Aikur, erle museoa baino gehiago
Urretxu Aikur erle museoan ate irekien bi saio egin dituzte gaur goizean, bat 11:00etan eta bestea 12:30ean. Iaz egin zuten aurreneko aldiz, eta jendearen harrera ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute. Gurasoak eta umeak hurbildu dira bereziki Santa Barbarara bidean dagoen erle museora. Saio horien helburua eztia lortzeko prozesua erakustea da, eta bide batez, erleak ikustea, eta Euskal Herrian sortzen diren lau ezti motak dastatzea: Udaberriko mila lorea, ekilore eztia, ametzetik egindakoa eta txilarrarena. Bihar beste bi saio egingo dituzte, ordu berbereetan.
Josune Epelde eta Elias Otegi Aikurreko arduradunek eman dizkieta azalpenak bisitariei. Epeldek abaraska zer den, polena zer den eta nektarra zer den azaldu ditu, eta horren ondoren, Otegik, bien seme baten laguntzaz, eztia nola ateratzen duten azaldu du. Eztia abarasketatik atera ondoren, hotzean zentrifugatu dute ezti likidoa lortze aldera. Behin hori eginda, goiko solairura igo dira, eta erleak erakutsi dizkiete bisitariei, baita joan den asteazkenean Villabonan harrapatutako Asiako hainbat liztor ere. Bukaeran dastaketa egin dute, eta bisitari txikienek potoetan sartu dute eztia.
Bisitarien jakinmina
Erakustaldiak iraun bitartean, hainbat eta hainbat izan dira bisitariek egindako galderak. Eztia 40 gradutik gora berotzea ez dela komeni erantzun die horietako galdera bati Otegik, eta berotzekotan bañomarian egin behar dela, “bestela ezaugarriak galtzen hasten delako”. Eztia gibela garbitzeko eta eztarrirako da ona, besteak beste.
Propolioari buruz ere hitz egiten dute. “Propolioa antibiotikoa da, eta bi egunean infekzio bat edo azalean egon daitekeen edozein gaitz senda dezake”. Interes hori ikusita, datorren urtean propolioari buruzko monografiko bat egitea pentsatzen ari dira Aikurrekoak.
Museoa bai, baina Aikurrekoak ezti ekoizleak ere badira. Erlauntzak dituzte Gipuzkoako hainbat lekutan, Nafarroan eta Aizkorri aldean ere bai, Araba partean. “Aurten ezti asko eta ona egin dute erleek”. Urretxuko erle museoari buruzko informazio gehiago, hemen.