Larruntzako errota, zerrategi hidraulikoa eta ogi labea berreskuratu ditu jubilatu talde batek auzolanean
Mende erdian isilik egon da Larruntzako errotaren bihotza. Ataunen ziren hamar igaretatik bat zen Errotatxo, 1667an eraikia eta 1950era arte biraka jarduna. Orain atzera martxan da, Errotatxoren Lagunak taldean bildu den hamabost-bat jubilaturen multzoari esker.
Eusko Jaurlaritzak 2003ko uztailaren 24an monumentu multzo izendatu zituen Larruntzako egitura hidraulikoak, Ataungo Udalak 1998an erosi ondoren. Geroztik Joxemiel Barandiaran Museoa kokatu dute. «Eraikin horiek abandonatuta eta egoera txarrean egon ziren museoa jarri arte. Errotatxo ere osagarri bezala moldatu dute. Museoak oso ondo funtzionatzen badu ere, jubilatu batzuek ikusi genuen Errotatxo eta zerrategia, hain altxor bitxiak izanik, ez zirela erabiltzen», dio taldeko Joxe Bikuñak.
Atzera herdoiltzen utzi gabe, udalari eta museoari laguntza eskaini, eta errota, zerrategi hidraulikoa eta ogi-labea martxan jartzea erabaki zuten.
«Onartu ziguten eta hasi ginen lanean. Errota martxan jarri genuen, baina sekulako hotsak ateratzen zituela». Konpontzaileak ez zituzten urruti aurkitu. Urbitartera etortzen ziren Konstantino Sagastume eta Jose Maria Beldarrain amezketarrei arazoa azaldu, eta erroten munduan «bikote jankintsua» denak heldu zion zartagiari. «Jubilatuok borondate onena jarri arren, amezketar bikote hori izan da, musutruk, errota martxan jarri duena. Mila esker», dio Bikuñak.
Erabat gastatuta zeuden kojineteak aldatu zituzten amezketarrek, sagar egurrez berriak eginda. Eta alerik gabe biraka ibiltzeagatik «zeharo leunduta» zegoen errotarria pikatu zuten. «Muntatu, eta artoa ehotzen zuela jarri zuten errota». Aldaparoan ere egun bat igaro zuten zirrikituak ixten, «ur jario handia» zuelako.
Zerrategia ere lanerako prest
Errotaz gain, Euskal Herrian «bi besterik» geratzen ez diren zerrategi hidraulikoa da Larruntzako beste harribitxietako bat. Zeraingo Larraondokoaren «senidea» da, funtzionamenduz mota berekoa delako.
Uraren indarrez mugiarazten ziren hango zutikako zinta-zerra, zerra zirkularra, tonua eta lixamakina. «Zintako zerra bertikala bakarrik zegoen martxan, baina bere karroa gogortuta herdoilaren eta geldi egotearen ondorioz». Gurdia koipeztatu, pieza batzuk zuzendu, eta atzera-aurrera mugimenduan ipini dute enborrak zinta-zerratik pasatzeko tresna.
Lixamakina eta tornua ere konpondu nahi dituzte, «eta ahal bada zerra zirkularra». Multzo osoa urez elikatzen duen ubidea eta aldaparoa ere garbitu dituzte.
Horiez gain, Ola errotaren atzean zegoen ogi-labea ere berritu dute, gainaldea sabaia eta ate berria jarrita. «Lau-bat aldiz txistordun opiltxoak prestatu ditugu, eta behin gaztainak erre ere bai, haurrei eta bisitariei emateko».
Izan ere, Barandiaran Museoaren eskaintzaren barruan, ondare horiek ere erakutsi nahi dituzte. «Bisitariei erakutsi uraren bidez nola mugitzen den errotarria, turtuki edo turbina bitartez… Turbina agerian egoteak ezin ahaztuko ikuskizuna sortzen die gaztetxoei eta baita larriei ere».
