![IMG_4975](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/02/IMG_4975.jpg)
EAJ-PNV eta H1! alderdiek prentsaurrekoa eman zuten atzo arratsaldean, Beasaingo aurrekontuen inguruan duten jarrera azaltzeko. Aitor Aldasorok hitz egin zuen eta hiru puntu azpimarratu zituen.
Lehenik “normalizazioa” aipatu zuen, EH Bildu alderdiak PP eta PSE alderdiekin akordioak egin dituela eta “horrek berdindu” egiten dutelako alderdi guztiak. Bere esanetan “garrantzitsua da emandako pausoa, orain dela ez asko konplize bezala salatzen gintuzten GAL sortu zutenekin paktatzen genuelako, gaiak aurrera eramaten genituelako edo espainoltzat jotzen gintuzten PPrekin adosten genuelako”. “Ongi betor normalizazio hori”.
Bigarren puntu bezala, aurrekontuen aurrean euren jarrera “abstentzioa” izan dela, eta aurrekontu hauek, “ihazkoak bezala, estrukturalki gureak dira, aurreko legegintzaldietako aurrekontuekin alderatuz gero estrukturalki berdinak dira: Aldaketak oso-oso txikiak” izan direla esan zuen. Horrek euren ikuspegirako “nolabaiteko onarpen bat” badu ere, “abstentziora jo dugu”, zioen. “Ezezkorik ere ez dugu eman, eta guretzako garrantzitsua da aurrekontu hauek ez oztopatzea” “Bilduri aurrekontuak kudeatzeko aukera eman behar zaiola” uste dutelako. Hori esanda, aurrekontuei baiezkorik ez ematearen arrazoi nagusia “oraindik aurreko urteko aurrekontua gauzatu gabe dagoela, estrukturalak izan arren estrategiko diren hainbat gai ez dituztelako aintzat hartzen”: “langabeziarentzako ez dago aparteko funtsik” zioen.
Baiezkoa ez ematearen beste arrazoi batzuk honakoak zirela azaldu zuen: PSErekin egindako negoziaketaren ondorioz Udalbiltza eta Udalbideren partidak erabat kendu dituztela aurrekontuetatik. “Gure ustez abertzale baten ikuspegitik larria da, Lizarraren garaitik Udalbide eta Udalbiltzaren partidak politikoki zazpi herrialdeen ikuspegia ematen zielako aurrekontuei”. Adibide bezala “Euskal Herria Irratira ematen genuen diru laguntza, Iparraldeko ikastoletara bideratzen zen diru laguntza, bai Nafarrora edo Iparraldera bideratzen zen edozein ekimen kulturaletarako diru laguntza ezabatu dela”. “Ez dugu normaltzat jotzen eta ez dugu onartzen”. “2004 urtean Zapateroren abokatuek lortu ez zutena, partida horiek ezabatzea, PSErekin egindako itun batek Beasain mailan lortu duela” esan zuen.
Hirugarren puntu bezala, “orainik ere itun hori sinatu dutenen artean jendea bizkarzainekin dabilela” jarri zuten eta “ondo hartuko genuke itun horretan lehenengo puntua bizkarzainak kentzeko bideak egitea izango balitz”. Bizkarzain horiek Espainiako Gobernuak ordaintzen ditu, baina, “hala ere denon poltsikotik ordaintzen ditugula” gogorarazi zuen eta “alde ekonomikoaz gain, alde etikoa” ere funtsezkoa zela esan zuen.
Bilduri ” aurrekontuetan zorroztasuna, bideragarrritasuna eta eraginkortasuna” eskatzen jarraituko dutela esan zuen Aldasorok. Bukatzeko “keinuz jositako politikak alde batera uzteko eta gestioan murgildu daitezen” eskatu zien.