik gabe, berak sartu du muturra. Bi [...]
Euskaltel txirrindulari taldeak goierritar bat gehiago edukiko du, datorren sasoitik aurrera. Garikoitz Bravo lazkaotarrak bi urterako kontratua sinatu du, Caja Rural kontinentalean hiru denboraldi aritu ondoren. Pozez kabitu ezinik da Garikoitz Bravo txirrindularia (Lazkao, 1989), eta bi astean «emozionatuta» egon da jauziarekin. UCI ProTourren jarraitzea jaistea baino errazagoa ikusten du, eta goren mailan ariko da, Izagirre anaiekin. Itzuli handi bat probatzeko gogoa du. Zuzendariak esandako «edozer» egiteko prest da, baita aukera emandakoan aprobetxatzeko ere.

Garikoitz Bravo. /Aimar Maiz
Zer suposatu du zuretzat Euskaltel taldeak fitxatzeak?
Eman dudan pauso handiena. Hainbeste urte ahalegina eginez, beti talde txikietan, eta behingoagatik iritsi da saria. Ekipo serioa da, handia, eta maila altuenean dago. Beraz, niretzat gorena da.
Zer moduz sentitzen zara?
Pare bat astean gorputza arraro eduki nuen. Asumitzen duzu ekipoak zurekin kontatu behar duela, baina ideiara egin gabe. Bizikletan irteten zara, mundu guztiak galdetzen dizu, herrian ere bai… Ni, emozionatuta.
Nola izan da fitxaketaren prozesua?
Orain dela hilabete eta erdi izan zen. Duela lau urte Fundazioarekin egin nituen proba batzuk, baina ordutik ezer jakin gabe ibili naiz. Zortea izan dut. Caja Ruralekin kontratua eta baldintzak negoziatu beharrean geunden. Antonio Vaqueriza ordezkariarekin hasi nintzen, eta, hari esker, hemen aurkitu dit postua. Dudarik gabe, berak sartu du muturra.
Bi urterako sinatu duzu, ezta?
Bai. Gero, badago aukera beste urte bat berritzeko, dena ondo badoa. Baldintzak hobetu zaizkit. Kategoria gorenekoa nola den, dena aldatzen da: kobratzen duzun minimoa, karrera denak garrantzitsuagoak dira, ekipoan lan-talde handiagoa… Ez ziklista kopuruz bakarrik. 50 pertsona daude: zuzendari, masajista… Caja Ruralen 20 bat geunden.
Aldaketa garaia da Euskaltelen. Zer iritzi duzu hartu duten bide berriaz?
ProTourreko taldea izan daitekeen ala ez berritu beharrean dago. Orain arte zortea izan du, hemengo ziklistek puntuak zituztelako. Baina, momentu honetan hor daudenetatik gutxik dituzte puntuak, eta gutxienekora ez da iristen oraindik. Hemen ia ez dago jenderik puntuekin. Logikoki, taldea ziurtatu nahi dute, eta aukera bakarra ziklistak kanpotik ekartzea da, puntuak dituztenak. Euskaltelen etorkizuna hor dago. ProTourretik jaisten bada, proiektua alde batera bezala geratuko litzateke. Ahal den atzerritar gutxiena hartu nahi dute, baina hartu beharra daukate.
Zer esaten dute ProTourren jarraitzeko aukerez eta?
Segitzeko aukerak badira. Oso zaila da ProTourren ez segitzea.
Jarri dizute entrenamendu planik?
Ez, oraindik ez. Abendura arte Caja Ruralekin dut kontratua, eta ordura arte ekipazioa, bizikleta eta dena erabili beharrean nago. Bi aste barru hasiko gara planifikatzen Euskaltelekin.
Noiz sartuko zara taldearen diziplinan?
Urtarrilaren lehenetik. Dena desberdina izango da. Urte bukaerarako planifikazioa edukiko dut, hasieratik esango didate non korrituko dudan. Aldaketak izan daitezke gero, baina ia urte guztia planifikatuta izango dut. Orain arte, astebete lehenago askotan aldatzen zen.
Hainbeste aldatzen da dinamika?
Bai. Caja Rural ekipo kontinentala da, 45-50 egunetan aritu naiz korritzen. Igor Gonzalez de Galdeanok esan dit jada 70 bat karrera inguruan ibiliko garela. Itzuli handi bat korritu, eta asumitu beharko dudala, berehala, bi-hiru egunetan, klasiketara joan beharrean egongo garela. Gorputza ere egin beharra dago. Ekipo txikietan astebete topera korritzen duzu, eta gero hogei egun batere gabe. Ez dago karrerarik, gauza oso gaizki dago. Beti Frantzian, Portugalen… Dena aldatzen da.
Aurreratu dizute zer proba korrituko dituzun edo?
Gainetik esan zidan Galdeanok. Ez dugu ezer berezirik hitz egin. Sinadura bota dugu, eta kito. Denboraldia non hasiko dudan ez dakit oraindik.
Euskaltelen beste bi goierritarrekin egongo zara, Izagirre anaiekin.