Konpondu beharreko gehiago
Elkarlanean eta borondatez orain arte egin dituzten lan bikainez gain, «gure indarrez kanpo» dauden arazo gehiago sumatu dituzte, eta konponbidea lortu ahal izateko azaldu dituzte.
Urak «ihes egitea» da arazo larrienetako bat. «Udan, Uharkaingo presatik ehun metro inguruan, erreka erabat lehortu eta ura desagertu ondoren, presa azpiko eskuin aldetik ihes egiten du urak. Badirudi gure aurrekoek ere arazo bera izan zutela. Iturritzako putzutik ubidean ekartzen zuten ura, 200 bat metroan».
Gaur ere «irtenbide onena eta luzarora merkeena» antzeko obra litzateke, Errotatxoren Lagunen iritziz. Kostua «12.000 euro inguru» luke. Iaz, momentuko soluzio bezala, motobonba bat erabili zuten, Errotatxo barreneko putzutik aldaparora minutuan mila litro igotzeko. Aurten galarazi egin diete ura hartzeko baimena.
Uztaileko Errota Egunean martxan jarri ahal izan zuten, Lareotik jare egindako urtzari esker. Abuztuan, ez. «Ez zen iritsi urik, eta lastima handiz bisitariek errota eta zerra martxan ikusterik ez zuten izan. Lotsagarri samarra iruditzen zaigu XXI. mendean».
Bestetik, Ataungo baliabideak turistikoki eskaintzekoak direla iritzi diote, «etekin baten truke». «Mundu globalizatu honetan, gure kultura, nortasuna eta historia plazaratzen ez baditugu, korronte handiak itoko gaitu».
Turismoaren «trena» ez galtzeko eskatu dute; «gero alferrik izango dugu negar egitea». Errotar zahar maiteak bezala.
Larruntzako multzo hidraulikoa
Intereseko guneak
Larruntzako multzoa XV. mendean hasi ziren eraikitzen, Lazkao etxeko Juan Lopez eta Elbira de Gaona senar-emazteek (Balmedianoko markesak), eta Ataungo Kontzejuak erdibana.
- Errota. Lehenengoetako eraikina izan zen Larruntzan. XVI. eta XVII. gizaldietan liskarrak izan ziren, Lazkaoko jaunak ezarritako baldintzen aurka: herritar guztiak alea errota horretan ehotzera behartu zituen, 35 errubloiko isunaren mehatxuz.
- Zerrategia-aroztegia. 1900 inguruan Martin Garaialde Zeberiok eraikia, Errotatxoren eranskin bezala eta haren urak baliatzeko. Zuhaitz enborrak ebakitzen zituzten. Zutikako zinta-zerra bere karroarekin, zerra zirkularra, tornua eta oholak leuntzeko lixamakina zeuden. Gaur ez badago ere, badirudi esmeril bat bazela.
- Ogi labea. Ola errotaren atzeko aldean dago. Lazkaoko jaunak berarentzat ogia egiteko prestatu zuen.
- Burdinola. Errotarekin batera, Larruntzako jatorrizko eraikinetako bat burdinola izan zen. 175 bat urtean aritu zen lanean, harik eta 1697an erre zen arte. «Lehiakorra» ez zelako berreraiki gabe utzi zuten, eta gaur egun ez da geratzen haren aztarnarik, eskoria kozkor batzuk izan ezik.
- Ataungo errotak. Errotatxoren Lagunak taldeak Ataunen hamar errotaren berri jaso du: Eleizalde (edo Errotazahar), Errotaberri, Arrateta, Aitzarteko ur-zerra (edo Errotatxo), Dostollo barrenekoa, Artixaal, Ustatxo, Ola, Errotatxo, Aiako goiko errota, eta Aiako beheko errota.
- Irudiak: Aimar Maiz.
- Muntaia: Alex Areizaga.
- Musika: Gorka Hermosa, ‘Ura’.
- Errota, alea ehotzen./Aimar Maiz