Sortu eratzeko prozesuan 300 lagunek parte hartu dute Goierriko batzarretan
Ezker abertzaleak duela bi hilabete hasi zuen Sortu alderdia eratzeko prozesua, eta bitarte honetan, herriz herri ari dira prozesu hori zabaltzen. Orain arte Goierrin egin dituzten batzarretan, 300 lagun inguruk parte hartu dute, eta ekimenaren bultzatzaileak gustura agertu dira herritarren parte hartzearekin. Asteburuan, prozesu horren hirugarren bilera erronda egingo dute, Goierriko herririk gehienetan.
Koordinazio lanetan dabilen Aitor Garmendiak azaldu duenez, batzar horietan «parte-hartzean oinarritutako metodologia berritzailea» erabili dute, eta zentzu horretan, «balorazio oso positiboa egiten dugu, bai kuantitatiboki eta baita kualitatiboki ere». Izan ere, «metologia oso berezia planteatu dugu, orain arte ezker abertzaleak sekula erabili ez duena». Garmendiaren ustez, orain arteko saioetan parte-hartzea handia izan da eta «jendea pozik» atera da bileretatik. «Batzarretan parte hartu duen jende guztiak bere iritzia eman du, hitz egin du, eta guretzako hori oso inportantea da».
Batzarretan, gaiaren inguruko azalpen orokor bat egin eta ponentzia bat azaltzen dute aurrena. Gero jendea taldeka banatu, eta modu irekian, testu horri ekarpenak edota zuzenketak egiten dizkiote. «Erraztasunak eman nahi ditugu kide guztiek beraien iritziak mahai gainean jar ditzaten, horrela eztabaida aberastuz. Ez dugu zalantzarik honek indartu egiten gaituela». Herrietako batzarretan bildutako iritzi horiek guztiak bateratu egingo dira gero.
Orain arte bi batzar egin dituzte; aurrenekoan, Sortu alderdiak izango dituen oinarri ideologikoen inguruan hitz egin zuten, eta 300 bat lagunek parte hartu zuten. Bigarren batzar errondan, berriz, 200 bat lagun elkartu ziren, ildo estrategikoaz aritzeko.
3. erronda, larunbatean
Orain arte «alde teorikoenak» eztabaidatu dituzte, eta garbi dute «sakontze arikea alferrik ez» dela izango. Bi bilera erronda horren ondoren, ordea, hirugarrenari ekingo diote orain. Batzar horietan, alderdiaren antolakuntzaz hitz egingo dute. Aitor Garmendiak azaldu duenez, «herriko bertako gaiak landu behar ditugu, herriko antolaketa, herriko funtzionamendua eta militantzia, herriko eragileekin harremanak, udaletxeetako borroka eta gestioa…». Era berean, herri bakoitzeko hiruna ordezkari ere aukeratuko dituzte saio horietan.
Goierriko herririk nagusienetan, larunbatean egingo dituzte batzar horiek, 09:30ak aldera hasita. Lau ordu inguruko saioak izango dira. Herri txikienetan, aldiz, formatu txikiagoko saioak egingo dituzte, eta baliteke batzuk astean zehar ere egitea. Azken erronda hori bukatu eta gero, otsailaren 9ean barne hauteskundeak egingo dituzte, herrietan aukeratutako ordezkariak baieztatzeko. Azkenik, otsailaren 23an, kongresua egingo dute.
Hori guztia dela eta, batzar horietan parte hartzea «oso garrantzitsua» dela uste dute Sortzaile prozesuaren bultzatzaileek. Hala, bileretan parte hartzeko gonbitea egin diete «ezkertiar eta independentista sentitzen diren goierritar guztiei». Izan ere, ezker abertzalearen ustez, «denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuk dena eman ez dezaten».