
Iazko denboraldiko bi oilarrak, Ampo Ordizia eta Quesos Entrepinares, aurrez aurre ariko dira igande honetan, Altamiran. Lehia estua eta bizia espero dute, Valladolideko taldea denboraldi ona egiten ari baita –2. dago sailkapenean–. Partida 12:00etan hasiko da.
Ampo Ordizia, Gernikako porrota ahazten saiatuko da, eta bide batez, Quesosen aurka errebantxa hartu nahiko dute Axio Arañaren mutilek, izan ere, elkarren aurka aurten jokatutako bi partidetan galtzaile atera baita, bai Superkopako finalean eta baita ligan ere.
Baja dezente Ordizian
«Quesos aurkako partida jokatzeko gogo handia dago taldean, hori da egunotan sumatzen dena. Badakigu irabaztea zaila izango dela, eta are gehiago jende dezente min hartuta daukagula aintzat hartuta», adierazi du Axio Arañak. Ignas Darkintis osatzen ari da belauneko lesiotik, Joan Tudela Espainiako selekzioarekin ari da eta Clinton Sillsek ezingo du jokatu ziurrenik –zigortuta dago hiru txartel hori ikusteagatik–, baldin eta Ordiziak jarritako helegitea aintzat hartzen ez badute.