Amiantoaren eraginez hil den 24. langilea omendu dute CAFen
CAFeko langileek, joan den abenduan hil zen Patxi Buldain lankidea omendu dute gaur, Amiantorenei eskulturaren ondoan. Lantegi horretan, amiantoaren eraginez hil den 24. langilea da. Senideak eta lankideak bertan zirela, lore eskaintza eta elkarretaratzea egin dituzte.
CAFeko enpresa batzordeko ordezkariek azaldu dutenez, Buldain, “bere lan bizitza guztian amiantoarekin lanean aritu zen arren, inork ez zion amiantoak izan zitzakeen ondorioen berri eman”. Duela urtebete jubilatu zen Buldain, eta pasa den abenduan hil zen. CAFeko langileek azaldu dutenez, “hala eta guztiz ere, kaltetutako langileak eta bere familiak epaitegietara jo behar izaten dute dagozkien eskubideen aitortza lortzeko, hau da, gaitz profesionala dela aitortzeko, eta dagozkien kalte-ordainak eta prestazioak eskuratu ahal izateko”.
Egoera horren aurrean, “injustizia” egoera honekin bukatzeko eskatu dute, “amiantoak kaltetutako familiek horrelako umilaziorik” jasan behar izan ez dezaten. Zentzu horretan, Europako zenbait herrialdetan kaltetuentzat sortu dituzten konpentsazio fondoen moduko bat sortzea beharrezkoa dela uste dute, “kaltetutako langileei bizirik dauden bitartean dagokiena aitortu ahal izateko”. Ekitaldia bukatzeko, Buldainen lankide batek idatzitako bi bertso kantatu zituzten.














