‘Su txikian’ antzezlana egingo dute gaur Igartzan, eta ostiralean Usurben
Euskal Herriak bizi duen egoera politiko berria aitzakia hartuta, Glu Glu taldeak bake prozesuaren nondik norakoak biltzen dituen Su txikian antzezlana egin du. Obra hori Beasainen ikusteko aukera izango da egunotan; gaur, Igartza jauregian egingo dut...
Euskal Herriak bizi duen egoera politiko berria aitzakia hartuta, Glu Glu taldeak bake prozesuaren nondik norakoak biltzen dituen Su txikian antzezlana egin du. Obra hori Beasainen ikusteko aukera izango da egunotan; gaur, Igartza jauregian egingo dute, 19:00etan, formato txikian. Eta ostiralean, 20:00etan, Usurbe antzokian. Gaurko sarrerak 10 euro kostako dira, eta ostiralekoak 12.
2001. urtean, Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek Txillarre baserrian hasitako elkarrizketak dira antzezlan honen abiapuntua. Hortik hasita, Genevan eta Oslon ETAko ordezkariekin izandako bilerak, eta Loiloan EAJ, PSE eta ezker abertzaleko kideen artean izandakoak ere biltzen ditu. Alegia, sukalde barruko kontuak, su txikian egindako elkarrizketak. 2007an ETAk su etena hautsi zuenetik armak behin betiko uzteko hartutako erabakira arteko tartea ere lantzen dute. Azken finean, Euskal Herriaren azken hamar urteetako historia.
Galder Perezek egin eta zuzendu du lana, eta taula gainean, aktore ezagunak izango dira. Hala nola Joxe Mari Carrere, Gabriel Ocina, Patxi Gonzalez, Martxelo Rubio eta Ugaitz Alegria, besteak beste.