Goierriko odol emaileak Legorretan elkartuko dira, urteko aitortzak jasotzeko
Goierriko 15 emaile elkartetan urtean zehar odola ematen duten herritarrek Legorretan ospatuko dute, etzi, igandea, aurtengo festa. Goizeko 11:00etatik aurrera, Eman Bizia jaialdia izango da, Legorretako kultur astearen azken jardunaldia txertatua. Ehu...
Goierriko 15 emaile elkartetan urtean zehar odola ematen duten herritarrek Legorretan ospatuko dute, etzi, igandea, aurtengo festa. Goizeko 11:00etatik aurrera, Eman Bizia jaialdia izango da, Legorretako kultur astearen azken jardunaldia txertatua. Ehunka lagunek jasoko dituzte intsigniak eta diplomak, 25, 40, 50 eta 75 (‘emaile handiak’) aldiz odola eman dutenak.
Legorretako bertako elkarteaz gain, Ataun, Beasain, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zumarraga-Urretxuko emaileak bilduko dira. Goierritarrez gain, Tolosaldeko Alegia, Amezketa eta Ikaztegieta herrietakoak ere hara elkartuko dira.
Jaialdiaren barruan, Gipuzkoako Odol Emaileak, Alcer eta Atcore elkarteek informazioa emango dute. 11:45ean, ohorezko aurreskua dantzatuko diete emaileei, eta agintarien hitzaldiek jarraituko dute. Gero eskertza aitorpena egingo diete, diplomak banatuz. Gurutze Gorriak istripu simulazioa ere egingo du. 14:30ean, bazkaria dute, Ataungo Bittor jatetxean (40 euro da otordua).













