
Legazpiko Juan Kruz ile apaindegia arte galeria bihurtu da. Orain hiru urtetik hona, artista ezberdinen lanak erakusten ditu bi hilean behin Juan Kruz Fernandez ile apaindegiko arduradunak. Orain hiru urte lehendabiziko erakusketa antolatu zuenetik, 20 bat erakusketa egin ditu. «Argazkiak, margoak, grabatuak eta eskulturak. Denetarik ekarri dugu», zehaztu du Fernandezek.
Otsaila amaitu bitartean, Joxe Luis Elexpe Pelex artista usurbildarraren margoak eta eskulturak daude ikusgai. Fernandezek aipatu duenez, «itzal handiko artista da Pelex. Gaztea izanagatik, dagoeneko ibilbide luzea egina duena».
Pelexek esan duenez, ile apaindegian erakusgai jarri dituen lanak bi bilduma ezberdinetakoak dira. Batetik, 2008an aurkeztu zuen Hotsez hots bildumako lanak daude. «Txalaparta hartu nuen gaitzat, eta hortik 70 eskultura eta 200 koadroko bilduma osatu nuen», aipatu du. Bilduma horretako pintura lanak daude ikusgai. Bolumenarekin jolasten duten margoak dira gehienak, izan ere Pelexen koadroak «oso eskultorikoak» dira. Margoaz gainera, «burdina, harea, sokak edo egurra bezalako materialak» erabiltzen ditu bere sormen prozesuan azken emaitzara heltzeko.
Gainontzekoak, une honetan esku artean duen beste bilduma bateko piezak dira. Pilotarekin zerikusia duten eskulturak egiten ari da. «Pilotak airean egiten duen mugimendua irudikatzen saiatu naiz eskultura hauen bitartez», zehaztu du.
Juan Kruz Fernandezek legazpiar guztiak gonbidatu ditu erakusketara «bezeroa izan ala ez». Eta bitartean, datorren erakusketa lotuta dagoela aurreratu du. «Idoia Beratarbideren lanak izango dira ikusgai», artea herritarrei gerturatzeko helburuarekin.