Legazpin %2,1 egingo dute gora udal tasek datorren urtean
Legazpiko udal tasak eta zergak %2,1eko igoera izango dute 2013an, salbuespenak salbuespen. Hala onartu du udalbatzak azkeneko osoko bilkuran, Bilduren aldeko botoekin. Kepa Urtzelai Legazpiko alkateak azaldu duenez, uztaileko hego Euskal Herriko kontsumo prezio indizea (KPI) du oinarrian igoerak. «Urte amaiera bitartean %3,5 edo %4 ere igoko da, baina uste dugu herritarrek ez dutela zertan igoera hau bere gain hartu behar», argitu du. EAJk kontrako bozka eman zuen, eta PSE-EE eta Hamaikabat abstenitu egin ziren. Igoera, orokorrean %2,1ekoa bada ere, salbuespenak daude zenbait zergetan eta tasetan. Bost dira aldaketa nagusienak zergei dagokienez. Ondasun higiezinen gaineko zergan industria lurrei KPIaz gain %0,5eko igoera aplikatuko zaie. Bestalde, jarduera ekonomikoaren gaineko zerga 2 milioi euroko irabaziak dituzten enpresei aplikatu zaie orain arte. Hemendik aurrera, milioi bat eurora jaitsiko dute muga, foru arauak dioenari jarraituz. Hobaria auto konpostarentzat Ibilgailuen gaineko zergan ere aldaketak izango dira. Zaldi fiskalen arabera aldatuko da zerga %2,1 eta %10 artean. Hiri izaerako lur sailen balio gehikuntzaren zergaren muga %10ekoa izan bada ere, «Legazpin %5a aplikatu dugu orain arte». Baina, hemendik aurrera zerga %15era igoko dute, «espekulazioa saihesteko». Eraikin, instalakuntza eta obren gaineko zergak ekainean izan zuen %5eko igoera. Tasei dagokienez, lau dira salbuespen nagusienak. Zaborraren tasak %5 egingo du [...]
Legazpiko udal tasak eta zergak %2,1eko igoera izango dute 2013an, salbuespenak salbuespen. Hala onartu du udalbatzak azkeneko osoko bilkuran, Bilduren aldeko botoekin. Kepa Urtzelai Legazpiko alkateak azaldu duenez, uztaileko hego Euskal Herriko kontsumo prezio indizea (KPI) du oinarrian igoerak. «Urte amaiera bitartean %3,5 edo %4 ere igoko da, baina uste dugu herritarrek ez dutela zertan igoera hau bere gain hartu behar», argitu du. EAJk kontrako bozka eman zuen, eta PSE-EE eta Hamaikabat abstenitu egin ziren.
Igoera, orokorrean %2,1ekoa bada ere, salbuespenak daude zenbait zergetan eta tasetan. Bost dira aldaketa nagusienak zergei dagokienez. Ondasun higiezinen gaineko zergan industria lurrei KPIaz gain %0,5eko igoera aplikatuko zaie. Bestalde, jarduera ekonomikoaren gaineko zerga 2 milioi euroko irabaziak dituzten enpresei aplikatu zaie orain arte. Hemendik aurrera, milioi bat eurora jaitsiko dute muga, foru arauak dioenari jarraituz.
Hobaria auto konpostarentzat
Ibilgailuen gaineko zergan ere aldaketak izango dira. Zaldi fiskalen arabera aldatuko da zerga %2,1 eta %10 artean. Hiri izaerako lur sailen balio gehikuntzaren zergaren muga %10ekoa izan bada ere, «Legazpin %5a aplikatu dugu orain arte». Baina, hemendik aurrera zerga %15era igoko dute, «espekulazioa saihesteko». Eraikin, instalakuntza eta obren gaineko zergak ekainean izan zuen %5eko igoera.
Tasei dagokienez, lau dira salbuespen nagusienak. Zaborraren tasak %5 egingo du gora. «Sasieta Mankomunitateak datorren urterako proposatu zuen igoera bera aplikatuko diegu guk herritarrei». Auto konpostaia egiten dutenentzako %40ko hobaria izango da, «zaborra sistematik ateratzen dutelako».
Etxez-etxeko laguntzan %3 igoko da tasa. Meazti zaharren egoitzan, aldiz, orain arte 500 euro ordaintzen zituen edozein legazpiarrek. Orain bi tarifa aurreikusten dira, «590 euro zerbitzu osoa jasotzen dutenentzat, eta 480 euro etxean bazkaltzen dutenentzat».
Udal aparkalekuko salneurriak ere gora egingo du. «Lehenengo hiru orduak hiru zentimo ordaindu dira orain arte. Hemendik aurrera 20 zentimo balioko du». Amaitzeko, udako ikastaroak 45 euro balioko dute 2013an, 40 euro beharrean.
Oposizioaren emendakinak
EAJk udal gobernuak proposatutako neurriei bi emendakin aurkeztu zizkion. Batetik, ekonomiaren gaineko zergari dagokionez muga 2 milioi eurotan mantentzea proposatu zuen Javier Iraetak EAJren izenean. «Enpresa txikia babestu behar dugu, eta, hain zuzen, 2 milioitik beherako irabaziak dituztenak dira enpresa txikiak». Gainera, «lanpostuak sortzeagatik %50eko hobaria ere eskatzen dugu, langileen zenbatekoa %2an gehitzen duten enpresentzat».
Bestalde, zaborren tasari dagokionez, «bosgarren edukiontzia erabiliko duten etxeei, dendei eta industriei %40ko hobaria» jartzea egoki ikusi zuen.
PSE-EEk ere, beste bi emendakin aurkeztu zituen. Oscar Valbuenak azaldu zuenez, «ados gaude Bilduk auto konpostaiari ezarri nahi dion %40ko hobariarekin. Baina, %25eko hobari bat proposatu nahi dugu, bosgarren edukiontzia zuzen erabiltzen dutenentzat». Bestetik, Meaztiko zerbitzuen igoera «gehiegizkoa» iruditu zaio PSE-EEri. «Igoera, datozen bi urteetan poliki-poliki egitea proposatzen dugu, eta momentuz zerbitzua 550 eurotan ezartzea».
H1! bat etorri zen EAJk zaborraren tasari jarritako hobariarekin. Bestalde, Arantxa Arizmendik ere «gehiegizkotzat» jo zuen Meaztiko tasaren igoera. Oposizioaren emendakinak ez ziren onartu.













