
Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzeko 3.133 eskaera aurkeztu dira, iaz baino 1.000 gehiago. 2.936 gizonezkoak dira eta 197 emakumezkoak. 1.204 euskal herritarrak dira eta horietatik 730 gipuzkoarrak. Kanpotarrei dagokienez, 945 kataluniarrak dira. Hegoafrika, Finlandia, Lituania, Polonia, Armenia, Austria, Holanda, Ingalaterra, Italia, Frantzia, Suitza, Alemania, Errusia, Portugal, Espainia eta AEBtako kirolariek ere izena eman dute. Zozketa otsailaren 22an egingo da, 19:00etan, Zegamako udaletxean.
Aurten ere munduko korrikalari onenek parte hartuko dute. Kilian Jornet munduko txapelduna Zegaman izango da, adibidez. Tom Owens, Luis Alberto Hernando, Miguel Heras, Andy Symond, Tofol Castañer, Marco di Gasperi eta Toru Miyaharak ere parte hartuko dute. Emakumezkoei dagokienez, Oihana Kortazarrek, errekorra duen Emanuela Briziok, Nuria Picasek eta Anna Frostek parte hartuko dute, besteak beste.
Aurten ere 16 eta 18 urte bitartekoen proba antolatuko da. Maiatzaren 26an izango da, 10:30ean. Ibilbideak 10,4 kilometroko luzera eta 1.016 metroko desnibela izango du. Parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera dute oraindik. Salomon Junior Team taldeak irabazlea fitxatuko du.