
Uda honetan atez ateko hondakin bilketa sistema pertsonalizatua martxan jarriko da Seguran, Eluska Gerriko alkateak eta Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko lehendakariak ezagutzera eman dutenez. Lehenago herritarrek euren ekarpenak egin ahal izango dituzte. Horretarako, asteazkenean parte hartze prozesua abian jarriko da.
Segurako Udalak herrian hondakinak gaika biltzeko ahalik eta sistemarik egokiena jartzea erabaki zuen duela hilabete batzuk. Sasietak Kataluniako Spora enpresari bideragarritasun azterketa eskatu zion eta Udalak berriki jaso du lan hau. Dokumentua aztertu ondoren, atez atekoaren aldeko hautua egitea erabaki du. «Azterketak garbi erakusten du atez ateko gaikako bilketa ezarriz, sistema asko hobetuko dela», aipatu du Gerrikok.
Batetik, merkeagoa dela dio alkateak. «Bilketa garestitzen bada ere, hondakinen tratamendua nabarmen merkatzen da eta birziklatzeak trukean ematen dituen diru ekarpenak handitzen dira».
Bestetik, birziklatze tasa «izugarri» handituko dela uste du. «Posible izango da gutxienera ere %73 birziklatzea, hala gaur egungo tasa 37 puntutan handituz. Bosgarren edukiontziarekin %36 bakarrik birziklatzen dugu».
Papera, ontzi arinak, materia organikoa eta birziklagarria ez den errefusa Mankomunitateak doan banatuko dituen kuboetan jasoko da. Beira, etxeko olioa, pilak eta arropa, berriz, orain arte bezala bilduko dira: edukiontzietan. Landa guneei dagokienez, kuboak erabili ordez, gaikako bilketa egiteko guneak egokitzea proposatu du Sasietak. Merkatari eta ostalariek teknikari baten laguntza jasoko dute.
Hondakinen gaikako bilketa sistema martxan jarri aurretik, parte hartze prozesua egingo da. Izan ere, Sasieta Mankomunitateak aukera desberdinak onartzen dituen atez atekoa proposatu die eskualdeko udalei.
Parte hartze prozesuan kuboak non utzi (lurrean ala zintzilikarioetan), egutegia, ordutegia, maiztasuna, papera eta kartoia nola jaso, hobariak, neurri zuzentzaileak, kaleko zakarrontziak, egun berezietan zer egin… izango da hizpide.
Itsasondoko, Legorretako eta Zaldibiako bizilagunek dagoeneko atez atekoari buruz eztabaidatu dute, baina Segurak badu berezitasun bat: hiribildua dela, alegia, eta bere kasko historikoa babestua dagoela.
Andonegik kasko historikoa «oso garrantzitsua» dela eta horrek erabakiak baldintzatuko dituela aitortu du, baina sistema malgua dela eta Seguraren ezaugarrietara ondo moldatuko dela ere esan du.
Sasietako lehendakariak eraikin historikoen aurrean ez direla zintzilikarioak ipiniko eta ormetan ez direla kakoak jarriko aipatu du. Spora enpresakoek Seguraren berezitasunak kontuan izan dituzte eta bi aukera eskaini dituzte: kuboak atari barruan edo aurrean uztea, lurrean, edo horientzako gune jakin batzuk egokitzea. «Helburua inpaktu bisuala ahalik eta txikiena izatea da. Kuboak gaur egun hutsik dagoen lokalen batean utzi daitezke, adibidez».
Gerrikok beste herri batzuetan zer erabaki duten jakitea komeni dela azaldu du. «Hernanik ere alde zaharra du, adibidez. Eginda dagoen horretatik ikasi behar da», amaitu du.