50 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute sagarrondoak kimatzeko ikastaroan
Gabiriako Erbie elkarteak eta Goimenek antolatutako sagarrondo inausketa eta kimatze ikastaroan 50 lagun baino gehiagok eman dute izena. Parte hartzaileak bi taldetan banatuko dira. 40 lagun bihar elkartuko dira eta gainontzekoak etzi, Erbie elkartean bertan. Saioak 15:45ean hasiko dira eta 19:00etan bukatu. Ostegunean Josu Osak emango ditu azalpenak eta ostiralean Gabino Muruak.
Egun batzuk barru, berriz, saio praktikoa egingo da herriko sagasti batean. Parte hartzaileek zehaztuko dute non eta noiz egin.
Osa ezaguna da gabiriarren artean, errezil sagarraren ferian ere ikastaroa eman baitzuen gai honen inguruan. Bertan izan zuen arrakasta dela eta, berriro deitzea erabaki zuten. Izan ere, orain da inausketa eta kimatze lanak egiteko garaia.
Ekimenak espero baino erantzun hobea jaso du. «Hamabi bat lagun elkartuko ginela uste genuen eta, azkenean, 50 baino gehiago izango gara. Datorren urtean beste ikastaro bat antolatuko dugu», aipatu du Murua antolatzaileak.
Gabiriako jendeak ez ezik, Legazpi, Zumarraga, Segura, Beasain eta Zarauzkoak parte hartuko du, besteak beste. «Parte hartzaileek sagarrondoak nola edo hala kimatzen dituztela esan digute, ez dakitela ondo edo gaizki ari diren. Horregatik erabaki dute izena ematea».
Izan ere, kimatze lanak ondo egitea komeni da eta Interneten oso informazio gutxi dago. «Sagarrondoak ondo zaintzea funtsezkoa da. Kimatze lanak zuhaitzaren lehen hiruzpalau urteetan dira garrantzitsuak, batez ere. Urte horietan ematen zaio itxura arbolari».