Bai. Orain arte gutxitan egoten gara: lehen ni goizago ateratzen nintzen, Ion eta Gorka beranduago. Orain, kontrakoa. Orain badugu aitzakia elkarrekin ibiltzeko. Betidanik ezagutzen ditut, eta ondo konpontzen gara. Euskaltelen ia talde erdia jubeniletan ibiltzen ginenak gara: Ion, Gorka, Jon Aberasturi, Mikel Landa, Ricardo Garcia, Adrian… Hori handia da. Iaz ekipoan zeuden bi kide talde afganiarretan edo irandarretan daude. Pentsa hor bukatzen baduzu! Hemen ederki gaude, ezin dugu hobeto egon: etxekoekin, bertako ziklistekin. Etxetik gertu, beti hobeto!
Gorka eta Ion Izagirre nolakoak dira txirrindulari bezala?
Handiak dira, gaztetatik. Ionek asko hobetu du. Aurten Giroan egin duena harrigarria izan da. Bestela, biak nahiko antzekoak dira. Karrera oso ondo ikusten dute, oso azeriak dira. Ihesaldi bat ikusi, eta badakite iritsiko den ala ez. Karreran joaten badakite, ez dute puntu bat gehiago gastatzen. Pertsona bezala ere ederrak dira; umilak, lagun onak. Ionekin, batez ere, asko ibili naiz, jubeniletatik beti elkarrekin.
Haiek emandako pozak zeuk igual emango dituzu aurki.
[Barreak] Zailak dira gauza horiek. Lehenengo, ikusi beharko dugu Igorrek zer rol egitea nahi duen. Edozer egiteko prest nago. Egunen batean aukera ematen didala? Bada, saiatuko gara aprobetxatzen. Ekipo guztietan edukitzen duzu aukera zure burua erakusteko. Printzipioz batek lana egin beharko du, beste bat irabaztera dedikatuko da, baina denek izaten dituzte aukerak.
Zer helburu jarri duzu, oraingoz?
Iaz Espainiako Vueltatik azken momentuan kanpora geratu nintzen, eta Portugalera eraman ninduten. Gogo horrekin nago. Itzuli handi bat probatzeko kuriositatea daukat.
Ziklista bezala, nola definituko zenuke zeure burua? Zer arlotan aritzen zara erosoen?
Batik bat, erlojuaren aurka eta igotzen ibili izan naiz ondo, gaztetatik. Iaz erlojupeko gutxi genituen, baina nahiko onak burutu ditut: Portugalgo Itzuliko aitzinetapan 12. egin nuen. Ea iazko hankak berriz lortzen ditudan.
Etorkizunekoen Tourrean mendiko saria ere lortu zenuen.
Gutxitan eduki izan ditut sentsazio haiek, oso onak. Maillot bat soinean edukitzeak izugarrizko indarra ematen du gainera.
Goierrin, etorkizunean zeresana eman dezakeenik ikusten duzu? Nabarmentzen den gazterik…
Iker Azkarate lazkaotarra asko gustatzen zait. Egiten duena latza da. Orain dela gutxi arte lanean ibili da goizero, eta entrenatzera arratsaldez joaten zen. Behin Betelu aldean elkartu ginen. Nik Lekunberriko buelta egin behar nuen. Esan nion mendateak igotzen egurra eman beharrean nengoela. Nirekin etorri zen, etxeraino. Eta ederki ibili zen. Asko gustatzen zait. Motorra badauka. Urduria da, aktiboa, baina motorra baldin baduzu, beste alderdiak hobetu ditzakezu.
Hiru urte egin dituzu Caja Ruralen, profesional. Zer balorazio egiten duzu orain arteko ibilbideaz?
Balorazio ona. Jubeniletatik afizionatu mailara Azpirura joan ginen, gero Caja Ruralera, afizionatuetan. Bigarren urtea egin eta gero erabaki zuten ekipo profesionala ateratzea, eta harrobitik jendea igo zuten. Ez zekiten ni denboraldi hasieratik pasatu ala ez, eta hasieratik igo ninduten. Aurreneko urtea kaskarra izan zen, ez nengoen oraindik egina, eta gaizki pasatu nuen. Gero, Ordiziako Klasikatik denboraldia bukatu arte, nahiko dexente. Bigarren urtea nahiko txukuna atera zen, eta aurtengoa, nik uste, oraindik politagoa atera dela. Ez naiz gutxiagora joan. Erregularragoa izan da, eta pozik nago.
Eta, orain, uko egin ezineko aukera suertatu zaizu.
Nahi zuten jarraitzea, baina niretzat Euskaltelena aukera hobea izan da. Hiru urte egon naiz, eta pena ematen dizu. Ezagutu dituzun ziklistak, lagundu dizutenak… Haiek ere pena hartu dute joan naizelako. Nik ere bai, baina hau niretzako hobea da. Euskalteleko baldintza berak jarrita ere, ez duzu berdina korrituko. Hor ez nintzen garatuko. Diruak inporta du, baina proiekzioak ere bai. Caja Rural berez ziklistak formatzeko da, eta etorkizun batean toki hobera pasatzeko.













