Carrefourrek legezko gehieneko ordutegia gainditzen duela salatu du LABek
LAB sindikatuak deituta elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Olaberriko Carrefour saltokiaren aurrean. Enpresak astean irekita edukitzeko baimendutako ordu kopurua (72 ordu) gainditu egiten duela salatu dute, eta EAEko komertzio ordutegiaren leged...
LAB sindikatuak deituta elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Olaberriko Carrefour saltokiaren aurrean. Enpresak astean irekita edukitzeko baimendutako ordu kopurua (72 ordu) gainditu egiten duela salatu dute, eta EAEko komertzio ordutegiaren legedia ez duela betetzen gaineratu du. Beste elkarretaratze bat ere egingo dute, gaur 18:00etan.
Uztailetik hona, ordutegia aldatu zuenez geroztik (ordura arte 09:30etik 21:30era zuen), Carrefour 09:00etatik 22:00etara egon ohi da bezeroentzat zabalik, astean sei egunean. Denera 78 ordu.”Horren larria iruditu ez arren, bada”, zehaztu du LABek, eta egunero ordubete gehiago irekitzearen neurria “lehen pausoa” soilik dela aurreratu du. “Carrefour, igande eta jaiegunetan ireki eta ordutegiak mugarik gabe liberalizatu nahi dituen enpresa da. Madrilen hori egiten du jada, nahiz eta hemen legeak ez baimendu”.
Langileentzat “eragin zuzena” du ordutegia zabaltzeak, LABeko ordezkari Haizea Mendiaren esanetan. “Hau ez da hemen amaitzen. Orain egunero ordubete gehiago da, baina beraien helburua goizeko zortzietatik gaueko hamabiak arte irekita mantetzea da. Horren aurka gaude. Ez dugu horrelako eredu sozialik nahi. Guk merkatari txikien aldeko apustua egiten dugu, eta ez dugu nahi Estatu mailatik inposatzen diren neurriak hemen aplikatzea”, gehitu du Mendiak.













