
Zubialde eremua eraberritzeko lanak hasi dituzte berriz Legazpin. Hirigintza lanak dira bertan egingo dituztenak, ingurunea atontzeko eta erabilgarriago egiteko helburuarekin. Ane Mendinueta Legazpiko udaleko arkitektoak zehaztu duenez, «musika eskola atzeko espaloia zabalduko dute, errepidea konpondu eta argiteria berria jarri», besteak beste. Lanak hasita daude dagoeneko, eta hilabete batzuetan luzatuko direla aurreikusten da.
Zubialde eremuko proiektua, dena den, lehenagokoa da, Legazpiko Udalak 2006an onartu zuena. 2006 amaieran hasi zituzten lanak eta 2008ko udaran gelditu zituzten, egin beharrekoak bukatzeke. Bitarte horretan enpresak gaur egun bistara dauden lanak egin zituela zehaztu du arkitektoak: «lur mugimenduak egitea, Renfe azpiko horma eta aurreikusita zeuden etxebizitzen lehenengo blokea altxatzea eta eta honi zegozkion hirigintza lanak egitea», aipatu ditu.
Hasitakoa bukatzeko
Lanak bertan behera gelditzearen arrazoia «krisi ekonomikoari» egotzi zioten orduan. Orain, bost urte igarota eremu hori «egoera eskasean» dagoela ziurtatu du arkitektoak. Horregatik, eraberritzeko lanei berriro ekin diote. Proiektuan zehazten zenez, «Andraitz enpresa paretik hasi eta geltokiko aldaparaino errepide bat egingo da; eta norabide berean bidegorri bat eta oinezkoentzako espaloia bat ere bai», aipatu du Mendinuetak. Lan horiei dagozkien hirigintza lanak ere amaitu eta txukunduko dituzte.
Aurreikusita zeuden lan horietatik at, beste behar batzuk ere sortu dira. Horrela, «musika eskola atzeko espaloia zabalduko da, errepidea konponduko dute eta tarte horretan argiteria ere sartuko da, oso ingurune iluna baita», azpimarratu du arkitektoak.
Lanak hasita daude dagoeneko eta Mendinueta data zehatzik ematera ausartu ez den arren, «hilabete batzuetan» luzatuko dela zehaztu du, «urte amaierarako bukatuta» behar dutela zehaztuz. Lanek bizilagunei ez die, momentuz, eragozpenik sortuko.