Azaloreak ez dio hotzari beldurrik
Lierni Elortza – Azokako berriemalea
Garaian garaikoa izateak duen abantailak askotan aipatzen ditugu txoko honetan, baina benetako negu giroa denean, oraindik ere nabarmenagoa izaten da aldea. Adibideetarako, Barazki Bizidunak postuko azaloreak. Berrobin baratzea eta negutegiak dituen Mapi Gartziak bat bereziki erakusgai zuen. Saltzeko handiegia ere izan zitekeen, izan ere, otordu bakarrean bukatzeko koadrilla polita beharko bailitzateke –argazkiak jasotzen duen pisua lekuko, ia 6 kiloko azalore burua–. Gartziak azaldu duenez, «irailean aldatutakoa da, eta azken hauek, justu geratu ziren hutsuneak betetzeko sartu genituen; bildu ere beranduxeago bildu ditugu, baina ikusten den bezala ondo baliatu dute denbora hori». Maitasun handiz landatutakoa dela zioen, umorez.
Gainerakoan, askoren ustearen kontra, neguko produktuen eskaintza zabala da, bereziki barazkietan: borraja, zerba, ziazerba, aza, brokolia, bruselaza, atxikoria, azalorea, porrua, kardua, eskarola, rukula eta abar. Azenario batzuk ere ikusten dira oraindik. Hemengoak direla seinale dute, itxuraz ez baitira hain dotoreak; hala ere, gehienek kanpokoak dituzte salgai, eta askok ale bat bera ere ez. Baratzuri freskoak ere ikusten dira zenbat salmahaietan, baina hainbeste eurik ez diela onik egiten nabari zaie, horitzen ari baitira.
Bitxikeria: Guaraná hautsa
Uliako Labea postuan, eskaintza berri bat aurkeztu zuten joan den astean: Guaraná hautsa. Amazoniako indigenek mendeetan erabili izan duten fruitu baten hautsa da. Josep Balartek azalpen ugari ematen zituen eskaintzen dituen onurei buruz: «Lehortu ondoren xehe-xehe egin eta ur, infusio nahiz fruitu zukuekin nahasiz hartu ohi da; goizetan-eta eguneko energia izaten da». Probatzeko ere ematen zuen, asteazken goizero bezala egin ohi duen mate beroarekin nahastuta. Dietetika eta belar dendetan ezaguna omen da hauts mota hori. 50 gramoko ontzia 6 euroan aurki daiteke salgai Ordiziako ferian.














