
Goierriko hainbat udalek INMA proiektuaren saria jaso dute, egitasmoaren alde egindako lana eskertzeko. Airean edo uretan dauden kutsatzaileek, umeen eta haurdun dauden emakumeen osasunean zein eragin duten aztertzeko ikertzaile sarea da INMA. Goierrin, Zumarragako ospitalean dute ikerketa gune nagusia, eta hura laguntzeagatik saritu dituzte Beasain, Zumarraga eta Legazpiko udalak.
2006. urtean jarri zuten martxan INMA proiektua Gipuzkoan. Zumarragako ospitalean, haurdun dauden emakumeei azterketak egiten hasi ziren, lagin biologikoak hartuz eta inkestak eginez. Gipuzkoa mailan aukeratu zuten gune nagusia, Zumarragako ospitalea izan zen, Goierri beheko eta garaiko biztanleak eta Urola erdikoak ere hartzen dituelako, eta lehen mailako harreta eskaintzen duelako. Baina ingurumen ezaugarriak ere kontuan izan zituzten aukera egiterako garaian, izan ere, industria sektore indartsua duen eskualdea da, azterketa horiek egiteko aproposa.
Proiektua martxan jarri zenetik, 640 emakumeri egin diote jarraipena Zumarragako ospitalean, haurdunaldiaren lehen hiru hilabeteetan. Eta egun, 623 umeren jarraipena egiten ari dira.
Donostian egindako ekitaldian, Beasaingo, Zumarragako eta Legazpiko udal ordezkariak izan ziren.