
Goierrin, datozen egunetan, herri denetan ikusiko dira mozorroak. Guztien artean, hiru jai azpimarra daitezke: Segurako hartzaren esnaera, Legazpiko Gazte Asanbladaren mozorro jaia eta Beasaingo La Salle eskolako Izartxo konpartsaren desfilea.
Segurako herri eskolan bihar goizean egingo duten jaiaz gain, herri osoa hartza noiz esnatu zain egongo da. Arratsaldean hartuko dituzte hartzazaina zein uxatzailea, eta hartza berari ongi etorria egin ere. Beranduago, hartza Aizkorri aldera bidali eta gero, mozorro jaia lehertu, eta gaueko ordu txikietan amaituko da.
Legazpiko Gazte Asanbladak, orain bost urte, larunbateko inauteri festa berpiztu asmoz, gai bat aukeratu eta gazteak desfile berera batuko zituen egitasmoa martxan jarri zuen. Dagoeneko Iruñeako San Fermin festa, olinpiar jokoak, beldurra eta itsasoa eraman dituzte Legazpira. Etzi, Estatu Batuetako mendebaldeko kontakizuna hizpide, indioz eta bakeroz populatuko dute herria. Jokin Zabala, Legazpiko Gazte Asanbladako kidearen arabera, «gai bat hartuta herriko gazteen inplikazioa bilatu genuen, eta lehenengo urteko arrakasta ikusita, urtez urte inauteria antolatzen jarraitu dugu».
Beasaingo La Salle eskolako etziko desfilea ere ez da nolanahikoa izango. Aurten 528 lagun bilduko dira Izartxo konpartsara; tartean, maila guztietako ikasleak eta gurasoak, baita laguntzaileak ere. Hiru hilabete eman dituzte desfilea prestatzen: dantzen koreografia egiten, karroza muntatzen, mozorroak eskuratzen eta ibilbidea atontzen. Ibilbide horretan San Inazio kaletik abiatuta, Beasaingo hirigunea zeharkatuz, Bideluze plazaraino eramango dituzte inauterietako umorea eta koloreak.
Inauteriak Goierrin
- Ataun: Joxemiel Barandiaran herri ikastetxea. Bihar, 09:30ean mozorro jaialdia Herri Antzokian.
-Andramendi ikastola. Bihar, 16:00etan, ikastolako atarian dantza emanaldia. Jarraian talo jana.
-La Salle ikastetxea. Etzi, 16:00etan, eskolako atarian elkartuko dira, eta Izartxo inauterietako konpartsa aterako da eskolatik. 16:45ean San Inazio auzotik abiatuko dira.
-Murumendi ikastetxea. Datorren asteartean, otsailak 12, 14:45ean, dantzaldia eskolan.
-Lizeoa. Datorren asteartean, arratsaldean, kalejira egingo dute Beasaingo kaleetan zehar eta ondoren, Mielontxin erreko dute Loinazko San Martin plazan.
- Gabiria: Balentzategi herri eskola. Bihar, 14:45ean, inauterietako festa egingo dute ikasleekin.
- Legazpi: Legazpiko Gazte Asanblada. Etzi, 12:30ean elkartuko dira. 14:30ean bazkaria Aitxurin. 17:00etan desfilea aterako da Laubide auzotik. (Biharko eskoletako desfileak bertan behera geratu dira eguraldi txarragatik).
- Legorreta: Ugaro eskola. Bihar, 15:00etan, inauterietako desfilea egingo dute herrian barrena.
-Urdaneta ikastetxea. Asteartean, 15:00etan, desfilea Buztuntzatik abiatuta. Gaia: itsasoa.
-Jakintza ikastola. Bihar, 15:00etan, mozorro desfilea.
-Laiotz herri eskola. Bihar, 15:00etan, ikasleak eta irakasleak kalejira egingo dute mozorrotuta. Plazan abestiak eta dantzak, eta ondoren txokolate jana izango da.
-Hartzaren esnaera. Bihar, 18:30ean, hartzazainari eta uxatzaileari ongi etorria Errementari parean. Plazan hartzari ongi etorria egingo diote, dantzarien emanaldia eta hartza Aizkorriratuko dute.
-Lurra dantza taldea. Etzi, 09:00etan, Lamiako inauteria baserriz baserri.
-Haurrentzako dantzaldia. Etzi, 18:00-21:00, dantzaldia, karaokea eta mozorro lehiaketa Ederrena frontoian.
- Zaldibia: Lardizabal herri eskola. Bihar, 14:00etan argazkiak ateratzea, eskolan. 14:30ean desfilearen hasiera.
- Zumarraga: haurrentzako dantzaldia. Bihar, 16:30-19:30, Tirapuren eskutik, Beloki pilotalekuan.