Martxoaren 14 gauean iritsiko da Korrika 18 Goierrira
Andoaingo Martin Ugalde Parketik abiatuko da martxoaren 14an Korrika 18, eta Baionan bukatuko da hamar egun beranduago, martxoaren 24an. Goierri behetik martxoaren 14an bertan pasako da, eta gauez zeharkatuko du eskualdea. Legorretarrek hartuko dute lekukoa Tolosaldekoen eskutik, eta Zegamakoek Sakanakoei emango diete Otzaurten. Zaldibiatik ere pasako da oraingoan, Lazkaomenditik barrena lekukoa lazkaotarrei pasatzeko. Legorreta, Itsasondo, Arama, Ordizia, Zaldibia, Lazkao, Olaberria, Idiazabal, Beasain, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain, Segura eta Zegama zeharkatuko ditu. Goierri Garaitik beste egun batean pasako da.
Eman euskara elkarri leloa aukeratu du AEK-k Korrika 18rako. «Elkarbizitzaz hainbeste hitz egiten den une honetan, ezinbestekoa da elkarbizitza horretarako erabiliko dugun hizkuntzaz mintzatzea. Horregatik da hain garrantzitsua dakienak ikasi nahi duenari irakastea, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera ematea, eta agintariek herritarrei ikasteko bideak erraztea», zehaztu du goizean Axular Barandiaran Goierri beheko koordinatzaileak. Korrika 18k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren «milaka eta milaka» lagunak omenduko ditu, «euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak, edozein izanda ere haien egoera edo jatorria». Ostiral goizean aurkeztuko dute aurtengo abestia, Andoainen.
Erlazionatutako edukiaEhunka lagun batu dira Korrikara Goierri garaian