Iragarritako ordua baino bost bat minutu lehenago–16:00etan abiatzekoak ziren– abiatu da Itsasondoko plazatik Ijitu kirol elkarteak 15. urtez antolatu duen mendiko bizikleta zeharkaldia. Hogei-hogeita hamar txirrindu zaletu ausartu dira 30 kilometro luzeko ibilbidea osatzera, abiatze orduan behintzat oso petrala baitzen eguraldia. Bidegorritik pare bat kilometro osatu ondoren, Burnikurutzeta mendira (503 m) hartuko dute txirrindulariek. Santa Marinatik aurrera, gainez gain joango dira. Jan-edan postu bakarra egongo da mendian, baina bi aldiz pasatu beharko dute handik. Lehenengo pasaeraren ondoren (14. kilometroa), Pagorriagaraino jarraituko dute. Garin auzoaren (Beasain) goialderaino joan, eta Murumendiren ipar magaletik itzuliko dira, berriz ere anoa postura iristeko (21. kilometroan). Puzgailua opari Bigarren anoa lekutik helmugara beherantz edukiko dute bidea, gehiena pistaz. Berostegi auzora irtengo dira. Handik herrigunera, errepidez bukatuko da proba. Antolakuntzak opari sorta bat jarri du partaideentzat. Parte hartzaile guztiek Giyo markako puzgailu bana jasoko dute opari.
Legorretan 50 bat auto klasiko, eta ez hain klasiko, ikusteko aukera dago 14:00ak bitarte. Miniak eta Seat 600 motakoak dira auto ugarienak, batzuk prestatuak eta beste batzuk bere horretan daudenak, baina tartean badira Seat 124 motakoak eta baita aurreko gizaldiaren erdi partean sortutakoak auto eleganteak ere. Eguraldi euritsua izan arren, dezente izan dira 11:00etarako plazara inguratu diren legorretarrak eta inguruko herrietako motorzaleak ere. Pilotalekuan, berriz, auto batzuez gain, Mobillette eta Cady motako hainbat motor ikusteko aukera dago, eta baita horiek konpontzeko balio duten piezak ere. Kultur Astearen barruan aurreneko aldiz antolatu dute auto klasikoen erakusketa. Ez da ordea gaurko egunean egongo den ekitaldi bakarra. Atzo iluntzetik Legorparty informatika topaketa egiten ari dira Patxi Ezkiaga kultur etxean. Gaur goizean jende askorik ez bazen ere, bart gauean ordu txikiak arte jende asko aritu da ordenagailuekin jolasean eta informatika materiala eta jakinduria partekatzen. Biharko 20:00ak arte iraungo du Legorpartyk. Film-labur lehiaketa Arratsaldean, berriz, ekitaldi gehiago izango dituzte. 17:30ean Legorretako II. Kaleko Atletismo Erakustaldia izango da. Gorako jauzia, pisu jaurtiketa eta txandakako korrika saioak egingo dituzte. Legorretako III. Pintura Lehiaketaren sari emate ekitaldia izango da 19:30ean, eta 20:00etan Aitzol Aramaioren omenezko I. Film Labur Lehiaketarena. Finalerako hautatutako pelikulen proiekzioa ere egingo dute Herri Zineman. [...]