Lapurdin erakutsi dituzte Segurako dantzak
Segurak betidanik izan du euskal dantzekiko lotura; Euskal Herriko Dantza Txapelketa bertan egitea ere ez da kasualitate hutsa. Dantza taldeak ere beti egon izan dira, gaztetxoenak batez ere. Egun, helduen, gazteen eta haurren dantza taldeak daude.
Duela hamar urte inguru, taldeari izena jarri behar eta Azpila izena jartzea erabaki zuten. Herriko gazteek osatzen duten dantza taldeak herriko ekintza ugaritan parte hartzen du, eta herritik kanpo ere dantza egiten dute. Ohiko dantza tradizionalez gain, musika modernoagoekin koreografia berriak ere sortzen dituzte. Sarri, ekitaldi jakinetarako ere moldatzen dituzte, gainera, dantzak.
Bertako dantzariez gain, Ipar Euskal Herriko dantzariek ere sarri alaitu dituzte Segurako kaleak Mutxiko eta gainerako dantzekin, Iparra-Hegoa festan, batez ere.
Orain, ordea, hegoaldeko dantzariak izan dira iparraldera joan direnak. Lierni Elortza segurarra Azkainen (Lapurdi) bizi da, eta bertako alkateak, Iparra-Hegoako harremanaren jakitun, Segurako dantzariak gonbidatu zituen Azkainen ospatuko den Pottoka Egunerako. Elortzak, Azpilakoei galdetu orduko jaso zuen baiezkoa, eta hala, koreografia berriak prestatzen hasi ziren.
Egunak argitu zuenerako Pottoka Eguneko festa hasita zegoen Azkainen. Pottokak menditik herrira jaistearekin, eta bazkalosteko kantaldiarekin amaitu zen. Segurarrek joaldunekin batera egin zuten ikuskizuna, 10:00ak aldera.