Fusilatuen omenaldia herri osoarena izan dadin, bono laguntzak jarri dituzte salgai
Beasaingo fusilatuen memoria berreskuratzeko herri ekimena, uda aurretik azaldutako asmoak betetzeko bidean da. Azaroaren 10ean omenduko dituzte 36ko Gerran fusilatutako herritarrak, eta ekitaldi horretan inauguratuko dute biktima haien omenez Jokin Telleria eskultoreak egindako oroigarria. Monumentu hura eta omenaldi osoa, herri ekimenetik sortutako zerbait izatea nahi dute, ordea, eta horretarako, ekarpenk egiteko aukera emango dute, bono laguntzen bidez. Uztailean aurreneko agerraldia egin zutenetik, lanean jardun dute herri ekimeneko kideek. Txani Lasaren hitzetan, «gure asmoa ekimen herrikoia izatea da. Horregatik, ahalik eta jende gehienak parte har dezan nahi dugu». Batetik, bilerak egin dituzte alderdi politikoekin, sindikatuekin eta herriko elkarteekin. «Alderdiekin egin genuen bilerara EAJ, Bildu eta PSE-EEkoak agertu ziren, baita LAB, CCOO eta ESK sindikatuetako ordezkariak ere». Orokorrean, denen partetik jarrera ona ikusi dutela dio Lasak. Elkarteekin ere egin zuten bilera bat, baina deialdia presaka egin zutela ikusita, beste hitzordu bat jarri dute; asteartean elkartuko dira, 19:00etan, kultur etxean. Bestetik, herritarrak ere ekimenaren eta jarriko duten oroitarriaren parte izatea lortu nahi dute. Horretarako, bono laguntza batzuk atera dituzte. «Bost eta hamar euroko bonoak jarri ditugu salgai herriko hamabost bat tabernatan, bakoitzak ahal duenaren araberako ekarpena egin dezan». Bi kontu korronte ere zabaldu dituzte, bata Kutxa Banken eta bestea Euskadiko Kutxan. Zerrenda osatu nahian Ekimena eragileen eta herritarren artean zabaltzeaz [...]
Beasaingo fusilatuen memoria berreskuratzeko herri ekimena, uda aurretik azaldutako asmoak betetzeko bidean da. Azaroaren 10ean omenduko dituzte 36ko Gerran fusilatutako herritarrak, eta ekitaldi horretan inauguratuko dute biktima haien omenez Jokin Telleria eskultoreak egindako oroigarria. Monumentu hura eta omenaldi osoa, herri ekimenetik sortutako zerbait izatea nahi dute, ordea, eta horretarako, ekarpenk egiteko aukera emango dute, bono laguntzen bidez.
Uztailean aurreneko agerraldia egin zutenetik, lanean jardun dute herri ekimeneko kideek. Txani Lasaren hitzetan, «gure asmoa ekimen herrikoia izatea da. Horregatik, ahalik eta jende gehienak parte har dezan nahi dugu». Batetik, bilerak egin dituzte alderdi politikoekin, sindikatuekin eta herriko elkarteekin. «Alderdiekin egin genuen bilerara EAJ, Bildu eta PSE-EEkoak agertu ziren, baita LAB, CCOO eta ESK sindikatuetako ordezkariak ere». Orokorrean, denen partetik jarrera ona ikusi dutela dio Lasak. Elkarteekin ere egin zuten bilera bat, baina deialdia presaka egin zutela ikusita, beste hitzordu bat jarri dute; asteartean elkartuko dira, 19:00etan, kultur etxean.
Bestetik, herritarrak ere ekimenaren eta jarriko duten oroitarriaren parte izatea lortu nahi dute. Horretarako, bono laguntza batzuk atera dituzte. «Bost eta hamar euroko bonoak jarri ditugu salgai herriko hamabost bat tabernatan, bakoitzak ahal duenaren araberako ekarpena egin dezan». Bi kontu korronte ere zabaldu dituzte, bata Kutxa Banken eta bestea Euskadiko Kutxan.
Zerrenda osatu nahian
Ekimena eragileen eta herritarren artean zabaltzeaz gain, dokumentazio aldetik ere saiatu dira informazio gehiago biltzen. Andoni Sarriegi aritu da lan horretan. Orain arte argitaratu izan diren hainbat lan izan ditu oinarri, hala nola, 1987an udalak argitaratu zuen liburuan, Miguel Angel Lopezek idatzitako artikulua. Sarriegiren hitzetan, artikulu hartan «32 laguneko zerrenda bat agertzen zen, eta beste hiru izenik gabe zeudenak». Aranzadirekin harremanetan jarri ziren, eta ekimenekoen arabera, «oso jarrera ona eta erraztasunak besterik ez dugu izan».
Horrez gain, udal artxiboan ere aritu dira informazio bila, eta hainbat seniderekin ere hitz egin dute. «Ahalik eta zerrendarik zehatzena» egin nahi izan dutela dio Sarriegik; «denbora asko pasa da eta dagoeneko zaila da erabateko ziurtasuna izatea, izen asko baitaude, batzuk nahastuta, beste batzuk izenik gabe… nahaste handia zegoen». Hala ere, «ustez behintzat, nahikoa zuzen jarri ditugu izen guztiak».
Ikerketa horretatik atera duten ondorio nagusia, «irailaren 27ko arratsaldean bi lagun eta gainontzekoak gauean» fusilatu zituztela da. Denera 36 lagun, aipatutako hiru ezezagunak barne. Gerora ere, fusilatu gehiago izan ziren Beasainen. «Guk 17 jaso ditugu; gerrak biktima gehiago utzi zituen, baina hemen fusilatuak izan zirenak bildu ditugu».
Omenaldia, azaroaren 10ean
Herri ekimenak egindako lanaren emaitza, azaroaren 10ean plazaratuko dute, Igartza multzoaren ondoan, Matias enea zegoen tokian jarriko duten oroigarriarekin; hain zuzen ere, irailaren 27ko fusilamenduak izan ziren tokian jarriko dute Jokin Telleria artista egiten ari den eskultura. Bertan, «idatzi gabeko historia» irudikatzen duen testu bat jarriko dute. Haren ondoan, panel bat jarriko dute, fusilatu guztien izenekin. Informazioa euskaraz, gazteleraz, ingeleraz eta frantsesez jarriko dute, Igartzara datozen bisitariek ere jakin dezaten 1936ko gau hartan zer gertatu zen.














