El Salvadorren zelaian zortzigarren garaipena lortu nahi du etzi Ampo Ordiziak
Ampo Ordiziak Valladolideko Pepe Rojo zelaian jokatuko du etzi Espainiako Ohorezko Mailako hamargarren jardunaldiko partida, 12:30ean. Kopan elkarren aurka jokatu dute aurten, eta orduan Ordiziak irabazi bazuen ere (24-8), ligakoa beste norgehiagoka bat dela argi dute. Jokalariak «oso motibatuta» ikusten dituela esan du Axio Arañak, batez ere Getxoren aurkako partidaren ondoren geratu zitzaien gorputzaldiarengatik. Irabaziz gero, zortzigarren garaipena litzateke Ordiziarentzat. Gaur, urteko batzar nagusia Partidaren aurretik, ordea, badute zereginik Ordizia Rugby Elkarteko zuzendaritzakideek, bazkideek, teknikariek eta jokalariek, izan ere, urteko batzar nagusia egingo dute gaur Barrena kultur etxean, 18:00etan. Bigarren deialdia 18:30ean izango da. Lau puntu dituzte gai-zerrendan. Lehenean urteko diru kontuen eta kirol jardunaren balantzea egingo dute. Bigarrenean, urte berrirako dituzten erronken eta konpromisoen berri emango dute zuzendaritzakideek. Hirugarrenean, berriz, Ordizia Rugby Elkarteko zuzendaritza berritzeari buruzko ariko dira. Datorren urteko udaberrian bukatzen du agintaldia egungo zuzendaritzak, eta gaurko bileran egon daitezkeen hautagaitza berriei eta dauden epeei buruz hitz egingo dute. Elkartearen estatutuen arabera, bi hilabeteko epean egin beharko dira zuzendaritza aukeratzeko hauteskundeak. Azkenik, galde-erreguen txanda izango da. Beste babesletza bat Bestalde, Ordizia Rugby Elkarteak jakinarazi du Ordiziako Domingo Unanue plazan dagoen Interlang & The Clover hizkuntz akademiak Danny Kroll Ampo Ordiziako jokalaria babestu duela denboraldi honetan, iaz egin zuen [...]
Ampo Ordiziak Valladolideko Pepe Rojo zelaian jokatuko du etzi Espainiako Ohorezko Mailako hamargarren jardunaldiko partida, 12:30ean. Kopan elkarren aurka jokatu dute aurten, eta orduan Ordiziak irabazi bazuen ere (24-8), ligakoa beste norgehiagoka bat dela argi dute.
Jokalariak «oso motibatuta» ikusten dituela esan du Axio Arañak, batez ere Getxoren aurkako partidaren ondoren geratu zitzaien gorputzaldiarengatik. Irabaziz gero, zortzigarren garaipena litzateke Ordiziarentzat.
Gaur, urteko batzar nagusia
Partidaren aurretik, ordea, badute zereginik Ordizia Rugby Elkarteko zuzendaritzakideek, bazkideek, teknikariek eta jokalariek, izan ere, urteko batzar nagusia egingo dute gaur Barrena kultur etxean, 18:00etan. Bigarren deialdia 18:30ean izango da.
Lau puntu dituzte gai-zerrendan. Lehenean urteko diru kontuen eta kirol jardunaren balantzea egingo dute. Bigarrenean, urte berrirako dituzten erronken eta konpromisoen berri emango dute zuzendaritzakideek. Hirugarrenean, berriz, Ordizia Rugby Elkarteko zuzendaritza berritzeari buruzko ariko dira. Datorren urteko udaberrian bukatzen du agintaldia egungo zuzendaritzak, eta gaurko bileran egon daitezkeen hautagaitza berriei eta dauden epeei buruz hitz egingo dute. Elkartearen estatutuen arabera, bi hilabeteko epean egin beharko dira zuzendaritza aukeratzeko hauteskundeak. Azkenik, galde-erreguen txanda izango da.
Beste babesletza bat
Bestalde, Ordizia Rugby Elkarteak jakinarazi du Ordiziako Domingo Unanue plazan dagoen Interlang & The Clover hizkuntz akademiak Danny Kroll Ampo Ordiziako jokalaria babestu duela denboraldi honetan, iaz egin zuen bezalaxe.