Itsasondoko mendi bizikleta zeharkaldia bihar, Burnikurutzetan eta Pagorriagan barrena
Itsasondoko Ijitu kirol elkarteak antolatuta, 15. Mendiko Bizikleta Zeharkaldia jokatuko da, bihar, 16:00etan hasita, txirrindulari zaletuentzat. Burnikurutzeta mendia (503 m) eta Pagorriaga parajea (Beasain) igaroko dituzte, 30 kilometro luzeko ibil...
Itsasondoko Ijitu kirol elkarteak antolatuta, 15. Mendiko Bizikleta Zeharkaldia jokatuko da, bihar, 16:00etan hasita, txirrindulari zaletuentzat. Burnikurutzeta mendia (503 m) eta Pagorriaga parajea (Beasain) igaroko dituzte, 30 kilometro luzeko ibilbidean. Bide motzagoa ere egin liteke, 22 kilometrokoa, anoa postutik aurrera Murumendiko itzulia saihestuta.
Bidegorritik pare bat kilometro osatu ondoren, Burnikurutzeta mendira (503 m) hartuko dute txirrindulariek. Santa Marinatik aurrera, gainez gain joango dira.
Jan-edan postu bakarra egongo da mendian, baina bi aldiz pasatu beharko dute handik. Lehenengo pasaeraren ondoren (14. kilometroa), Pagorriagaraino jarraituko dute. Garin auzoaren (Beasain) goialderaino joan, eta Murumendiren ipar magaletik itzuliko dira, berriz ere anoa postura iristeko (21. kilometroan). Handik helmugara beherantz edukiko dute, gehiena pistaz. Berostegi auzora irtengo dira. Handik herrigunera, errepidez bukatuko da proba. (Ikus ibilbidearen mapa eta profila, hemen).
Antolakuntzak lehenengo ehun partaideei Giyo markako puzgailua oparituko die. Izena Interneten eman liteke (itsasondobtt.com). Federatuek 10 euro ordaindu behar dute, besteek 15 euro.













